Kontzeptua

Musulmanak

711. urtean, tropa musulmanak Iberiar Penintsulan sartu ziren, Tariq ibn Ziyad berberearen agindupean, eta Rodrigo Toledoko azkeneko errege bisigodoa tronutik kendu zuten. Iruñea aldean zegoen, baskoien errebolta bati aurre egiten, eta presaka itzuli behar izan zuen, erresuma salbatzeko. Guadaleteko bataila famatuan garaitua izan zen, eta inbaditzaileek Iberiar Penintsula bereganatzeko kanpainei ekin zieten. Jazoera zeharo garrantzitsua izan zen: hasteko, Toledoko erresuma bisigodoa desagerrarazi zuen, barne-borroken ondorioz jada ahul zegoena, eta, bigarrenik, Penintsula al-Andalus izatera pasa zen eta Mundu Islamikoan sartu. Musulmanen mende egon zen politikoki, 1492ra arte, eta garai hartako aztarna kulturalak gaur egun ere badirau.

Hasierako garaietan, arabiarrek bisigodoen erresuma konkistatu izanak ez zion Iberiar Penintsularen gehiengoari eragin, agintariz aldatu baitzuen apenas erresistentziarik jarri gabe. Izan ere, musulmanek ez zuten erresumaren egitura politiko-administratiboa eta haien ekoizpen-oinarriak aldatzeko asmorik, horiek oinarri hartu baitzituzten euren menperatzea gauzatzeko. Hori dela eta, inbasioa ez zen traumatikoa izan, eta lurraldearen gehiengoak men egin edo kapitulazio-hitzarmenak onartu zituen. Ondorioz, hispaniar eta bisigodoen aristokraziak lehendik zituen lurralde-oinarriak eta autoritatea mantendu zituen, zerga bat ordaintzearen truke.

Lehenengo musulmanak ez ziren Ebroren arrora iritsi 714ra arte. Musa ibn Nusayr arabiarra armada-buru zela eta aurrean Tariq berbere libertoa zeramatela, berehala bereganatu zuten hiribururik garrantzitsuena, Zaragoza, alegia. Handik Ebrora igo ziren, eta baskoiak aurkitu zituzten bertan. Gainontzeko herriak berehala menperatu zituzten. Pirinioetako eta Baskoniako kristau-guneen aurrean, lurralde militarizatua eratu zen, eta eskualdeak Marka edo Goiko Muga izena jaso zuen. Arabiar eta islamiar inperioak muga-marka (tugur) ezberdinak izan zituen Erdi Aroan, baina historikoki bi hauek dira aipagarrienak: Siriako Marka, eta al-Andaluseko Goiko Muga edo Marka. Azken hori Galiaren aurrean zegoen, hasiera batean, eta, IX. mendetik aurrera, Pirinio azpiko erresumen eta konderrien aurrean egon zen. Ez zen bakarrik elkarretaratze militarrerako muga izan, baizik eta bi herriren arteko elkarbizitzarako eta harreman ekonomikoetarako espazioa ere bazen. Halaber, Kordobarekin zuen distantziagatik, autonomia handiagoa lortzeko matxinadak eta konplotak hitzartzeko lurralde aproposa izan zen.

Baskoien lurraldeetan egoera ezberdinak eman ziren, konkistaren aurrean izandako erantzunaren arabera:

- Hegoaldea bisigodoen administrazio-antolamenduaren barruan zegoen, eta berehala amore eman zuten. Bertako zenbait pertsonaik Baskonia hegoaldeko historiaren protagonistak izan ziren neurri handia batean, urte askoz: Casius kondea, esaterako, lur-jabe handia zen, eta jatorri baskoia, hispaniar-erromatarra edo bisigodoa zuen. Haren egoitza gaur egungo Zaragozako eta Nafarroako probintzien arteko mugan egongo litzateke nonbait. Casioren ondorengoek Islama erlijiotzat hartu zuten, Banu Qasi izen arabiarraren pean. Banu Qasi familiak bere lurrak mantendu zituen, baita horiei atxikitako boterea ere, eta omeia subiranoen aurkako matxinaden eta errebolten bidez gogor defendatu zituzten, 756. urtetik Kordoban ezarrita zeudenak. IX. mendeko lehen erdian, Iruñeko lurretan gobernatzen zuen Eneko leinuaren senide eta aliatu izan ziren.

