Kontzeptua

Birkonkista

Birkonkista hitzaren arazoetako bat hau da, etengabeko prozesu bat eta bera dela iradokitzen duela, inkonszienteki bada ere. Aitzitik, kristau eta musulmanen arteko Penintsularen banaketaren bilakaera ulertuko bada, aldiz aldi aztertu behar da.

Musulmanek 711n erraz deuseztatu zuten armada bisigotikoa eta populazioaren parte garrantzisu bat berehala hasi zen egoera berrira moldatzen. Baina konkistatzaileen arteko gatazkak piztu ziren 740tik aurrera eta 756ra arte ez zuten bakea berreskuratu. Musulmanen arteko gerra zibil hauek finkatzeko aukera eman zioten Asturiaseko erresistentziguneari. 722an Covadongako batailak -oso gertaera apala, gero kronika asturiarretan izaera miragarriaz jantzi arren- Asturiaseko esparru bat al-Andalusetik kanpo utzi zuen. Nortzuk ziren buruzagiak ez dago argi: bertoko agintariak eta fakzio bisigotikoren bateko iheslariak ziurrenik. Musulmanek ez zuten lehen momentuan lurraldearen kontrola berreskuratzeko interes handirik erakutsi eta gero euren arteko gerrek Penintsularen hegoaldera erakarri zituzten tropa islamikoak. Hutsunea baliatuz asturiarrek Galiziaraino eta gaur Bizkaiko Enkarterriak diren haranetaraino hedatu zuten VIII. mendeko erdialdean erreinu sortu berria. Ez ordea musulmanen aurka borrokatuz, baizik eta Iparraldeko lurralde kristauak integratuz, baketsuki zein indarkeriaz. Musulmanen guda zibilen ostean, Kordobaren kontrol eraginkorra Sistema Zentralean finkatu zen. Duero haraneko eremu zabal batek Asturiaseko erreinua babestu zuen ordutik aurrera.

756an Abd al-Rahman Iak Kordobako emirato independientea eratu zuen eta Estatu islamikoaren oinarriak jartzeari ekin zion. Estatu sendo, aberats eta zentralizatua sortu zuen: hurrengo mende luzean Penintsulako potentzia politiko-militar nagusia izan zen, ezpairik gabe. Hala ere ezin izan zituen frankoen erasoak zeharo geldiarazi Ekialdeko Pirinioetan: bertoko populazioekiko negoziaketak eta kanpaina militarrak uztartuz, Karlomagnoren frankoek Girona inkorporatu zuten 785an eta Bartzelona 801ean; eta bien artean Pirinioetako haranak. Bartzelonatik hegoaldera ordea musulmanek frankoen aurreratze ahaleginak deuseztatu egin zituzten. Mendebaldeko Pirinioetan, frankoen menpeko aldi labur baten salbuespenaz (812-816), al-Andalusen protektoregopean murgildu ziren Iruñeko agintariak emiratoaren denboran.

Emiratoa krisian sartu zen IX. mendeko azken hamarkadetan. Erreboltek eta barne-gerrek emirraren kontroletik kanpo utzi zuten al-Andalus gehiena eta horrek aukera eman zien Iparraldekoei atarramentua ateratzeko. Asturiarrek Mendilerro Kantaurikotik hegoaldera jo zuten, Duero haraneko lautadak inkorporatuz: Tuy, Porto, Coimbra, León (910etik hiriburu berria izango zena), Astorga, Zamora, Roa edo Osma 854 eta 912 artean hartuak izan ziren. Oso gutxi izan ziren Coimbra bezala musulmanei indarrez kenduak: gehienak asturiarren eta andalustarren arteko populazio urri sakabanatuek okupatzen zituzten. Nafarroan emiratoaren gainbeherak dinastia (Ximenotarrak 905tik) eta politika berria ekarri zituen: Leondarrekin elkartuta, nafarrak Goi Errioxaz jabetu ziren 918-923 urteen artean.

