Kontzeptua

Entsegugintza

Literaturaren historian Michel Montaigne (1533-1592) izendatu ohi da saiakeragintzaren aitzindaria eta, ildo horretatik, XVI. mendearen bukaeran hedatutako kultur giroan kokatu beharra dago literatura genero horren abiapuntua.

"Ni naiz, ni neroni, nire idazkien funtsa" adierazi zuen Michel Montaignek 1580an bere Entseiuak (Klasikoak, Gil Bera, E, Entseiuak I, II eta III, 1993) argitaratzearekin batera. Egia da saiakeraren literatura ez zuela Montaignek bakarrik hasi. Ildo horretatik, adibidez, idatzi zuen John Lockek bere Giza adimenari buruzko entseiua(Klasikoak, A.Gabikagogeaskoa, I eta II, 1999). Egia dugu, halaber, entsegugile adina saiakera mota badagoela. Ezin dira alderatu, esaterako, erortzear zegoen Austria-hugriar inperioko Vienaren berri eman zigun Kral Krausen izkribuak eta Alejandro Magnoren garaiko Sexto Enpirikoren zirriborroak, baina, historia nahiz kultur desberdintasunen gainetik, antzerako idazkera esparruari antzematen zaio haietan guztietan, arlo berezituren bat non literatura eta gogamena elkartu egin ohi diren: Saiakera.

Aipatu guztiek, bakoitzaren sasoian gaurkotasuna zuen kultur gai jakin bati heldu nahi izan zioten norberaren eskarmentutik abiaturik eta liburuen erreferentzietatik harago. Ahalegin horretan, ordea, beren buruak ere, iheskor bezain aldagaiak, ezagutarazten joan ziren. Saiakerak ez baitu azalpen sistematikorik eskatzen idazkeraren bidez gogamenari bidea ematea baizik. Arazo jakin bati buruzko disgresio dugu beste edozer baino gehiago, ez hurbilpen zientifiko edo filosofiko hertsirik. Saiakera da, jakin gabe, eguneroko bizitzak ekartzen dizkigun enbarazuen aitzina hartzen dugu jarrera intelektuala, baina, izkiribaturik azalduta. Ez dugu liburutegien premiarik entseguak idazteko. Horretarako gogoa besterik ez baitu behar, eta gogamena, bada.

Joseba Sarrionandiak Ni ez naiz hemengoa kartzelako egunerokoa idatzi zuenean (1985), dietario horren bidez, dudarik gabe, literatura egin zuen, baina saiakera egin izan zuen neurri berean. Hartan, Puerto de Santamarian giltzapetua eta isolaturik, liburua nahiz aipuak eskuratzeko aukera handirik gabe, soilik bere gogoa zein pentsamendua dela medio eta idazketa euskarri, orduko estetika, etika edo kulturari buruzko hausnarketa eskainiz saiatu zen. Horra hor saiakera literarioa.

Literatura, mundua ezagutzeko bidea izateaz gain, balizko ekintza ereduak aurreikusteko ere tresna badugu. Hau da, munduan aritzeko, eta bide batez mundua birmoldatu ahal izateko, lanabesa da idazkera, besteak beste. Saiakera hori besterik ez litzateke izango, literaturaren bidezko ezaguera. Horregatik, Montaigne edo bere garaikide izan zen Joanes Uharte (1530tik 1660ra), bakoitza berean, garaiko dogmatismoaren aurkako etsenpluak dira, entsegugileak direlako, hain zuen. Zeren eta norbera mundua ezagutzen saiatzen denean besteengandik jasotako iritziak ezin dira soilik bere hartan onartu. Saiogileak jakin nahi du mendebaldeko kulturaren hastapenetan filosofoak jakintza bilatzen zuen modu berean. Hau da, lehenengo eszeptiko helenistikoek egiten zuten gisan, bilaketari ekin nahi dio entsegugileak. Izan ere, grekoz Skepsis-ek gogoetaren bidezko ikerketa esan nahi du. Jakintzaren peskiza, berez. Eta hura da, bide batez, filosofiaren esangura: sofos-a (jakinduria) maite eta bilatu nahi izana (filos). Ez, ostera, betirako aurkitu eta eskuratu ahal izatea. Azken hau lortzen dutena jakintsuak lirateke. Besteak, filosofoak, nolabaiteko saiogile eszeptikoak besterik ez.