- Iruñeko erroan bestelako mendekotasuna izan zuten, nahiz eta arabiarrek aurreko egitura politiko-administratiboa oinarri gisa erabili zuten ere. Musulmanak iritsi zirenean, Iruñea civitas izaera zuen. Tokiko aristokraziak zuzentzen zuen, eta, hari zegokion hiriburua mantentzeko eta botere nagusiekin harremanetan egoteko ardura. Ismaeldarren jabetza kapitulazio-hitzarmen baten bidez gauzatu zen, eta, beraz, zerga ordaintzearen truke beren autoritatea, jabetzak eta erlijioa mantendu zituzten. Ez dakigu ituna zein datatan adostu zen, baina 718 urtea baino lehenago sinatu zuten ziurrenik.

- Arazo larriagoak izan zituzten penintsulako gainontzeko euskal lurraldeak. Uste da Araban ere Iruñean gertatutakoaren antzeko zerbait gertatu zela, eta zegokion kapitulazio-hitzarmenaren bidez lurraldea kontrolpean mantendu zutela. Edonola ere, argi dago musulmanak Arabako lurretan sartu izanari buruzko dokumentazioa berandukoa dela, Asturiasko erresuma sendo zegoeneko eta musulmanek erresuma indargabetzeko muga ahulenak erasotzen zituzten garaikoa, hain zuzen ere. Hala ere, askoz ere dokumentu gutxiago daude Bizkaiko eta Gipuzkoako lurraldeei buruz, eta horrek agerian uzten du ez zegoela interesik lurralde horiek hartzeko.

Azken finean, musulmanen etorrerak ez zuen euskal lurraldeen egoera nabarmen aldatu, eta tokiko aristokratek beren pribilegioak mantendu zituzten.

Kronologikoki, musulmanen okupazioak Tariq 713-714. urtean iritsi zenetik 1119. urtera arte iraun zuen, urte hartan Alfonso I.a Aragoiko -eta garai hartan, baita Iruñeko ere- erregeari Tutera eman baitzitzaion. Epe horretan bi garai bereiz daitezke: lehenengoak 714tik 1031ra irauten du eta Goiko Muga Kordobako emirerriaren -Kalifato bilakatu zen gero- probintzia izan zen, eta, bigarrena, 1031tik 1118ra artera doa, eta taifen agintaldien eta menderatze almorabide laburarren garaia da. Azken tarte horretan, Zaragozako taifan bi dinastiek gobernatu zuten, hots, Tuyibiak eta Hubiak, eta taifa horren barruan zegoen Nafarroako Erribera osoa.

Gertaera historikoen artetik, borrokak azpimarratu behar dira, etengabean liskarretan zegoen lurraldea baitzen eta gogor militartuta baitzegoen. Hasiera batean, Iruñea eta inguruak menderatu nahi izan zituzten, Galiara pasatzeko piriniar igarobideak kontrolatzeko. Agerian geratu zen hori 721etik aurrera, frankoen erresuma menderatzeko kanpainak hasi zituztenean, Poitiers-eko (732) porrot militarrarekin amaitu zirenak. Badirudi porrot horrek Iruñeko matxinada eragin zuela: kapitulazioan hitzartutako zergak ordaintzeari uko egin zioten, eta hiriburua tokiko aristokraziaren agindupean geratu zen. Hala ere, musulmanek laster ezarri zuten bertan soldadu-taldea. Alabaina, gutxi iraun zuten. Izan ere, berbereen 740ko altxamenduaren, konkistatzaileen arteko barne-borroken eta Galiari uko egitearen ondorioz, gure civitas Kordobako interesetatik kanpo geratu zen. Abd al Rahman omeia emirra Al-Andalusen lehorreratu (755ean) aurreko urteak nahiko ilunak eta nahasiak dira.

