XIII. mendeko hasieran oraindik andalustarrak oro har aberatsagoak, landuagoak eta hiritartuagoak ziren Gaztela edo Aragoiko kristauak baino. Baina horrek ez zituen Iparraldeko gizarte militarizatuak geldiarazi. Izan ere, perspektiba zabalean, al-Andaluseko konkista Mendebalde feudalaren hedakunde oldarkorraren episodietako bat da: Siziliako musulmanek ere jaso zuten normandiarren konkista 1063tik aurrera edo, nabarmenago, 1099an hartu zuten gurutzatuek Jerusalem.
Konkistak Penintsulako Islamaren deserrotzea ekarri zuen. Musulman askok erbesterako bidea hartu zuten; geratu zirenek, oso ugari izan arren zenbait lurraldetan, Valentzia aldean bereziki eta gero Granadan, baztertze historia bat pairatu zuten derrigorrezko bataioa (1502) eta 1609ko Kanporatzea etorri ziren arte. Al-Andalusetik arkitektura, toponimia, hitzak, hazkuntzak edo nekazal teknikak geratu ziren, baina inon ez zen populazioen integratzea edo elkarbizitza egonkorra gertatu.
Konkistatzaileen ikuspuntutik, hedakundeak Penintsularen geografia politiko modernoa moldatu zuen: parien garaian sortutako Gaztela eta Aragoi, lehenagoko Leon eta Kataluniarekin elkartuak, koroa nagusiak izatera heldu ziren al-Andalusen lepora burututako konkistei esker. Mapa politikoa ez eze, giza-geografia ere baldintzatu zuen al-Andalusen harrapaketak: Andaluzia eta Extremadurako latifundio handiek, adibidez, konkistaren ondorengo banaketetan dute abiapuntua. Hizkuntzak ere hedatu ziren jabe berriekin: galiziera-portugesaren, gaztelaniaren edo katalanaren esparruak konkisten nondik-norakoek marraztu zituzten.
