Kontzeptua

Entsegugintza

Eta entsegu testuak sortzeko, berriz, norberaren eskarmentutik eratorritako iritzia behar bezala azaltzeko, gogoetagaia da funtsezkoena. Hori, eta duintasunari muzin egin gabe, bera garatu ahal izateko taxuzko hizkuntzari kasu egin behar baitzaio.

Arestian esan bezala, saiakerak ez baitu akademikoa izan behar. Jurgi Kintana historialariak idatziriko Urre urdinaren lurrina (2008) saiakera da, izan ere, egilea unibertsitateko irakaslea eta ikerlaria izan arren, bere esperientzia pertsonaletik sorturiko hausnarketa sasi fikzionatu bat labur eta zorrotz eman baitzuen izkribu horretan. Saiakera da, oro bat, Tere Irastortzaren Izendaezinaz (2008). Izan ere, Irastortzak, gure literaturako poeta jorietako bat izan arren, izendapenen gaia jorratu zuen, akademizismotik at, bere hizkuntza-estiloari oztoprik ezarri gabe. Ildo berekoa daukagu Imanol Galfarsoro ikerlariaren Kultura eta identitate erbesteratuak (2004) edo Joxe Azurmendi filosofoaren Barkamena, kondena, tortura(2012). Izan ere, filosofia edo ikerketa sistematikoa baino gehiago, entsegu literario sakon eta bortitzak dira aipatutako horiek guztiak.

Saiakeraren hastapenak, XX.mendean, hiru gerratek markatu zituzten. Lehenengo Munduko Gerraren aitzin Jean Etxepare medikuak (1877-1935) argitaratu zituen bere Buruxkak (1910), gogoeta solteak, Montaignen antzera. Pierre Xarritonek atondutako argitalpenari esker Pierre Laffitek lehenengo argitarapena zentsuratu zituela badakigu. Izan ere, 1980.ko argitalpenean Nor eskolemaile, zer irakats eta Amodioa izeneko testuak agertzen dira, jatorrizkoan ez daudenak.

Espainiako Errepublikaren aurkako estatu kolpeak eragindako gudaren aurretik, Eusko Ikaskuntzak bultzaturik, "Euskalzaleak" taldeak euskararen erabilera arlo guztietara zabaltzen hasi zuen (1926), orduko idazle/ideologo sonatuak Emeterio Arrese (Txindor), Jautarkol (Luis Jauregi), Orixe (Nikolas Ormaetxea) eta Aitzol (Jose Ariztimuño), besteak, beste, izan zirelarik. Garai haietan gogoeta literatura argitaratu ez arren, gerra zibilaren ondoren kaleratu ziren Aitzolen Estetika (1955), Orixeren Eder eta antze; On eta eder; Egi eta Eder saiakerak, Paulo Iztuetak ikertuta (2002). Garai hartakoa da (1931) Jean Etxepareren Berebilez. Aitzolen Estetikaren garikidea dugu Salbatore Mitxelena (1919-1965), Baionan zegoela (1958) eta Iñurritza ezizenez Unamuno eta Abendats. Bilbotar filosofuaren eta Euskal-Animaren jokerei antzemate batzuk testua. Handik aurrera hasiko dira kaleratzen gero famatuko ziren idazleen baina, halaber, saiakera egileen testuak (Koldo Mitxelenarenak, F. Krutwigtenak, Txillardegirenak...).

Badira, ordea, euskal letretan, saiakera egile peto-peto izan direnak eta haien berri. aldizkarietan, ohi bezala, loratu da gehien haien emana, hara non Euzko-Gogoan, Jakinen, Eganen, RIEVen, Euskeran, Euskal Esnalean, Yakintzan, Elgarren, Gernikan edo Brankan..., esaterako, euskal saiakeragintzak argitara eman dituen orririk jorienak izan ditugu (Andima Ibiñagabeitiarenak edota Jokin Zaitegirenak ...).

Hirurogeigarren hasieran Txomin Peillenen Giza gaindikoa Nietzscheren arauera, eta Miranderen Jakintza berri bat: psikologi gaindikoa agertu ziren eta, Igela aldizkariaz gain, bere saiakera estilo berria helduz eta zabalduz joan zen.

