Kontzeptua

Euskal Herriko Historia: Aro Garaikidea

Francoren heriotzaren ondoren itxaropen horiek guztiak zintzilik zeuden. Hortik eratorri zen prozesu politikoa, hala ere, aldaketa sakon baten jarritako itxaropena ez zituen erabat asebete. Estatu mailako indar politikoen, UCD, PSOE eta PCE, gehiengoak bultzatutako erreformismoak Euskal Herrian gehiengoaren berrespenik izan ez zuen konstituzio testu bat ekarri zuen. Euskal lau lurraldeen autonomiarako sarbide bateratsu eta berehalakoa eragotzi egin zen. Konstituzioaren edukitik eratorri zen Autonomia Estatutua lurralde mailan Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara besterik ez zen egokitu eta bere onarpena ez zen erroldaren %60ra iritsi, Nafarroarako erabaki zen Foruaren Hobekuntza onartua izan zedin erreferendumik ere egin ez zen bitartean.

Hegoaldeko euskal lurralde zatiketa zaharra berriz ere Estatuaren indarrez eta juridikotasunez ebatzia zen. Laurogeigarren hamarkadako esparru politiko berriari abertzaletasun burujabe berria ordezkatzen zuten Herri Batasuna bezalako siglak gehitu zitzaizkion. Sigla horiek hamarkada horretako hauteskundeetan autonomia politikak eta urte horietan zehar azken mendean euskal ekonomia nabarmendu zuten industria oinarriak zapuztu zituen ekonomia krisiak eragindako atsekabea jaso zituen. Estatuko beste eremu batzuekiko politika eta kultura ezberdintasunak erabat nabarmenak izan ziren, alderdi abertzaleek hauteskunde-indar handia izanak EAJk beti buru izan den Jaurlaritzak eratzea ahalbidetu baitu; hirurogeita hamarreko urte istilutsuen eskarmentutik sortutako gizarte mugimendu ezberdinak dinamika politikoa baldintzatu zuen ikaragarrizko aktibismoa garatu zuten; ETAren ekintza armatua, normalizazio politikorako eta bakegintzarako irtenbide egonkorrak ezartzeko gai izan ez ziren euskal eta espainiar politikaren elementu aztoratzailea izaten jarraitu zuen. langabezia tasa handia, aurretiazko ekonomia paisaia aldatu zuten ekonomia sektoreen berregituraketa eta industria sarearen ezabapena bezalako ekonomia krisia luzearen (1975-1986) ondorioak gaindituz joatean, ekonomia ekintzarako urrats berriak nagusituz joan ziren. Hirugarren sektorearen ekonomia-hedapen sendoari, industria sektore garrantzitsu baten mantenuaren kaltetan gabe, behin-behinekotasun maila ikaragarridun lan-harremanen ezarpenak sortu dira. Horrek guztiak, demografia dinamika urri eta luzea inola ere elikatzeko gai ez zen lanaren merkatua partzialki betetzera etorri izan den etorkin multzo handiei, emakumeei eta gazteenak diren langileei jarraitutasunerako irtenbiderik gabe eragiten die. Nafar eta euskal autonomia lurraldeko eremuen garapenak Eusko Jaurlaritza desberdinen eta alderdi politiko guztien agendak ezarri ditu. Osasun, hezkuntza, azpiegitura, komunikabide edo administratibo edo ogasun sistemen sendotzea egungo autonomia sistemaren ezaugarri nabarmenetariko bat dugu, gure hurbileko historian beste antzekorik ezagutzen ez dena izanik. Etorkizun hurbilera begira, Euskal Herriaren "trantsizio amaigabea" bezala izendatu dena behin betirako ixtea ekarriko lukete euskal lurraldetasunarekiko eraketaren, autonomiaren erabateko garapenaren eta autodeterminaziorako eskubide demokratikoaren egikaritzari dagokion bezalako eskari politikoei erantzuna emango lioketen ekimenek.