Hurrengo hamarkadetan, 778ra arte, ez dago musulmanek Iruñeari egindako eraso militarrei buruzko berri askorik, eta pentsatzekoa da, hortaz, hiriburua tokiko leinu aristokratikoen mende geratu zela. 755ean, Yusuf al-Fihri gobernatzailea etsai ezatseginak gainetik kentzen saiatu zen. Horrela, Iruñeko baskoien aurka bidali zituen, oso gudaroste gutxirekin, dohakabe hil zitezen, eta horrelaxe gertatu zen. 767an, Badr gobernadoreak espedizio bat bidali zuen Arabara, eta zenbait borrokaldiren ondoren, bertako biztanleek zergak ordaintzeari men egin zioten, eta bahituak entregatu zituzten.

Omeien emirerriaren garaian, Markak aurrera egin zuen, eta hedapen eta antolamendu gorenak lortu zituen. Omeiek gotorleku-sarea (husun) eraiki zuten lurralde etsaiarekiko gune aurreratuenetan, lehenengo defentsa-fronte modura, eta horren aurrean, bigarren defentsa-frontea eratu zuten hiri-gotorlekuen zona mugakidearen aurrean, Tutera kasu. Antolamendu horrek emaitza onak eman zituela ikus daiteke: mugak gorabehera gutxi jasan zituen XI. mendearen hasierara arte.

778tik 824ra arte, Iruñeko tirabirak areagotzen joan ziren, nobleen familiarteko barne-borrokengatik, batetik, eta inguruko herrien boterea indartzen zihoalako, bestetik. Iparraldean, frankoak zeuden, Karlomagno buru zutela, eta musulmanak hegoaldean, Abd al Rahman I.a omeia emirrarekin, 756. urtetik Kordoban zegoena, Guadalquivir harana suntsitu zuen gerra zibiletik garaile irten eta gero. Ordutik aurrera, penintsularen iparraldeko kristau-indarrek ez zieten aurre egin behar agintean gutxi irauten zuten gobernatzaileei, baizik eta botere iraunkorra zuen emir bati.

778. urtean, Karlomagnok Zaragozari eraso egin zion, eta bertan eta Orreagan porrot egin bazuen ere, ondorio garrantzitsuak izan zituen horrek. Hasteko, emirra konturatu zen Goiko Marka oso garrantzitsua zela estrategikoki, mugan zegoelako, eta, horregatik, erabaki zuen lurralde hori egonkortu eta mantendu beharra zegoela. Abd al Rahman I.a emirraren mende geratu zen Zaragoza, eta autore arabiarren arabera, "kanpaina bat egin zuen frankoen eta baskoien lurretan, baita urrutiago zeuden erregeen aurka ere". Badirudi emirrak mugako gune indigena guztietan esku hartu zuela. Erresistentzia egin zietenen aurka energiaz jardun zuen, eta haien gotorlekuak suntsitu zituen; beste batzuekin, ordea, ohiko sistema erabili zuen: bakea sinatzea urteko zerga ordainketaren truke, eta, hori beteko zutela bermatzeko, bahituak ematea. 781. urte inguruan, muga segurua zen, eta baskoiek zerga ordaindu beharko zioten berriro ere Kordobako emirrari; ordainetan, ordea, euren antolamendu berezia eta autonomia mantenduko zituzten. Badirudi mugako erreboltak lasaitu zituela, hurrengo urteetan musulmanek Asturiasko erresumari eraso egin baitzieten.

Geroko gertakariek erakusten digute bake-akordio hori bi familia boteretsu elkartu izanaren ondorioa izan zela: kristau baskoia, Eneko edo Aritza familia, alegia, eta musulmana bestea, hots, Banu Qasi familia, muladi jatorrikoa.