Baina saiakera, berez literatura bada ere, ezin da filosofiaren sinonimotzat hartu. Bestela, Sokratesek zioen moduan: "Benetako pentsamendua al da inora eramaten ez duen bilaketa?". Guk baietz erantzungo genioke: hori da entsegu literarioaren funtsa.

XVIII. mendeko aldizkarietan, Ilustrazioaren argitan, entsegua gorpuzten eta zabaltzen hasi zen gero eta indar gehiago hartuz.

Bestalde, egilea, sortzaile gisa, irudi erromantikoa dela esan ohi da eta, askotan, Goetheri leporatu izan zaio balizko jarrera artistiko indibidualista hura baina, aitzitik, Goethek berak herri literatura erabili zuen neurri berean, egilea gizabanako isolatutzat ezin dela har azaldu izan du. Horra bere hitzak:

"Beti aipatzen da originaltasuna, baina, hitz horrekin zer esan nahi dugu?
Jaiotzatik bertatik munduak eragiten gaitu eta horrela segitzen du hiltzeraino.

Benetan gurea bakarrik den zerbait badagoela esan al daiteke?
Agian egin nahi duguna egin ahal izateko indarra edo gogoa soilik!
Nire aurrekoei zor diedana esaterik banu, ez zen egin dudanaz nirea denik asko geratuko..."

Azurmendi, 1999

Areago, jakina denez, idazterakoan aurrekoei zor zaiena, baina, era berean, sortzerakoan norberaren gogoa aldarrikatuz, Goethek "literatura nazional-unibertsalaren" kontzeptua utzi zigun (Weltliteratur). Beraz, zorrak zor, egileari dagokiona eman behar zaio, irakurleari bezainbeste, bestalde.

Horixe izan zen, bere garaian Montaignek berak egin zuena. Ikasle txarra izan zen horrek, idazkuntzaren bidez, irakurketa eta idazketa pertsonala onduz, idazle bihurtuz, berreskuratu ahal izan zuen eskolak berak ukatu ziona. Ildo horretatik, entsegu testuen ezaugarri zehatzetan sartu aurretik eta haiek nola landu azaldu baino lehen, Michel Montaigne, saiakeragintzaren balizko sortzaileari buruz gauza pare bat argitu ditzagun (Zweig, 2008).

Michelen aitak bere haurra txikitatik behar bezala hezia izan zedin lehenengo latin hizkuntza ikas zezan deliberatu zuen. Horretarako frantsesez ez zekien irakasle alemaniarra ekarri zuen semearen irakaskuntzaren arduradun izateko. Familiaren etxeko batimenduetatik at hasi zen, bada, Montaigne gaztearen latinezko hezkuntza. Ez zuen inork berarekin latinez besteko hizkuntzarik erabiltzen eta, horretarako, bai gertuko zerbitzariek hasieran, baita bere gurasoek ondoren, adinez handituz zihoan neurrian, latinaren hastapenak ikasi behar izan zituzten. Horrela, orduko okzitaniera eta frantsesa bigarren eta hirugarren hizkuntzak izan ziren berarentzat eta etxean eta kalean ikasi bazituen ere, latina izan zuen jatorrizko hizkuntza eta irakurtzeko nahiz idazteko lehenik erabili izan zuena.

Ibilbide rousseautar horrek ekarri zuen, besteak beste, Bordeleko jesuitengana eramana izan zenean, Michel Montaignen isolamendua eta, halaber, kultura klasikoa ikasteko erraztasuna.

Izan ere, bera bakarrik egoten ohituta, ez omen zuen inguruan bere parekoen gertutasuna onartzeko gaitasunik eta, aldiz, latinezko irakurketa eta idazketetan aise aurkitzen zuen bornutik zetorkion desatsegina baretzeko parada.

Michel Montaignen eskola porrot nabarmen horretatik, jakina, latinarekin zerikusia zuenak salbatu zuen. Horrela, ikastegian obra klasikoak antzezteko usadioan Montaignen protagonistarena egiten ohituta egon zen, baina, oro har, ezin esan bere ikasketa arautuak batere arrakastatsuak izan zirenik.

