Jaialdiak-Ekimenak

Donostiako Aste Nagusia

1845. urtean Isabel II erreginari Kontxan bainatzea aholkatu zioten bere aholkulariek. Horrela, Donostiako hondartza hori ospetsu bilakatzeko lehen urratsa eman zuten eta uda sasoian atzerritarrak iristen hasi ziren etengabe. Horrek irabazi garrantzitsuak ekarri zizkion hiriari.

Donostia, bere ur eta paisaiekin, uneko zailtasun politikoak gainditzeko ahaleginean zen eta ongizate egoera nabaria lortu zuen. Haatik, egoera hori berriro karlistaldiak hautsi zuen, hirugarrenez.

1876ko urtarrilaren 20an hiria bonbardatu egin zuten. Hala, derrigorrez aipatzekoa da Principal Antzokia jo zuen bonba, bertako atezaina zen Indalecio Bizkarrondo (Bilintx) larriki zaurituz. Aste batzuk beranduago zendu zen atezaina.

Martxoaren 13an bakea sinatu zen Somorrostron eta lasaitasuna itzuli zen hirira. Dena den, ordurako suak erreta eta, zati batean, suntsituta zegoen. Horren ondorioz, oso gutxi ziren hiria udako atsedenaldia hartzeko gune gisa defendatzeko prest jarraitzen zutenak.

Ezkortasun giro horretan Jose Arana eskoriatzarra azaleratu zen. Arazoei aurre egiteko prest azaldu zena eta Donostian gerora "tourismo" izendatuko zenaren alde egin behar zela sinetsita zegoena.

Aurreikuspen guztiak gaindituz, 27 egunetan 10.000 pertsonentzako edukiera zuen zezen-plaza eraiki zuen Atotxan eta, urte hartako (1876) uztailaren 16an, uneko toreatzaile nagusiek zezenketa eskaini zuten bertan: Frascuelo eta Villaverdek, hain justu.

Aste Monumentalaren iragarpena zabala izan zen eta, berehala, Madrilen ere Donostiak normaltasuna berreskuratu zuela eta bertako hondartzak jendez gainezka zeudela jakin zuten, izan ere, Aranak ultramarinoen denda bat zuen han eta Teatro Real izenekoaren gerente izatera ere iritsi zen.

Udalak Aranaren ekimena babestu zuen eta 1877an zezenketen aldeko jaialdiak antolatu zituen, Zezenketen Aste Nagusiaren aldarripean garatu zirenak.

Urtebete beranduago aste horri oihartzun handiagoa emateko aukera aztertu zuten, atzerritarren gozamenerako eta hirian egonaldi luzeagoa egin zezaten.

Aste Nagusia uztailaren 31ren bueltan ospatzea proposatu zen, hots, San Ignazio egunez (Gipuzkoako zaindaria). Baina ez zen data aproposa, izan ere, hile baten amaieraren eta hurrengoaren hasieraren artean zegoen, hau da, bidaiarientzat maletak egin eta desegiteko garaia zen. Halaber, iraileko lehen asterako (hiriko zaindaria zen Koruko Ama Birjinaren egunaren bueltan) programatzea ere ukatu egin zuten, ordurako udaldiaren zati handi bat joana izango zelako.

Gauzak horrela, 1879an Udalak ofizialki onartutako lehen Aste Nagusia abuztuan, hilaren 15aren (Andre Mariaren Jasokundearen egunaren bueltan) bueltan, ospatzea adostu zen. Aste horren asmoa turistak erakartzea zen eta oso bestelako izaera zuen urtarrilaren 20an ospatzen ziren hiriko festen izaera tradizionalarekin alderatuz.