Banu Qasi familia Abd al Rahman I.ari eta haren semeari -Hishan I.a- fidelak izan ziren (788-796), eta ez zuten Zaragozako eta Huescako mugimendu asaldatzaileekin bat egin. Baliteke baskoien laguntzarekin Iruñean ezarri izana. Izan ere, badakigu Mutarrif ibn Musa ibn Fortun gotorlekuko buru izan zela 798an, emirarren izenean. Iruindarrek Mutarrif hil zuten 799an, eta hurrengo urteetan, frankoen monarkiarekin akordioa egitearen aldeko taldeak agertu ziren hirian. Horrek pentsarazten digu, Karlomagnok Iruñearekiko interesa izan zuela berriz ere.

Banu Qasi familia leial mantendu zitzaion Al-Hakam I.a emir berriari (796-822), iparraldeko mugan emirraren autoritatearen aurkako erreboltariak bazituen ere. Emirrak fideltasun hori saritu zuen, eta pixkanaka botere-kota handiagoak bereganatzen hasi ziren. Markaren egoera okertu egin zen, eta ezegonkorra zen. Gobernu zentralak zona matxinatua baretu nahi zuen, bertako biztanleen itxaropen sezesionistak neutralizatuz. Banu Qasi familia eragin handiko leinua zela ikusi zuen, Kordobak kontrola zuela bermatzeko. Gero eta garrantzia handiagoa hartu zuen IX. mendearen lehenengo herenean, benetako jaraunspeneko feudo edo printzerri bihurtu zen arte.

Familia Ebroren mendebaldeko eremu politiko-militarrean nabarmentzen hasi zen, Musa ibn Musaren buruzagitzan. 839koak dira Musa ibn Musa buruzagiari buruzko lehenengo albisteak, eta horietan antzeman daiteke al-Andaluseko Goiko Mugan gobernu-aldaketa garrantzitsua eman zela. Banu Qasi leinuak inoiz ez bezalako protagonismoa lortu zuen eskualdean, X. mendearen lehen hamarkadara arte iraungo zuena. Musak Kordobaren alde egin zuen hasieran, eta subirano omeia lagundu zuen, Asturiasko eta Normandiako erresumaren aurka, nahiz eta Iruñeko erresuma hasiberriarekin eta Eneko edo Aritza leinuarekin harreman lagunkoia mantendu. Edonola ere, emirerriak bizi zituen une iskanbilatsuak aprobetxatuz, 847an matxinatu egin zen eta bere izena ezarri. Al-Andaluseko zenbait lurraldeetako matxinadak areagotu ziren. Azkenean, Muhammad I.a emirrak ez zuen izan Musaren basailutza aitortzea beste erremediorik, hura bere boterearen gorenera iritsi zenean, ondasunak areagotu eta autoritatea indartu ostean, Ebro bailararen parterik handiena berea baitzuen, Zaragoza eta Huesca barne. Ordainetan, Musa emirrari leiala izan zitzaion, eta lurraldea defendatu zuen.

Mende horretan zehar, Casioren oinordeko muladiak Ebroko nafar arroetan errotu ziren, politikoki zein ondasun aldetik, eta Andaluziako "Goiko Mugaren" ipar-mendebaldearen jagole bilakatu. Bake nahiz gerra garaian, Kordobako omeia subiranoaren eta Banu Eneko Iruñeko jaun-leinuaren artean sartuta egon ziren.

Gero eta botere handiagoa zuten, eta, ondorioz, Kordoban mesfidantza edukitzen hasi ziren. Egoera horri kontra egiteko eta Banu Qasi leinuak gehiegizko autoritatea lortu eta Ebro Bailarako mugetatik hedatu zedila galarazteko, geroko emir omeiak haren eragina neutralizatzen saiatu ziren, eta kokaleku estrategiko garrantzitsuak eraiki zituzten, bertan euren aldekoak ezarriz, Casioren oinordekoen eta bertako beste leinu muladien aurkako erasoak egin zitzaten.

