Kontzeptua

Besta berriak Ipar Euskal Herrian

Iparraldeko herri gehienetan, XX. mende hastapenean guardia nazionalak laguntzen zituen Sakramentu Santuaren prozesioak. Ez zuen hargatik gazteriak denetan elizara sartzean eta prozesioetan dantzatzen. Emeki-emeki, gazteria "beztituak" lagunduriko Besta Berrien eremua xuhurtuz joan zen, bai mendebaldetik bai ekialdetik, gaur egungo Baxenabarre eta Lapurdi barnealdeko eremu hertsiraino. Kanbon eta Uztaritzen, 1925etik antzina, zapurrak eta soldaduak ez ziren gehiago atera prozesioen laguntzeko. Kanbon, 1933an, patronageko 80 gaztek laguntzen zuten prozesioa, galtza zuritan. Lapurdiko kostaldean, usaia emeki-emeki bazterrerat utzi zuten. 1951n, adibidez, Arbonan edo Donibane Lohitzunen, herriko fanfarre edo klikak laguntzen zituen prozesioak, baina guardiarik gabe. Hazparnen ere ez zen guardiarik ateratzen. Senperen, aldiz, gazteriak armekin segitzen zituen prozesioak9. Hegoaldearen eraginez, Ziburun 1956an txistulariek zituzten Besta Berriko prozesioak laguntzen: "ez dute kleronen arramantzarik" zioen Ziburuko berriketariak, "bainan nago ez diren othoitzari emanagoak" 10. Urte berean, Makean, usaia zaharreko Besta Berriak egin zituzten, 30 urtetik gorakoek osatzen zutela bigarren talde "beztitu" bat. Berantago, Amikuze, Garazi eta Baigorri aldean ere emeki-emeki Besta Berri beztitua utzi zuten bere gisara. J.M. Guilcher-ek erakutsi zuen 1972an Besta Berri dantzatuak oraino ospatzen zirela Lapurdi barnealdean, Arberuan, Ortzaizen eta Amikuzeko hamaika herritan, eta Lapurdi-Baxenabarreko beste hamalau herritan erritual dantzatuaren oroitzapena oraino freskoa zela. Guilcher-en mapa guti edo aski baliozkoa da gaur egun. Bizkitartean, herri zenbaitek (Armendaritze eta Donamartiri, besteak beste) usaia utzi zuten eta berriz hasi 2000ko hamarkadan. 2008an, Itsasutik Bithiriñaraino doan eskualde bateko dozena bat herrik dute bizirik atxikitzen ohitura lehengo maneran. Beste anitz herritan, nahiz eta "guardiarik" ez den ateratzen, atxiki dute prozesioa beste elementu guztiekin. Donibane Lohitzunen, adibidez, 2008an Besta Berriz agertzen ziren aspaldiko sinbolo gehienak: palioa, mihise zuriak karrika bazterretan, hostoz apainduak, belarra prozesioaren ertzean, mihise zuri luze eta hertsi batek erdi estalirik, aldareak karriketan, musika...11

1990eko hamarkadan gogoeta bat abiatu zen Besta Berrien geroari buruz, bereziki elizgizonek bultzaturik. Batzuk hasi ziren erraten armek ez zutela lekurik elizan. Lehenago, apaiz anitz bestaren kontra oldartu ziren dantza eta musikaren kontra zirelakotz, eta ez baitezpada alderdi militarrarengatik. 1990eko hamarkadan, argumentazioa bestaldera zihoan. Aita Etxehandik 1989an egin zuen ikerketa balios bat zeinetan erakusten zuen Besta Berri ez zela bakarrik besta militar bat, baina izatekotz Jainkoaren laudatzeko besta dantzatu eta loratu bat, non nahasten ziren gorago aipaturiko hainbat sinbolo, batez ere natural eta kosmikoak (Etxehandi, 1989). Mugimendu horretan, ohitura galdua zen herri batzuetan berriz sortu zuten erritual bat, Iparraldeko eta Hegoaldeko dantza eta jantziak nahasiz, Ezpeletan bezala 1992tik antzina. Uztaritzen ere izan zen abiatze zerbait. Eztabaida berotu zen ohitura zaindua zuten herrietan: zer aldatu? Dantza atxiki, baina armak kenduz? Bandera frantsesak aldatu? Zerekin ordaintzekotan? Elizbarrutiko banderekin? Nola sarrarazi neskak erritualean? Tokika aldaketa xume batzuk egin zituzten, baina, oro har, ohitura atxiki zuten tokietan, ordu arte bezala segitu zuten.

