Kontzeptua

Euskal Herriko Historia: Aro Garaikidea

Gatazkaren balantzea mendebaldeko euskal herrian demografikoki garrantzitsua izan zen. Gudan izandako gizakien galerek eta atzerriratzearen ondorioz gertatutakoek heriotza-tasa gehitu egin zuten, jaiotzen eta ezkontzen beherakada eraginez. Industria eraikuntzek, gutxi kaltetuak, eta finantza atalak 1937tik aurrera euren jarduna legedi frankista adeitsuaren babespean berreskuratu zuten, Estatu berriari eta enpresariei lantegietako lan-harremanen erabateko nagusitasuna emanez. Ekonomia alorreko edozein araubidek politika autarkikoaren jarduna ezarri zuen, urritasunaren, pobreziaren, errazionamenduaren eta merkatu beltz sortu berriaren zeinupean. Lan-indarraren gain-ustiaketa, ahultasuna eta soldata urriak langileen gizarte-mailaren eguneroko bizitza konfiguratu zuten. Aldiz, oligarkia alorreko familia ezberdinen ekonomia-itxaropena hobeagoa ezin izan zitekeen eta horren ondorioz, erregimenarekin elkarlanerako atsegina agertuz jardun zuten, ordain gisa administrazioan eta lurralde erakundeetan ere goi mailako karguak eskuratuz.

Egoera horietan barne erresistentziaren antolaketa heroien zeregina izan zen eta erregimenaren aparatu errepresiboen indarraren aurrean ia erabat ezina zen helburua. Hala eta guztiz ere, ekonomia egoera larriak Bizkaian 1947ko maiatzaren lehen egunean izandako greba (30.000 grebalaritik gora) bezalako garrantzi ikaragarrizko gizarte-erantzunak eragin zituen. Atzerrian, Jose Antonio Agirreren Eusko Jaurlaritzak errepublikar demokraziara bueltatzeko itxaropenari eutsi zion harik eta amerikarrek erregimen frankistari emandako geroago eta laguntza handiagoak berrogeita hamarreko hamarkadan erabat zapuztu zuen arte. Hamarkada horren erditik eta hurrengokoan ere Espainian ekonomia hazkundea nabarmena izan zen eta are gehiago Euskal Herrian. Lurraldeka industria hazkundea homogeneoa izan zen, Araba eta Nafarroa industria ekonomiara gehitu zitzaizkiolako. Hegoaldeko Baskonian 1960tik 1975era arte etorkin-aldra berria ezarri zen; data bi horien arteko hazkunde demografikoa ia %45 gehitu zen; gauza bera gertatu zen biztanleria aktiboaren bigarren eta hirugarren sektoreetan ere, ematen ari ziren aldaketa sozioekonomiko garrantzitsuen erakusgarri izanik. Epealdi berean Euskal Herriari egozgarria zen BEG %270ean gehitu zen, euskal industriagintzaren klasikoak ziren atalak, burdina eta altzairua, garapen horren euskarri izanik.

Gizarte mugimenduen antolaketa berria ekonomia aldaketen lagungarri izan zen. Jada berrogeita hamarrekoan greba jarduna berriro hasi zen, eliza katolikoan barne liskarrak eta oposizioaren berrantolaketarako saioak ere izan ziren. 1959an Euskadi eta Askatasuna sortu zen eta urte batzuk geroago burujabetasunaren eta frankismoaren aurkako protestaren zati handi bat bideratzea lortu zuen, 1890eko hamarkadatik aurrera Euskal Herriaren historia baldintzatu izan zuten mugimendu soziopolitiko handi biren, abertzaletasuna eta sozialismoa, uztarri bezala azalduz. Langile mordo berriek euskal langileria berri bati sustraiak eman zizkioten. USO eta CCOO bezalako erakunde berrien gunea sortu zen, ELA, PCE eta UGT bezalako beste batzuk berrindartu ziren bitartean. Frankismoaren azken hamar urteetan errepresioa ikaragarrizkoa izan zen, ETAren aurka bereziki. Baina frankismoaren polizia-ekimenak ez zuen nazioarte mailan zein barnean ere geroago eta erantzun zoliagoa zenaren aurka ziharduen erregimenaren deskreditua gelditzerik izan. Autonomia-aldezpenaren nazio-aldarrikapenak edo burujabetasunarekikoak lurralde komunean ziren erakunde abertzaleetan zein estatuko ezkerrean ere gehituz zihoazen.