Al-Andalus zuzpertu zen. Abd al-Rahman III.ak errebolta guztiak itzali eta al-Andalusen urrezko garaiari eman zion hasiera: 929an Kordobako kalifatoa aldarrikatu zuen. Simancas-eko bataila (939) galdu arren, Abd al-Rahmanek kristauen erasoak geldiarazi zituen. X. mendean zehar Kordobaren lehentasun politiko eta militarra eztabaidaezina zen ostera ere. Are gehiago, 978-1002 artean kalifatoaren gobernua Almanzor bisirraren eskuetan egon zen eta honek kristauak sistematikoki sakailatzeko politikari ekin zion. Santiago (997), León (995), Iruñea (999) edo Bartzelona (985) zakuratuak izan ziren. Coimbratik Nafarroako Erriberara emiratoaren krisiaren garaian galdutako gotorlekuak berreskuratu zituzten armada musulmanek. Almanzorren ostean, haren seme Abd al-Malik-ek politika berari eutsi zion 1009ra arte. Militarki umilagarriak izan baziren ere, urte hauek ez ziren ordea gizarte kristauak indargabetzekoak izan. Aitzitik demografian, ekonomian eta indar militarrean, Mendebalde osoan bezala, hazkunde prozesu areagotuan murgiltzen ziren gizarte kristauak Galiziatik Kataluniaraino.

Milagarren urtean kristau eta musulmanen arteko lurralde banaketak oso irudi asimetrikoa erakusten zuen Atlantikotik Mediterraneora. Leongo erreinua Dueroraino iristen zen bitartean, Tutera, Huesca, Lleida edo Tortosa hiri andalustarrak ziren. Pirinioen aldean askoz estuagoa zen kristauen esparrua. Bestalde Almanzor eta Abd al-Malikekin ez zirudien botere militar musulmanari desafio egiterik zegoenik. Baina al-Andalusen armada Estatuaren osasunari lotua zegoen: al-Andalus osoko zergen emaitzak behar zituen mobilizatua izateko. Iparralde kristauean ordea, feudalismora bidean zeuden populazio militarizatuak ziren, gerra gizon libre guztien betebehar, ohore-iturri eta, harrapakinaren bitartez, aberasbidea zela. 1009an kalifatoak eztanda egin zuen: gerra dinastikoek Kordoba aldea odolostu zuten eta lurraldean lurraldeko agintariek erreinu independienteak eratu zituzten. Al-Andalus taifetan ("alderdia" arabieraz) banatu zen eta zatiketa honen ondorioz nagusitasun militarra Iparraldeko kristauen aldera igaro zen.

Mugetako hiri edo gaztelu batzuk -Calahorra (1045), Coimbra (1064)- alde batera utzita, abagadune berri honek ez zuen konkisten hasiera ekarri. Kristauek al-Andalusen aberastasunak xurgatzeko erabili zuten indar militarra, parien ("paria": ordainketa) errejimenaren bitartez: bakea eta ziurtasuna bermatzen zizkieten taifetako erregeei, gainerako kristau eta musulmanen aurka, hileroko ordainketa erregularren truke, normalean zilarretan. Jakina, errege musulmanek ez zuten aukerarik: ordaindu ezean, "babesleak" oldartzen zitzaizkien. Horrez gain, Iparraldeko gerlari asko, nobleak zein jatorri xehekoak, mertzenari gisa aritu ziren al-Andalusen. Bide hauetatik aberastasun multzo liluragarria iritsi zen Iparraldera: errege eta aristokrata kristauak Mendebalde osoko aberatsenak izan ziren belaunaldi pare batez.

Parien errejimenak ondorio sakonak ekarri zituen. Kristauen artean, jaunen botere militarra indartu zen, al-Andalusek gerlariak enplegatzeko aukerak eta fideltasunak ordaintzeko baliabideak ematen baitzituen. Aristokraziek subiranoak presionatu zituzten al-Andalusen lepora aberasteko aukerak ustiratzeko: parien kontrolerako norgehiagokak erreinu zein konderrien arteko lehia piztu zuen. Geografia politikoa erabakigarriro eraldatu zen: Gaztelako eta Aragoiko erreinuak sortu ziren (1035), Nafarroak Leonen aurkako lehia galdu zuen, bai eta hegoalderantz zabaltzeko aukerak ere (1054-1076), Kataluniako krisi feudala parien zilarraren bitartez bideratu zuen Bartzelonako kondeak 1058tik aurrera. 1054-1065 eta 1072-1085 artean Leon zen nagusi Penintsula osoan: taifa gehienek, Sevillakoa barne, pariak ordaintzen zizkieten Fernando Iari eta Alfonso VIari.