Ordurako, Tutera gotorleku garrantzitsua zen Goiko Mugaren barruan, eta gobernadore propioa zuen. Musa ibn Musa izan zen Tuterako lehenengo wali-a. Gero, Zaragozako wali ere bihurtu zen, baita Marka osoko burua ere. Tutera izan zen musulmanen eta baskoien arteko harremanetarako zona nagusia. Izan ere, inguruak eta Baskoniako hegoaldeko eta Errioxako herri islamikoak kontrolatzen zituen. Tuterari egotzi zitzaizkion Alfaro, Arnedo, Borja, Kalagorri, Naiara, Tarazona eta Viguera herrien gaineko agindua. Horrela, eta inguruko lurralde-egituraren oinarri bihurtu zen. Barruti horren sorrera madina [berriz] sortu zeneko garaira atzera eraman behar da, 802. urtera, hain zuzen ere. Tuterako barrutia prozesuaren barruan dago, eta X. mendean amaitu zen, Andalusiar Omeia estatuaren politika eratu eta Abd al-Rhaman III.ak kalifa-titulua bereganatu zuenean. Tuterak horrenbesteko garrantzia zuen ezen moneta propioa egitera iritsi zen. Tutera musulmanean bi etapa bereiz daitezke: lehenengoa sortu zenetik 924 urtera arte doa, eta garai horretan, Banu Qasi leinua Kordobaren aurka borrokan aritu zen, hiriaren gaineko jabetza berresteko, eta alde bateko edo besteko gobernadore-aldaketak eman ziren etengabean; bigarrena, berriz, data horretatik aurrera 1119ra arte doa, eta, epe horretan, kaliferriak hasieran eta Zaragozako taifak, geroago, hiria menderatu zuten eta euren gobernariak izendatu zituzten.

Iragan hori islatuta geratu da herrigunearen morfologian, kale bihurriz eta malkartsuz gurutzatuta baitago, kristauek erabilitako sare-formako hirigintza-plangintza ereduez oso bestelakoak. Katedralaren indusketek ere IX. mendeko meskitaren arrastoak utzi dizkigute.

IX. mendeko azken urteetan, aldaketa garrantzitsuak eman ziren berriro ere zona hartan. Fortun Gartzia Iruñeko errege zen, al-Andalusen barne-liskarrak hasi ziren, eta 880. urte inguruan, Banu Qasi familiako Muhammad ibn Lubb leinuaren buru bilakatu zen. Muhammad ibn Lubb-ek leinuaren buru aitortu eta erabateko bihurtu zenean, familia erabat egonkortuta zegoen eta ondare handia zuen, eta horrek garrantzi handia izan zuen, kontuan izanik Kordoban liskar handiak zeudela. Goiko Mugan emirrak ez zuenez botererik ezarrita, tokiko botereak elkarrekin borrokan hasi ziren, ahalik eta lur gehienak eskuratzeko lehia gogorrean. Erasotzerakoan, Banu Qasi familiak ez zituen arerioen sinesmen erlijiosoak kontuan hartzen, eta, beraz, musulmanak eta kristauak -iruindarrak bereziki- izan zituen helburu.

Edonola ere, X. mendeaz geroztik, omeiek ezarritako familia muladi handiekin zerikusirik ez zuten botere-elite berriak boteretsuago bihurtzen joan ziren Goiko Mugan, Banu Qasi leinua baztertzera iritsi arte, euren lurraldeak eta indarrak bereganatuz eta Kordobako subiranoak haien kontrako eraso militarrak egitera behartuz. Leinu horietako batek, Yemenen jatorria zuen, hau da, Tuyibien leinuak, eta haren boterea eta eragina areagotu zituen, Zaragozako taifaren dinastia nagusia bihurtu zen arte. Kaliferria egonkortzean eta haren gararik onena lortu zutenean, Goiko Markak lotura estua izan zuen botere zentralarekin, tuyibien zaintzapean eta zuzendaritzapean.

