Kontzeptua

Euskal Herriko Historia: Aro Garaikidea

Euskal nazionalizazio prozesua urte horietan zehar ezarri zen. Gizarteko sektore desberdinak kultura eta historia-nortasun berezia zuen eraldatze bidean zegoen gizarteko euren partaidetzaz jabetu zirenean gauzatu zuten. Mendearen amaiera aldera prozesu hori guztia Euzko Alderdi Jeltzalearen inguruan abertzaletasunak ordezkatutako proposamen politikoan gauzatzera etorri zen.

Nazio-arazoa zeritzanak, foru-doktrina eta -erregimenen berrantolaketa eta antzaldatzearen testuingurua iragan historikoaren berrinterpretatzearekin eta oroitzapenarekin nahasiz oinordetzen zituen. Alderdi politiko abertzalearen parte hartzeak, ideologikoki abendaren, hizkuntzaren, lege zaharren eta euskaldunen nortasun historikoaren iraupenean oinarritua, sistema txandatsu aren jarduera zaharra eraldatu egin zuen. Sozialismoa izan zen politika eta gizarte mailan mende bukaerako Euskal Herrian agertu zen beste mugimendu berria. Ustiaketarako baliabideen sozializazioaren aldezpenak, gizarte-mailen iraultzak eta hobekuntza sozioekonomikoen aldarrikapenak, langile-aldren artean erakunde sozialistei ospea eman zioten, batez ere garai hartan Bizkaian kokatutako kanpotik etorritako gizakiek. Erakunde horien patroiekiko liskarrak protesta-ekimen ugari sorrarazi zituen, greba garrantzitsuak ere izanez.

XX. mende hasierak aipatutako joera sozioekonomikoak indartu egin zituen. Industria garapen ikaragarria jasan zuen Bizkaiko lurraldeak, espainiar burdingintza-ekoizpenaren zati handi bat bereganatu zuen. Bilbok 80.000 biztanle zenbatu zituen eta kanpotarren etorrera ez zen gelditu. Industrializazioaren ondorioak Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako ipar-ekialdeko eremu mugakideetatik zehar hedatu ziren hurrengo hamarkada bietan, mundu mailako gudatearen aldeko egoerak eraginda. Ekoizpen-sektore guztiak hedakuntza garaiak bizi zituzten: ontzigintzak, industria hidroelektrikoak, pneumatikogintza, porlanak, papergintza industriak, trenbide-materialak, etab. Euskal finantza kapitalak Herriko enpresa handietako kudeaketa eta prestakuntzan inbertitzaile, zuzendari eta zuzeneko partaide gisa jardun zuen.

Ekonomia garapen horren gizarte-, demografia-, eta kultura-mailako eraginak ikaragarrizkoak izan ziren. Politikoki ere, zeren karlistak politika eszenatokira 1886an indartsu etorri baziren ere, talde errepublikarrak, euskal abertzaleak eta sozialistak, talde liberal eta kontserbadore oligarkikoen nagusitasuna nabarmenago mehatxatzen zuten, horrekin sistema berrezarkuntzagilearen oinarriak arriskuan jarriz. Laster, Euskal Langileen Elkartea eta CNT bezalako erakunde sindikal berriak agertu ziren: ugetarrak eta solidarioak ere euskal langileen gizarte-mailaren gehiengoaren aitorpena eta elkartasun-adierazpena jaso zuten. Hala ere, Hegoaldean barne eta itsas aldearen arteko gizarte egoera oso ezberdina zen; gauza bera gertatzen zen Iparraldearen eta Hegoaldearen artean ere.

Antzinako foru sistemaren aztarnek, Foru Aldundiei euren barne jarduerarako baliabideak izatea ahalbidetzea ekarri zien Ekonomia Hitzarmenaren bitartez Nafarroan eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Ekonomia Itunaren bitartez, hego pirinioko lurraldeetako Aldundien ogasunarekiko eskuduntzaren zaintza aurreikusten zuten. Mundu-guda amaitzean nolabaiteko autonomiaren aldarrikapenak une batez porrot egin zuen. Primoriveratar diktadura militarraren ezarpenaz, euskal burgesiak gizarte ordena berrezartzeko eta ekonomia politika protekzionista baten aldezpenerako urrezko abagunea ikusi zuen. Erakunde ugetistak gizarte kooperatibotasunaren proposamen ofiziala onartzen zuten bitartean, diktadura militarraren erregimena izanaren ondorioz abertzaletasunaren politika-jarduera egikaritzea ezinezkoa izan zen.

1931ko apirileko errepublika erregimen demokratikoa ekarri zuten hauteskundeen ondoren egoera guztiz aldatu zen, euskal herri handietan oso ospatua izanik. Alderdi-sistemaren politika-eraketa berria euskal abertzaletasunean, errepublika-sozialista antolaketetan, eta, eskuindar erakundeetan, Nafarroan eta Araban izandako karlismoa nabarmendu beharra izanik, oinarrituta eratu zen. Autonomia aldarrikapenak Estatuaren lurralde hezurmamitzearekin, erlijio gaiarekin eta nekazaritza-berrikuntzarekin batera, unean uneko lehentasunetariko bat izan ziren. Gerora Lizarrako Estatuaren oinarri izan zen Eusko Ikaskuntzak gauzatutakoa edota Aldundietako Gestorak babestutakoak bezalako estatutu egitasmo anitz egin ziren. Gai honi buruzko politika sentiberatasun desberdina eta, gerora, 1931ko abenduan espainiar konstituzioan ezarritako esparrua, euskal autonomia Estatua eraiki ahal izateko lurralde esparru bakarra berehala lortu ezina onetsi zen Iruñan 1932ko ekainean egindako batzarraren atari izan ziren. Politika dinamikak ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzako Autonomia Estatutuaren berehalako ezarpena bideraezin egin zuen. Fronte Popularraren hauteskunde ondorengo garaipenaz geroztik, estatutuaren testua 1936ko urrian onartu ahal izan zen, guda zibil betean, Gipuzkoako lurraldearen esparru zabal bat matxinatuen eskuetan zenean, eta Araba eta Nafarroa asaldatuen esku gelditu ziren bitartean.