Musulmanen artean tributoen ordaindu beharrak presio fiskala igotzea ekarri zuen. Erreinu musulman berriek pairatzen zuten barne-legezkotasun defizita ere areagotu zuten pariek. Izan ere, taifek ez zuten omeiarren dinastiaren ospea heredatu. Gero eta gehiago, errege musulmanak kristauen zerbitzariak bezala agertzen ziren populazioaren aurrean: jargoian jarraitzeko, musulmanak zergez zapaltzen zituzten tiranoak al-Andalusen aberastasunak gerlari kristau aseezinei emateko. Kristauen aurreko apalkuntzak etengabekoak ziren. Taifa asko oraindik ere oparoak ziren eta Zaragoza, Valentzia edo Sevilla hiriek urrezko garai bat ezagutu zuten Artean eta ekoizpen intelektualean. Baina egitura politikoa hauskorra zen Penintsularen joko-taula aldakorrean.

Parien gaineko oreka gaztelau-leondarrek Toledo konkistatu izanak hautsi zuen. Toledoko taifa Leonen erreinu basailoa zen. Toledoko agintarien arteko iskanbilak zirela eta, Alfonso VIak hiria eta erreinua hartzea erabaki zuen 1085ean. Oihartzun sinboliko handiko ekintza izan zen: 711n galdutako erreinu bisigotikoaren hiriburuaz jabetzen zen bere burua errege bisigodoen ondorengotzat zuen Leongo erregeak. Toledo hartuta, Ebro haranean ipini zuten gaztelau-leondarrek jomuga: Zaragoza konkistatzeko ahaleginak hasi ziren. Baina musulmanentzat, Toledoren konkistak agerian utzi zuen parien errejimena ez zela berme nahikoa kristauen gutiziaren aurka. Zenbait taifek Magrebeko almorabideei eskatu zieten laguntza militarra, eta lortu ere. Almorabideek leondarren armada garaitu zuten Sagrajasen 1086an eta Afrikara itzuli ziren. Baina populazioaren sektore batzuen kolaborazioaz, taifak banan-banan hartzeari ekin zioten: 1090-1110 bitartean al-Andalus berbateratu zuten, Magreb osoa biltzen zuen Inperiora sartzeko. Leondarren armada garaitu zuten berriro ere Uclés-en 1108an; Lisboa (1094) eta Valentzia (1102) kendu zizkieten kristauei, baina kale egin zuten Toledoren aurrean. Pariak eta apalkuntza bukatu ziren eta al-Andalusen egoerak hobera jo zuen.

Gaztelau-leondarrek jasandako kolpeek euforia amatatu zuten eta krisi politikoan murgilarazi zuten erreinua, krisi honen ondorietako bat Portugal independientearen lehen urratsak izanik. Ebro haranetik Mediterraneora hedatzeko egitasmoak baztertu behar izan zituzten. Toledon almorabideen mehatxuak kristau eta musulmanen arteko erlazioak pozoindu zituen: errendizio-ituna ez zen errespetatu eta musulman askok jaioterria utzi behar izan zuten. Populazioa ordezkatzeko politika honek Gaztela-Leonen geroko hedakundea ezaugarritu zuen.

Nafarrek, aragoarrek eta katalanek ez zuten ordea almorabideen presio zuzena jaso. 1076tik nafarrekin elkartuta, aragoarrek Zaragozako taifari oldartzen zitzaizkion. Lehen arrakasta handia Huescaren konkista izan zen 1096an, baina garaipen erabakigarria 1118an lortu zuten Alfontso Batailariaren gidaritzapean Zaragoza hartu zutenean, eta hiriarekin erreinua. Hurrenez hurren, 1119-1120 artean, Tutera, Tarazona, Belchite, Calatayud eta Daroca jauzi ziren kristauen eskuetan. Aragoarrek eta nafarrek, katalanek bezala, konkistatuak lurrean mantentzea bilatu zuten. Izan ere, populazio islamikoaren parte handi bat bertan geratzea Aragoi eta Kataluniak burututako konkisten ezaugarria da. Alfonso Batailaria hilda, 1134ko krisi dinastikoak Nafarroa independientearen birsorrera ekarri zuen batetik eta Aragoi eta Kataluniaren elkartzea bestetik. Horra Mediterraneo alderantz aurrera egin zuen Aragoiko Koroaren jaiotza.