Joan zen mendean, laurogeigarrenetan, eta Jokin Apalategiren zuzendaritzapean, Udako Euskal Unibertsitatearen Uztaro aldizkariak unibertsitate mailako arloz arloko saiakera argitaratu izan ditu. Lan horren fruituaren ondorioz daukagu egun Inguma (kontsultagarri dagoen euskal saiakera egileen katalogo informatizatua). Mende honetan segitzen dute Eganek, Jakinek, Hegats eta Euskal Idazleen Elkartearen aldizkariak. Sortu dira, Erlea, Bazka eta hAUSNart, besteak beste.

XX. mendearen bukaeran, aurreko hamarkadetan bezala bestalde, euskarari buruzko saiakeragintzako etengabeko idazle zerrenda osatuz joan da: Piramidearen erpinean Joxe Azurmendi eta Jose Luis Alvarez Enparantza (Txillardegi) egonik (ikus Rodriguez, F. Hegats 45/46), ezin dira alboratu Imanol Mujika, Bittor Kapanaga edo, bereziki, Joxemanuel Odriozola (hizkuntzaz eta politikaz...). Gizarte arazoaz erlijioaren ikuspuntutik Nemesio Etxaniz, Setien Gipuzkoako gotzaina ohia edo Pagola teologoa daude, besteren artean. Literaturaz eta kazetaritza-hizkuntzaz jardun dute, beste askoren artean, Jean Casenave, Joserra Gartziak, Iñigo Aranbarrik, Ur Apalategi, Josu Amezagak eta Txema Ramirezek. Euskal nortasunari buruzko idaztien egileetan, Josu Naberan edota Alfontso Martinez Lizarduikoa ditugu adibide. Saiakera filosofikoan, aldiz, Eduardo Gil Bera (besteak beste, Klasikoak sailerako Montaigneren obren itzultzailea), Jon eta Pako Sudupe (Kant, Marx, E.Salaberryz etab...), Ander Iturriotz (Platon eta heroiak), Agustin Arrieta (Egia motak...), Julen Zabalo eta Andoni Olariaga (Nazionalismoa), Ekai Txapartegi (Intsumisioaz), Juan Bautista Bengoetxea (Teknologia berriez) edo Markos Zapiain (Kojeve, Foucault, Deleuze edo euskal literatura gaitzat harturik), Imanol Galfarsoro, Joseba Gabilondo, eta Jose Angel Irigaray aritu izan dira. Horiez gain, Jon Alonso, Joseba Sarrionaindia, Patziku Perurena, Joxemiel Bidador edo Joakin Balentzia euskal idazleak literaturaren beste genero batzuetatik saiakeraren muga lausoetara hurbildu dira. Ekonomia-arloan saiakera loratu dute Joseba Tobar Arbuluk edota Baleren Bakaikoak. Politikagintza aztertzen saiatu dira Emilio Lopez Adan ("Beltza"), Joseba Arregi, Mikel Urkola edo Imanol Murua Uria. Historian, Josu Chueca, Pruden Gartzia, Iban Zaldua eta Erlantz Urtasun aritu dira. Antropologiaren eremua sakon landu dute euskal saiakeragintzaren barruan Anuntxi Aranak, Joxemartin Apalategik, Mikel Azurmendik, Aizpea Leizaolak eta abarrek. Soziolinguistikan ere uzta oparoa bildu du euskal saiakerak, Kike Munarriz, Iñaki Larrañaga, Iñaki Gaminde, Xabier Isasi eta abarren eskutik. Azkenik, baina ez garrantzian hala delako, sareari buruzko entsegua argitaratu zuen Luistxo Fernandezek (Etxepare porno-1998) eta gaur egun, eztabaidako plaza irekiak dauzkate sarean (Blogak) Patxi Gaztelumendik, Iban Arantzabalek, Julen Gabiriak edota Amatiñok, adibidez. Katalogo labur moduko honetatik kanpo asko eta asko gelditu dira, jakina..., baina hor aipatutako denak ausartu dira beren ikuspegiak eta usteak letren bidez plazaratzen eta euskaraz eztabaidatzen, saiakera literarioa eginez, alegia.