Alderantziz, gizabanakotasunean hezia, Michel gaztea ez zen irakasleen aurrean isiltzen eta bere iritzia defendatzen ez zuen batere beldurrik jesuiten diziplina handia izan arren.

Halaber, klasiko latindarrak bere kasa irakurriz aurkitzen zuen eskolak eskaintzen ez zion interesa.

Eskola taldetik bereizita, gizabanako gisa eraikiz joan zen Montaigne gaztetan, beraz, protestantismoari zegokion kultur jarreran sakonduz (irakurketa indibidualizatua, norbanakoaren kontzientziari Elizaren iritziari baino garrantzia gehiago emanez, etab...) bere inguruan katolikoen eta kalbinisten arteko erlijio gerrak pizten ari ziren garaian.

Horrela, ofizialki papista izan arren, izaera guztiz protestantea garatu zuen txikitatik.

Horrela hasi zen orduan argitaratu berriak ziren "Sexto Enpirikoren" Pyrrhoneiai Hypotyposiseis irakurriz, non, horretan ere jesuiten izpirituari ihes eginez, antidogmatismoarekin batera erlatibismoaren ildoa urratu zuen. Hura izan zen skepsisaren abiapuntua. Hau da, irakurketa idazketa bilaketa bihurtu eta, beren bidez, mundua ikertu eta ulertu ahal izateko erabili zituen.

Bere orduko irakurketak, kaleratu berriak ziren Pirronen idazki helendarrenak izan ziren, Erdi Aroan ezezagunak zirenak eta greziar kulturan, estoikoen aurka, zurruntasun morala gaitzesten zutenak. Ez ziren eskola jakin baten emaitzak ezizenez "enpiriko" deituak eta, ustez, sendagile baten iritziak eta galderak zirenak. Eta horiek ez ziren, bada, ez ortodoxoak eta ez heterodoxoak, autodoxiaren aldarri baizik.

Izkribu haien edukiaz nahiz formaz eraginda hasi zen Montaigne idazten. Haiek izan ziren, nolabait esanda, bere eredu genero berpiztu bati jarraipena emateko: saiakerari.

Gauza bertsua esan genezake Joanes Uharteri buruz, zeina Montaignen garaikidea izanik antzerako kultur giroan izkiriatu zuen bere Zientzietarako Argimenen Azterketak (klasikoak, Xabier Kintanaren itzulpena-1996) ohiko dogmatismo eskolastikotik ihesi nahian.

Ikuspegi anglosaxoi batetik saiakera fikzioa erabiltzen ez duen literatura omen da. Irizpide hori, halere, merkatuari men egiten dio literaturari baino zeren Tomas Morok zer iritziko ziokeen horri ezin da jakin baina, zalantza izpirik gabe, bere Utopia, era berean, saiakera eta fikzioa bada, adibidez.

Alemaniar literaturan Hans Markus Enzenbergen edo Peter Weis idazleak eleberrigintzan edo antzerki munduan ezagunak izan arren, saiogiletzat jotzen dira gehien batean. Frantziar literaturak berarentzat aldarrikatzen du J.P.Sartre filosofoa baina, aurrekoen antzera, nobela nahiz antzezlanak idazteaz gain ( bide batez, Literatura Nobel saria eman zioten nahiz eta berak eskuratu nahi ez...) saiogintzan ere aritu zen. Espainierazko letretan, demagun, Alfonso Sastre da, antzerkigile eta poeta, nobelagile bezain beste entseguak izkiriatzeagatik ezagun.

Gurera etorrita, adibidez, inork ez luke dudan jarriko euskal letretara Txillardegik eginiko ekarpen mamitsuenak ez direla izan eleberria berriztatzen soilik saiakera idazten baizik. Muga lausotuak ditu entseguak. Literatura arloan genero desberdinak landu dituztenak saiatu ohi baitira saiakeragintzan ere. Honako lerro hauen bidez saiatze hori ezagutu ahal izateko bidea argitu nahi dugu. Izan ere, arestian esan bezala, saiakera ez baita akademikoa izan behar. Joseba Zulaika antropologoak idatzitako Bertsolariaren jokoa eta jolasa (Baroja, 1980) saiakera da, bera Unibertsitateko irakaslea eta ikerlaria bada ere, aipatu izkribuan bere esperientzia pertsonaletik sortutiko hausnarketa bati era labur baina zorrotzean heldu ziolako. Koldo Izagirreren Gure Zinemaren historia petrala (Susa, 1996) ere saiakera dugu, Izagirre gure literaturaren poeta jorietako bat izan arren, zeren eta, akademizismotik at, euskal filmagintzaren gaia jorratu zuen bere hizkuntzaren jarioari mugak ezarri gabe eta gainera, horretarako emaniko datuen aurrean inoiz makurtu gabe. Ildo berekoa daukagu Joxe Azurmendiren Espainolak eta euskaldunak( Elkar, 1992). Filosofia edo ikerketa sistematikoa izatetik harago, entsegu literario luzea bezain bortitza.

