Kontzeptua

Donibane-Zuhaitza

Oro har, zuhaitz edo zutoin zuritua dugu, behin zihoztatu eta goiko muturrean gora joaten ahaleginduko denak harrapatu beharreko elementu bat (bandera edo zapi, gurutze, landare zein lore-apaingarri) jarri ondoren, toki zehatzean zutunik jartzen dena.

Mota ezagunena zutikako edo lurreko Donibane-zuhaitza da, plaza publikoan egindako zuloan sartutako zuhaitz-enbor zuritua, gazte ausarten behin eta berrizko erasoak jasoko dituena. Hauek zangalatrau eserita ahalegintzen dira igonez, grabitateari eta zuhaitz-enborraren azal leun eta irristakorrari erronka eginda. Goi muturrera iritsi zein bertan jarritakoari helduko diona irabazle aterako da eta tartean den saria jasoko.

Motarik ikusgarri edo erakargarriena itsas Donibane-zuhaitz horizontala edo nasapuntakoa da, kostalde osoan ohikoak oso. Zutoin edo masta zahar bat izaten da, portuko bokalean jarria, itsasontzi batean edo sakonera nahikoa duten itsasadarretako ertzetan, elementu likidoaren gainera irtenda. Urruneko muturrean harrapatu beharreko bandera bat jartzen da, enbor zilindrikoen gainean, zutik nahiz lauoinka aitzineratu beharra dute oilartutako lehiakideak, sarri askotan, arrakasta lortu beharrean, uretara jauzi eta murgilaldi galanta hartu ohi dutenak.

Azkenik, Donibane-zuhaitz horizontaletan sofistikatuena da gurpildun edo nasapuntako birakaria. Zurez eginda, ardatz handi bat du osagarri nagusiena, kojineteen artean kokatuta, abiada txikian baina etengabeko biran aritzen dena. Biraka ari delarik, lehiakideek aurrera egin behar dute ardatz mugikorraren mutur batetik abiatuta eta, jauzi barik, jolasaren irabazle izango bada, beste puntan jarritako bandera edo zapia eskuratu beharko du.