Kontzeptua

Euskal Ahozko Literatura

Herri-antzerkiaren barruan, pastorala dugu garrantzitsuena. Herriari estu lotuta dago, artzain-giroarekin gehien bat. Zuberoan estima handiz gordetzen da urtero egiteko ohitura.

Egitura nahiko finkoa dauka, gaia edozein dela, beti dago ongiaren eta gaizkiaren arteko lehia, borroka. Pertsonaiak urdinak (onak) eta gorriak (txarrak) dira, bakoitzak dauka ibiltzeko modu bat, kantatzekoa, dantza egitekoa... Ate bana eta eszenatokiko alderdi bana erabiltzen dute sartu-irtenetarako. Erdian ate zuria dago, eliza eta zeruarekin zerikusia duten pertsonaiak ibiltzeko.

Eszenatokia landa batean egiten da, lauki batean, eta gainean jartzen dira musikariak, aktoreei kanta-dantzetan eta sartu-irtenetan laguntzeko. Errejenta edo zuzendaria taula gainean dago, orkestraren azpian eserita. Dena kantuz ematen da eta, argumentua garatzeko doinua oso antzekoa bada ere, asko lantzen dira pastoral bakoitzerako sortutako kantuak, baita dantzak ere.

Urtero herri batek hartzen du pastorala antolatzeko ardura, eta antzezleak herriko jendea dira. Lehenago gizonek baino ez zuten parte hartzen, baina apurka-apurka andrazkoak sartu dira normaltasun osoz. Iraupenari dagokionez ere, garai batean normala zen bi-hiru egun ematea antzezpenean. Gaur egun, ostera, pastoralak berak hiru ordu inguru irauten du, desfilea, dantzak eta guzti egun osoa ematen badute ere.

Pastoraletan era askotako gaiak erabili izan dira. Iraganean errege, santu, heroi historiko, Bibliako eta historiako pertsonaien gainekoak izaten ziren. XX. mendearen erditik aurrera batez ere euskal gai eta pertsonaiak dira ardatzak.

Hasieran lehen pheredika egiten da, aurkezpen moduko bat da, ikusleei harrera egin, ikuskizunaren berri eman eta haien arreta bereganatzeko. Eta amaieran azken pheredika eskerrak eman, txarto eginak barkatzeko esan eta agurtzeko.