Haiek denak, funtsean, iritziak besterik ez dira. Aburu fundatuak. Edonork prentsarako irizpide testu batean azalerazi zezakeena. Edo hitzaldi xume baterako prestaturiko aurre-eskeman, besterik gabe, biltzen dituen hausnarketarako gogamen solteak idatzita. Honi egin behar diogu kasu.

Eguneroko bizitzak edonori etengabe eskatu ohi zaion iritzi duina idatziz finkatzea dugu entseguaren funtsa. Goian esan bezala, askotan saiakera filosofiarekin batera bide beretik badoa ere, ezin da filosofiarekin guztiz bateratu.

Ikerketa filosofikoak, besteak beste, xedea edo ikergaia argi eta garbi mugatu behar du. Honen arabera, zeregin horretarako erabili beharreko metodoak ere guztiz zehazturik egotea ezinbestekoa da. Eta gainera, lortutako ondorioak orain arte zientzia desberdinek emaniko emaitzekin alderatzea ere premiazkoa izaten da aipatu ondorea ontzat eman ahal izateko.

Saiakeraren ezaugarriak, berriz, guztiz bestelakoak dira. Filosofiaren idazkerak helburu zein metodologian zehaztasuna eskatzen badu ere, entseguak malgutasuna nahiago du. Pentsaera zientifikoak analisirako joera hobetsi arren, saioak iritzia emateko jarrera sintetikoa maiteko du. Nahiz eta Epistemologiak metodologia konbergentearen aldeko hautua ezinbestekotzat jo (hipotesi-dedukzio bidezko arrazonamendua) entsegugintzan dabilen idazleak pentsaera dibergentea landuko du (ondorio aniztasunera eramaten gaituena). Saiakera originala behar du izan, ez, doktorego ikerketetan bezala, gai jakin bati buruz dagoen informazio guztia bildu behar duena, gogoetagaiari ohiko ikuspuntutik heltzearen ordez beste hurbilpen berri bat proposatzen duena. Metodo filosofikoak premiazkotzat hartu ohi duen hizkera unibokoa eta berezitua erabili beharrean mintzaira joria baina literario bezain arrunta aukeratuko du saioen arloan dabilenak. Saiakera sortzailea behar baitu izan, ez jakintzaren metaketa antzua. Eta, guztiaren gainetik, entseguak hizkuntzaren jariotasunari bidea eman behar dio idazkeran filosofiak eskatuko lukeen hizkuntza zurrunaren partez.

Saioa iritzi duina dela aipatzen genuen ataltxo honen hasieran zeren eta "duintasun" kontzeptuaren atzeak grekozko dokein (itxura) eta doxa (iritzia) batu egiten baititu. Hau da, iritzia emateko euskarria (gure kasuan erabilitako hizkera, alegia) itxurazkoa izan behar duen hein berean, irizpidea plazaratzeko kemena ere funtsezkoa da. Aburu polemikoek eta berezko usteak ditugu saiakera egokien oinarria eta, egia esanda, hori egunero ogia daukagu gure gizartean. Edozein gizataldean, edonon, edonork egiten duena.

Jorge Luis Borgesen saiakera luzeenak hamasei orri besterik ez ditu eta Betiereko Historia izenburua dauka (Historia de la Eternidad). Euskaraz, Literatur aldizkarietan, Maiatz-en 1985ean -Beste buruz-buruko gudua- eta Txistu & Tambolin-en 1992an -Deutsches requiem- ekarri ziren gurera haren ipuin bi. Juan Garziak 1998an Pamielarako atondutako antologian, ipuin batzuk soilik hautatu bazituen ere, Borges saiakera egilea bazterrean utzirik.