720 urte inguruan, desagertutako erreinu bisigotikoaren lurralde guztiak, hots Penintsula osoa eta Pirinioez iparraldeko Narbonense probintzia, al-Andalus ziren: Damaskoko kalifen izenean Kordobatik agintzen zuten gobernadoreen esparrua. Ordutik aurrera, al-Andaluseko mugek atzerantz egin zuten, aurrena barne gatazkengatik, hurrena Iparraldeko kristauen konkistengatik, 1492an Granadaren errendizioak erabateko suntsitzea ekarri zuen arte. Zortzi mendeetan zehar gertatu ziren kristauen aurrerapenei Birkonkista deitu ohi zaie.
Birkonkista hitzak oso karga ideologiko nabarmena darama, kristauei aitortzen dielako Penintsularen jabe izateko legezkotasun bakarra. Izan ere, norberarena bakarrik birkonkista daiteke. Horrek hispaniar jatorriko populazio gehiena islamizatu eta arabizatu zela saihesten du eta kristautasuna arrazoi nahikotzat jotzen du Asturiasen zein Pirinioetan sortutako botereek Penintsula osoaz jabetzeko eskubidea izan zezaten. Historiagintzaren ikuspuntutik, Birkonkista berbaren erabilerak garai, testuinguru, gizarte eta egoera guztiz ezberdinak nahasten ditu. Horregatik askoz egokiagoa da al-Andaluseko konkistei buruz hitz egitea. Izan ere, Birkonkista kontzeptuari batasuna eman diona diskurtso politiko zahar bat izan da.
Musulmanak Penintsulaz jabetu zirenean, hainbat lurraldetan paktu baketsuen bitartez integratu ziren agintari eta jende xehe hispaniarrak ordena islamiko berrian; beste batzuetan ordea erresistentziak makurrarazi behar izan zituzten. Asturiasen 722 inguruan erresistentzigune bat eratu zen; handik asturiar erreinua jaioko zen, gero León bilakatuko zena eta azkenean Gaztela eta Portugal ere sortuko zituena. IX. mendearen azken herenean, Oviedon ondo helduta aurkitzen ditugu jada koroaren zutabe ideologikoak: asturiar monarkiak Toledoko errege bisigodoen legezkotasunaren oinordeko eta gordailu bezala aurkezten du bere burua. Beraz al-Andalusen kontrakoa, indarrez eta bidegabeki kendutako erreinua berreskuratzeko gerra da, Birkonkista alegia. Toledoren herentziaren erreibindikazioak bigarren ondorio garrantzitsu bat ere badu: Hispania osoaren gaineko subiranotasuna Oviedoko erregei dagokie, eta ez beste inori.
Harrezkero ideia honen haria ez da inoiz eten. Bizirik mantendu zen Erdi Aro osoan eta Aro Modernoko historiagileen artean ere bai. XIX. mendean arnas berria hartu zuen: Isabel II.aren monarkia konstituzionalaren oinarri intelektualak jarri zirenean, historia nazionala ere eraiki zen. Espainiarren patu historikoa monarkia katolikoaren menpean bizitzea zenez, helburu horretarako bidean agertutako oztoporik zitalenaren aurka aritu zen espiritu nazionalaren manifestazio ezin kementsuagoa izan zen Birkonkista. Gero, XX. mendean, C. Sánchez-Albornoz-en eraginez bereziki, bigarren kontzeptu batek osatu zuen Birkonkistarena: Birpopulaketa. Honek musulmanei kendutako lurraldeen birrantolaketa sozioekonomikoa eta juridikoa izendatzen du. Hau ere, baina, ez dago diskurtso metahistorikoetatik libre: Europa feudalaren denboran, Gaztelaren kolonizazioak nekazari-gerlari askeen gizarte berezi bat sortuko zuen, non Espainiaren nortasun historikoaren berezitasuna ernatuko baitzen. Ibilbide honen bukaeran, Espainiako Erdiarolaritzak zaharberritze sakona ezagutu du 1960-1970 urteetatik aurrera. Egun Birkonkista kontzeptua desegokitzat jotzen da oro har. Hala ere, hizkera-usadioek inertzia sendoa izaten dute eta oraindik ere ez da arraroa bibliografian Birkonkista hitza irakurtzea, oso zentzu zabalean bada ere.