Beste funtsezko aldaketa bat gertatu zen. Sekularizazioa, erran nahi baita gizartea erlijioarengandik urruntzea, berant bada berant, heldu zen noizbait Euskal Herrirat. Igandero mezarat ibiltzen zirenen kopuruak beti ttipituz zihoazen, bereziki gazteen artean. Apaizen kopurua ere ez zihoan handituz, ez aipatzeko euskal apaizgaiena. Frantziako beste eskualdeetan aspaldian iragan zena hemen ere pasatu zen. Parrokiek behar izan zuten elkarretaratu 1990eko hamarkadan, eta apaizak hasi ziren meza aldizka ematen herrietan. Bizkitartean, Besta Berri mantendu zuten herri zenbaitetan, gazteria besta horri sekula baino atxikiago agertzen zen. Apaiz zenbaitek batzuetan kontraesan batentzat zeukaten urtean bi igandez egiten zen eliza-bestaren aldeko kar hori, eta gazteria bera elizan ez agertzea urtean zehar. Herri batzuetan, gazteek nahi izan zituzten bezperak berriz ezarri, edo zortziurrenez berriz atera, baina erretorea ez zen baitezpada alde agertu. Beste toki batzuetan, apaizek filosofikoki kontsideratu zuten urtean behin gazteak elizan ukatea batere ez baino hobeki zela. Bestaren esanahi anitza edo heterodoxia (Itçaina, 2001) sekula baino biziago agertzen zen. Eliza-besta zen, bai, baina ber denboran herriaren eta gazteriaren nortasun kolektiboaren besta. Nortasun azkartzearen funtzio hori ezagun zen baita ere Euskal Herritik kanpo, hala nola Chinon-en, Amerikako euskaldunek muntatu Besta Berrietan (Ysursa, datarik gabe).

2008ko ekainaren 6an, -Lekorneko gazteek antolatu zuten gaualdi bat zeinetan bi etnologok erakutsi zituzten 1978an eta 2000an herri horretan filmatu Besta Berriak. Gelan ziren bai 2008an beztitu ziren gazteak -Lekornek oso osorik atxiki du bi egunetako errituala-, baita hogeita hamar urte lehenago ari izan zirenetarik zenbait. 1978ko filma pasatzean, publikoa behin baino gehiagotan irriz uzkailirik egon zen, etnologoak harriturik utziz. Elizara sartzean, bi banderariak ez ziren batere elkarrekin aritu beren tresnen itzulikatzeko tenorean, eta gehiago dena, banderari horietarik bat segurik behatzaileen artean zegoen. Irri horiek ez zuten erran nahi bestaren ulertzeko eskema guztiak hautsi zirela. Alderantziz. Herritarrentzat, bazen bestaren dimentsio bat besteak bezain garrantzitsua zena, hain zuzen, besta bat zela, herriaren biziaren eta alegrantziaren lekuko. Oinarrizko funtzio hori betetzen duteino, luzaz iraun bezate oilar eta zapurren urrats neurtuek.

9Herria, 1951ko maiatzaren 30a eta ekainaren 7a.

10Herria, 1956ko ekainaren 7a.

11Donibanen, bestalde, manera berezi batez ospatzen dute Trufania edo Erregeen besta. Lehenago, Besta Berri garaian arrantzaleak eta marinelak itsasoan izanki eta, beste garrantzi bat hartu zuen urtarrileko bestak.