Kontzeptua

Dantzaren hermeneutika

Lehenengoz eta behin ikertu beharreko egitatearen aipamen egiazko eta egiaztagarriak behar ditugu. Hermeneutaren lanerako ezinbestekoa da jorratzen dituen dantzei buruzko fidagarriak diren datuak (ahal dela dantzei buruzko landa-lanak izan behar du) izatea.

Ondoren, bibliografiak eta historia-laburpenek ere jorratu beharreko datuaz ikuspegi orokorra izateko lagungarri ditugu. Sarri askotan, gorago adierazitako datu horiek ez dira zuzenean lortzen, beste dantza batzuei buruz edota inguruko ekitaldi batzuez egindako ikerketekin alderatuz baizik.

Hirugarrenez, dantzaren egitura edo koreografia aztertuko dugu, eta geroago eta urrunago edota inguru hurbilean liratekeen beste antzerako egitura batzuekin alderatuko dugu. Horretarako interesgarria da antropologiaren ikasbide estrukturalista izenekoa erabiltzea.

Aldi berean sorrarazi duen gizarte-ekonomiazko egitura ulertu ahal izateko beharrezko erreferentziak sartuko ditugu. Horretarako erabilgarri izan dezakegu azterketa marxista.

Azkenez, koreografia ezberdinak kokatzerakoan ezinbestekoa izan dezakegu koreografia mapa bat sortzea, eta erabilera handikoa izan daiteke dagozkion harremanak ezartzerako orduan. Berarekin batera ekintzen egutegia egin beharko litzateke, eta eurei dagozkien esanahia (ezinbestekoa da Santiago de la Vorágineren La leyenda dorada edo antzeko besteren baten erabilera).

Behin marko nagusia ezarri ondoren, xehetasunetan sartu gaitezke.

Igorlearen analisiak irtenbide zaileko eragozpenak dakartza. Bere sentimenduak, asmoak, gogoak eta beldurrak bere ditu, eta beregana hurbiltzea zaila da. Horretarako agian interesgarria litzateke psikologia ikerketan sakontzea, zehatzago esate aldera, Sigmund Freuden eta dantzaren bitartez neurosiak gauzatzen dituzten gaixoen kasurik inoiz erakutsitako bere ikasle Carl Gustav Jungen ikerketa psikoanalitikoetan alegia.

Eta hartzailearen kasuari dagokionez, aukerak bidertu egiten dira eta, batzuetan ezarrita gelditzen badira ere (ezteiak, bataioak eta beste ospakizun batzuk), elkar estaltzen direnak ere badaude (gertaera naturalekin edo erlijio-ekitaldi hutsekin zerikusirik duten jaialdien kasuan alegia).

Transmisio bidearen azterketak antza denez ez du, lehen begiratua egin ondoren, eragozpen handiegirik azaltzen: koreografia-garapenean mugimendua edo mugimendurik eza aipatzean datza. Hala ere, ikerkuntza egiterakoan arazo larri bat dantza bezala zer uler daitekeen eta zer ulertu behar ez denak azaltzen du.

Kodeak bai azaltzen dituela eragozpen handiak. Momentuz behintzat ez dirudi mugimendu ezberdinez norbanako edo taldekako hiztegia egitea posible denik. Flora Davisek8 ahalegina egin du, Desmond Morrisek bezala, baina bere ikerketek, argibide batzuk emateaz gain, ez dira inola ere eztabaidaezinak izan. Violet Alfordek eta Lucile Armstrongek ere ezin eskaini izan digute ikuspegi erabakigarri bat, bere ondorioetarako lagungarri izan diren arren.

Azkenik, dantzaren (ohizkoa izan ala ez) bitartez transmititu nahi izan den mezuak dantza egiten den inguruabarrak gogoan izan beharko ditu: historikoak, ekonomiazkoak, kulturazkoak, erlijiotasunekoak, etab.

Elementuotako bakoitza argitzea lortzen badugu bere esanahiaren zergatia ulertzea lortuko dugu.

8DAVIS, Flora, (1976) La comunicación no verbal, Alianza, Madrid. Ikus ere PEASE, Allan (1994), El lenguaje del cuerpo, Altaya, Barcelona.