Jaialdiak-Ekimenak

Donostiako Aste Nagusia

Sorreran zezenketak ziren Aste Nagusiaren oinarri, lehenik Atotxako plazan eta 1903. urtetik aurrera Txofreko plazan ospatzen zirelarik.

Jardueren programaketan hiru puntu oso zehatz bereizten ziren: zezenak, Boulevardeko kioskoko kontzertuak eta zezenketa-egunetako su artifizialak.

Erlijioaren gaiari helduz, zeremonia nagusiak hilaren 14ko Salbea eta hilaren 15eko Meza Ospatsua izan dira beti, biak Koruko Andre Mariaren Basilikan.

Lehen aroan Gortea eta bigarrengoan Gobernua, eta beti Espainian kreditutako Kidego Diplomatikoa elkartzen ziren. Horrela, Donostiak gizarte-klase politiko eta aristokratiko oso jakina hartzen zuen. Horrek, Aste Nagusiaren kasuan, bi ondorio nabarmen zituen: batetik, elite horiek beren statusarekin bat zetozen jarduerak (tenisa, bela, golfa, tiroa, poloa, hipika, etab.) egiteko premia zuten eta, bestetik, festa sozialak egiten zituzten, egoitza partikularretan edo kirol-klubetan.

Herritarrek apenas gozatzen zuten Aste Nagusiarekin, izan ere, ez zegoen haiei zuzendua. Era berean, nahikoa berria da, hirurogeita hamarreko hamarkadakoa, komertzioak arratsaldez ixteko erabakia.

Txofreko zezen-plaza eraitsi zenean, 1974an, Aste Nagusiaren izaera irauli egin zen, ospakizunak sortzeko arrazoi nagusia eraitsi baitzen plazarekin. Turismoak beheranzko joera zuen eta hotelak ixten ari ziren garai batean, beraz, festen oinarria eraitsi egin zuten. Gauzak horrela, donostiarrek lehen aldiz hausnartu zuten Aste Nagusiaren zergatiaz.

Zalantza giro horrek aldaketa politiko batekin bat egin zuen, hiria turismo ofizialetik (nagusiki Madriletik iristen zena) urrundu eta Donostia gertuagoko turismo baterantz (hurbileko probintzietatik iristen zena) bideratu zuena, ordura arte ezagutzen zenarekin inolako zerikusirik ez zuten jaialdiak eskatzen zirelarik.

Kirol ekitaldiak antolatzen zituzten zenbait klub demokratizatu egin ziren eta ateak ireki zituzten. Gainera, zezenketarik gabe Aste Nagusia nortasun jakinik gabe zegoenez, Udalak saski-naski modukoa egin zuen Aste Nagusiarekin, era guztietako iradokizunak onartuz, egunak ehunka jarduerekin betetzeko ahalegin hutsalean. Herritarren partaidetzarik gabe antolatu arren, denborak eta jendearen erantzunak ekimenak onartu edo ukatu egiten zituzten. Horrela, edizio bakoitzean natiboek nahiz bisitariek emandako "oniritziarekin" bat zetorren programa egituratu zen.