Magrebeko dinamika politiko-erlijioso ziklikoak almorabideen aurkako erreboltak elikatu zituen XII. mendeko hasieratik. Almorabideei gero eta zailago gertatzen zitzaien kristauei aurre egiteko moduko armadak al-Andalusen mantentzea. Hortxe zeuden baina al-Andalus okupatzeko legezkotasuna eta andalustarren onespenaren arrazoia: kristauen aurkako defentsan, hain zuzen. Zaragozaren konkistak kolokan jarri zuen almorabideen ospe militarra eta aragoarrek eta katalanek ez zuten etsi: Lleida 1149an konkistatu zuten. Portugaldarrek ere almorabideen gaineko garaipenetan oinarritu zuten monarkia jaioberriaren ospea: Lisboa 1147an hartu zuen Alfonso Iak. Azkenik Afrikan almohadeen Inperioak almorabideena ordezkatu zuen.

Almohadeek 1146an hartu zuten Marraketx, almorabideen hiriburua. Azken hauen hondamenak al-Andalusen puskatzea ekarri zuen berriro, andalustarrak azken goarnizio almorabideen aurka altxatu baitziren, "bigarren taifak" izeneko aldiari hasiera emanez. Almorabideek bezala, almohadeek ere al-Andaluseko erreinuen integratzeari ekin zioten 1146-1172 artean. Sevillatik gobernatu zuten. Lehen ekimen militarrak arrakastatsuak izan ziren. Alarcos-en (1195) gaztelauak gainditu zituzten eta Toledo mehatxatu zuten. Almohadeen alde Leon eta Gaztelaren arteko lehiak eta Aragoiko erregeek Hego Frantziatik hedatzeko zituzten interesek jokatu zuten. Baina Penintsulako erregeak ados jarri ziren 1212an Navas de Tolosa-ko batailan almohadeen armadaren bizkarrezurra hausteko; katalan-aragoarrek Okzitaniako egitasmoa abandonatu behar izan zuten 1213an eta Gaztela eta Leon berriro elkartu ziren 1217an eta behin-betiko 1230an. Aldi berean, almohadeen Inperioa barne iskanbiletan murgildu zen eta azkenik zatiketa nagusitu zen al-Andalusen eta Afrikan. Armada afrikar baten babesik gabe, "hirugarren taifak" deitzen den aldi labur honek Hegoalde gehienaren konkistaren bezpera baino ez zen izan: portugaldarrek 1249an hartu zuten Faro; gaztelauek 1248an konkistatu zuten Sevilla eta 1264ean Cádiz. Ekialdetik, aragoarrek eta katalanek 1229an Mallorca hartu zuten eta 1238an Valentzia. 1266an Murtzia ere kristauen aldera pasatu zen, baina 1305ra arte jokoan egon zen Gaztela eta Aragoiko Koroaren artean.

Kristauen konkista handien hamarkadetan, Granadako emirraren inguruan elkartu ziren al-Andaluseko azken lurraldeak. Nasri-tarren dinastiaren sortzaileak, Muhammad Iak, Gaztelaren onespena lortu zuen 1246an Jaén errenditzearen eta basailotza aitortzearen truke. Gaurko Almería, Málaga eta Granadako probintzia menditsuek Granadako erreinua osatu zuten. Bi mendetan zehar, Granadak gaztelauen, aragoarren eta Magrebeko erreinuen artean zuhurtziaz jokatzen jakin zuen, aliantza aldagarriak, gerrak, kabalkadak eta bakealdiak konbinatuz. XV. mendean gerra endemikoa zen Gaztela eta Granadaren arteko mugaldean. 1479an Suzesio Gerra irabazita, Errege-erregina Katolikoen erabakia gauzatzen hasi zen. Bitartean, Granadak huts egin zuen Afrikan laguntza militarra lortzeko ahaleginetan eta gainera 1482tik aurrera borroka dinastikoen arazoa areagotu zen. Barne-gatazka hauek interbenitzeko aukera ezinhobea eman zieten Gaztelako tropei. Azkenik 1491ean Granadaren errendizioa adostu zen eta hiria 1492ko urtarrilaren 2an pasatu zen Gaztelaren eskuetara: al-Andalusen historia orduan eten zen. Kapitulazio itunak garaituen fedea eta jabegoak errespetatzen bazituen ere, handik bederatzi urtera bataioa ala erbestea inposatu zitzaien musulmanei. Al-Andalusen desagertzea Europako zenbait hiriburutan ospatu zen. Garai berrien seinale, 1453an turkiarren eskutik Kristandadeak galdutako Konstantinoplaren ordaina bezala ikusi zuten askok.