Zonaren bilakaerarako beste gertaera aipagarri batzuk izan ziren Antso Gartzia I.a Iruñeko tronura igotzea, 905ean, eta Ximena leinua ezartzea. Hogei urteren buruan, Antsoren erresumak bere jabetzak zabaldu zituen Sobrarbeko mugetatik Naiarara arte, Aragoiko lurraldea barne hartuz. Deioko lurra kendu zien musulmanei, Ebro ibaiaren beste aldeko gotorlekuekin (Naiara, Viguera, Kalagorri eta Arnedo). Hark ezarritako eta sendotutako mugak mende bat baino gehiago iraun zuen, apenas aldatu gabe: Kalagorri eta Arnedo galdu eta berreskuratu baino ez zuten egin.

1018an, kalifa-sistema krisi betean zegoela, gerra zibila al-Andalus suntsitzen ari zela eta Antso III.a Nagusiak Iruñea gobernatzen zuela eta bere eragina kristau penintsula osora zabaldua zuela, Zaragozako erresuma sortu zen. Lehenengo taifa-erresuma izan zen, eta Goiko Markan edo Mugan Tuyibi dinastiaren buruzagitzapean zegoen kalifa-boterea desegin ostean eratu zen. Antso III.ak erremin sakona bazien ere, Iruñearen eta botere islamikoaren arteko muga zaharra mantentzen zen, eta Aragoi ibaiak eta Bardeak hesi moduan jardun zuten. Zaragozako taifak aberastasun ekonomiko eta kultural handia zuen, Kordobako gertaera larrietatik aparte mantendu zelako, neurri batean; baina zerga edo pariak ordaindu behar zizkien kristau-erresumei, Iruñekoari, besteak beste, bakea eta harreman ona mantentzearen truke. Zaragozako taifaren amaiera Antso V.a erregearekin hasi zen, orduan Aragoiko eta Iruñeko gobernadore zena. 1084an, Valtierra eta Arguedas menderatu zituen, eta 1098an, Milagroko gaztelua eraiki zuten. Tutera garaitzea denbora-kontua zen.

Banu Hud leinuko Al-Mustain, Zaragozako azken erregea, Valtierrako batailan hil zen (1100), Alfontso I.a Aragoikoa erregearekin borrokan, eta, ondorioz, taifa-erresuma alborabideen eskuetan geratu zen, handik gutxira hiria kristauen esku geratu bazen ere (1117). Zaragoza okupatzean, Banu Hud dinastiak XI. mendean (1039-1110) gobernatu zuen erresuma osoa mendean zuten. 1119an, Tuterak amore eman zuen, eta, ondorioz, amaitu egin zen musulmanen okupazio politikoa baskoien lurraldean, lau mendez nagusi izan ondoren.

Aparteko aipamena merezi du Islamak Ebro bailarara egindako ekarpen kulturalak. Protagonista nagusiak izan ziren musulmanak, baina ez ziren bakarrak izan; judutarrek erabat bereganatu zituzten arabiarren egitura soziala, politikoa, ekonomikoa, intelektuala eta linguistikoa, eta kultura propioa eratu zuten, kategoria nagusiekin. Horregatik, Goiko Mugako zientzia eta filosofia nahiz kultura islamikoa azaltzeko, intelektual judutarrak ere aipatu behar ditugu. Eta, arrazoi horrengatik hain zuzen ere, kristauek Muga hori hartu zutenean, judutarrak izan ziren bereziki kultura hori jarauntsi, garatu eta Europara igorri zutenak. Zaragoza kultur gune garrantzitsua bihurtu zen X. eta XI. mendeetan, eta penintsula eta eremu musulman osora pentsalari, matematikari, mediku eta literato handiak hedatu zituen. Gaur egungo Nafarroaren aitzindari gisa aipa ditzakegu Tuterako bi judutar poeta eta arabar poeta bat: Yehudah ha-Levi (1070-1141) mediku ospetsua, Abraham ben Ezra ibiltari nekaezina (1089-1164) eta al-Ama-al-Tutili poeta musulmana (1126an hil zena), Tuterako itsua ezizenez ezaguna, bizitzaren zatirik handiena Sevillak eman bazuen ere.