II. Errepublikan zehar, nekazaritza-aldaketaren aplikazioaren aldeko eskabideari so zegoen baserritar aldarrikatzaileen eta industria-guneetan antolatutako langile-aldrari esker gizarte-gaiak garrantzi berezia izan zuen. Nekazaritza-aldaketa nafar nekazari txiroen amua izan zen, gehien bat UGTn bazkidetutakoak eta XIX. mendean zehar pribatizatutako herri-ondasunak eta korralizak berreskuratzeko itxaropendunak alegia. Industria sindikalgintzaren indarra handia izan zen. UGTk 1933an ia 58.000 bazkide zenbatu zituen, gehienak Bizkaian; Euskal Langileen Elkarteak bere aldetik 1935ean 37.000 bazkide zituen; egoera sindikala CNTi uztartutako langile-aldra batzuekin osatzen zen eta beste Sindikatu Profesional batzuetara bazkidetutakoekin ere.

1932 eta 1933an, langileen langabezia maila handiko ekonomia krisia gogorraren uneak izan ziren, bai baserri aldean eta meatzaritzan, bai burdingintzan eta eraikuntzan ere. Egoera sozioekonomikoaren okerrera egitea, agintaritzako koalizioaren politika hondatzearekin elkartu zen. 1933ko azaroko hauteskunde orokorretatik eratorritako emaitzak alderdien euskal sistemaren berezitasunari buruz ez dute zalantza izpirik uzten. Sistema hori sozialista eta errepublikarrek, abertzaleek, eta eskuindar katoliko eta monarkikoz osatutako triangelua dugu. 1934an zehar izandako gizarte borrokak aldez aurretik saiatutako gizarte-erreformak izoztera bideratutako zentro-eskuineko gobernuen politika agerian utzi zuten. Nekazarien ekaineko grebak nafar corralicera izeneko esparruan eragina izan zuen, urriko greba nagusi iraultzaileak bizkaitar ibaiaren ezkerraldea, Eibar eta Arrasate bezalako eremurik industrializatuenean eragin sendoa izan zuen bitartean. Ekintza horien ondoren izandako errepresio ikaragarria izan zen eta hainbat hilabetetan zehar nekazarien eta langileen erakundeen egiturak zapuztu egin zituen. Urriko ondorio horrek, hala ere, instantzia bakarren eraketan eragina izan zuen eta, azken baten, 1936ko hasieran Fronte Popularraren hauteskundeetarako koalizioaren eraketan. Urte horretako otsaileko emaitzek, EAJ erdiguneko alderdi bezala, FParen ezkerraldekoen eta eskuindarren artean, kokatu zuen, barnealdeko Araba eta Nafarroa bezalako lurraldeetan abertzaleak gutxiago ordeztuak izan ziren arren.

1933tik aurrera alboratuta gelditu ziren lehenengo biurteko eraberritzeak abiarazi izanak nabarmendu zuen 36ko udaberria. Baina gudarosteko zein gizarte-aldra nagusietako demokraziaren aurkako atalek ez zituzten hauteskundeetan izandako emaitzak onartu eta euren ahalegin guztiak eraberritze-politika erabat hondatuko lukeen estatu kolpea ematen jarri zituzten. Hilabete batzuk arinagotik iraultzaren aurkako mugimendu karlista horrelakorik prestatzen ibilia zen. Nafar erreketeak euren gudaroste, armamentu eta beste talde konspiratzaile batzuekin harremanik izanez iparraldeko frontearen erorketan eta faxisten garaipenean Molaren gudarosteari lagundu zioten. Hala ere, Nafarroaren gaineko matxinatuen nagusitasuna nekazari txiro, langile eta demokratak ziren sektoreen gaineko errepresio basatiaren pentzura egin zen, hiru mila eraildako inguru zenbatuz. Euskal abertzaleak errepublika-erregimenaren euskarri izan eta laguntza ematearen alde jo zuten, errepublikaren urteetan zehar osatzen joan ziren alderdi demokrata kristauaren gerizpean Fronte Popularrarekin tratuan ibili eta elkarlanean arituz. Armamentuarekiko proportziorik eza eta ia aire-indarrik eza izanak gatazkaren emaitza matxinatuen aldekoa izatea ekarri zuen. Gertakariak azkartu egin ziren. Irun irailaren hasieran eroriko da. Handik gutxira Autonomia Estatutua onartu eta Jose Antonio Agirre buru zen Eusko Jaurlaritza eratu zen. Erlijio-tolerantziarekin eta jabetza pribatuaren erregimenari errespetua izatearekin batera, berehala atontzeko helburuak defentsaren antolaketa eta gudarostea ziren, guzti horiek eremu leialean Eusko Jaurlaritzaren pean betez. Gernika eta Durango herrien bonbardaketa ikaragarriak azkenaren hasiera ziren. 1937ko ekainaren 19an Bilbo mendean hartu eta abuztuan Santoñan eusko gudarosteko hainbat gudarik amore eman zuten. Euskal lurraldean errepublika eta autonomia bizipenak faxismoaren garaipenez bukatu zuen.