Kontzeptua

Besta berriak Ipar Euskal Herrian

Besta Berriz irakurketa anitz egin daitezke (Arbelbide, 2001) (Itçaina, 2001) (Etxehandi, 1989) (Guilcher, 1984). Eskas dugu gaur egun ikerketa sistematiko bat zeinetan bil genitzakeen bestaren alderdi historiko, soziologiko eta etnologikoak, Antzuolako alardearentzat berriki egina izan den bezala (Bullen eta Kerexeta, 2007). Besteak beste, Besta Berriren lau irakurketa bereiz ditzakegu:

Lehena, erlijiosoa da. Besta Berri eliza-besta da, Kristoren gorputzaren besta. XX. mendean zehar, noiznahi aurkitzen dira apaiz edo giristino kartsu batzuk lehentasun horren oroitarazteko atabal eta armen burrunbaren parean. Lehen irakurketa horren arabera, bestaren lekuko nagusia Sakramentu Santua da, erran nahi baita Hirutasun Santuan "mundura" ateratzen den kristoren gorputza. 1980ko hamarkadan Jean Hiriart-Urrutyk umorearekin kontatzen zuen nola apaiz bat hainbesteraino zen prozesioaren antolaketaz arranguratua, non ahantzi baitzuen Sakramentu Santuaren hartzea elizatik ateratzean. Bere aldetik, Etienne Salaberry, apaiz euskaltzale heletarrak, kartsuki egiten du 1968an Besta Berriren alde, zeinetan ikusten zuen euskaldunen otoitzean hartzeko molde berezia, kantuak eta dantzak zirela medio4. Herriako kazetariak azpimarratzen zuen besta ikusgarri bihur zitekeela kanpotarrengatik, eta batzuetan gazteriaren urguiluarengatik "Usaia ona (...) barneko apaindura kanpokoaren araberakoa izatekotan"5. 1990eko hamarkadan berriz piztu ziren aspaldiko eztabaidak: pentsa Joana Albretekoak XVI. mendean Biarnon eta Nafarroan debekatu zituela Besta Berriak, kontsideratuz Eliza katolikoaren espantu eta kalterako xahutzen lekukoa besterik ez zela hor. Alta, ez irudi eta, bestaren izate erlijiosoak zion bere jenio propioa ekarri. Urteko beste eliza-besta batzuer konparatuz, Besta Berriko liturgiak libertate handia uzten zion herriari. Behin Sakramentu Santua hirirat atera behar zela manatu eta, ororen buru ez zuen elizaren tradizioak anitz gauza finkatzen. Hutsune horri esker, bai Europa bai Hego Amerikako hainbat herrik Besta Berri berenganatu zuten, mezu katolikoa tokiko jantzi, kantu eta dantzekin nahasiz. Sinkretismo hori denetan ageri da, izan dadin Peruko mendietan, Aix-en-Provence-ko Tarasque herensugearen irudian, Mantxako herrietan, Sevillan edo Suitzako Friburgoko erritualetan (Molinié, 1996).

Herriaren parte-hartze azkar hori ikusi eta, batzuk bestaren irakurketa sozialari eman zioten lehentasuna. Emile Durkheim-en irudia berriz baliatzeko, irakurketa horretan, erritualean herria ez da baitezpada Jainkoari begira, baina bere buruari so, besta gizartearen ispilua balitz bezala. Kristoren gorputz egunean, hiriaren gorputz soziala ere bere konplexutasunean agertzen da (Caro Baroja, 1984, 53. or.). Prozesioan, herriko adin-klaseak agertzen dira, ordenaturik: gizon ezkonduak, mutiko gazteak, mutiko ttipiak (zuri eta gorriz), neskatxak (zuriz bezti arrosa hosto batzuk zarean), emazte ezkonduak kantari, bereterrak, apaizak eta serorak. Botereak ere bere burua sinbolikoki agertzen zuen. Herri frankotan, herriko kontseiluak, auzapeza buru, prozesioan parte hartzen zuen ofizialki, eskularru zuri eta kandelak lekuko. Ohore horiek ez ziren lehenago aise ahanzten. Uztaritzen, 1783an, Yves Harismendy, Lapurdiko Biltzarreko greffier edo idazkariak auzitara eraman zuen De Hody probintziako lieutenant générala, honek Besta Berri egun batez ez zuelakotz jauntxoen aulkian jartzera utzi6. Berriki arte, palioa zeramatenak¿? frankotan fabrikari lotuak ziren, erran nahi baita parrokiaren kontuez arduratzen zen elkarteari. Batzuetan, hierarkia zaharragoen oroitzapenak agertzen dira egun hartan: Itsasun, palioa daramatenak (eramaileak¿?) ustez herriko lau etxe zaharrenetarik ateratzen dira. Funtsean, Erdi Aroan etxe noble edo infançonak ziren lau horiek. Herriko espazioak ere ordezkatzen dira. Aldareak ez dira toki berean eraikitzen bi igandeetan, guardia antolatua da herriko auzo desberdinek ukan dezaten ordezkatze zerbait, elizkizun ondoko karrika itzulietan kasu egiten da nehor ez dadin ahantzia izan. Tokika, dantza-kordaren lehen eta azken tokiak aldizka auzo bakoitzari emanak ziren. Protokolo edo étiquette horiek 1789ko iraultza antzinako ordenu instituzionalaren oroitzapenak ziren. Antzinagoko Aroan, herri bakoitza auzo desberdinen arteko konfederazio bat bezala antolatua zen. Soberania ez zen indibiduoaren heinean, baina etxearen baitan. Etxeko jaunak aldizkatzen ziren auzoko hautetsi bezala, eta auzoen artean aldizkatzen ziren herriko auzapez izateko. Gazteria, oroz gainetik, instituzio bezala agertzen zen Besta Berrietan. Ohargarri da Besta Berriz ateratzen ziren hainbat jantzi eta pertsonaia (zapurrak, ofizierrak, oilarrak, banderariak, makilaria) berdin aterako zirela tobera-mustra edo kabalkadetan, beste beztimendu batzuen ondoan. Ez da kontraesanik: jantzi horiek gazteriak bere burua plazan ordenaturik agertzeko moldeak ziren, izan zedin eliza-besta edo besta profanoa.

Irakurketa soziala "gogortzen" ahal da irakurketa politiko batekin. Garai historiko konkretu batzuetan, Besta Berri, ideia eta ideologia politikoen lekuko izan zen. Erreforma eta Kontrarreforma aipatu ditugu. III. Errepublikaren (1870-1940) parte handi batean errepublikano "gorri" eta kontserbadore apaiztiar "zurien" arteko lehia izan zen nagusi. Besta Berri gatazka horren lekuko izan zen. Baionan, auzapezak noizbehinka debekatu zuen prozesioak katedraletik atera zitezen. Luhuson, 1885ean, auzapezak debekatu zuen prozesioa zortziurrenez atera zedin errientsa eta erretorearen arteko gatazkengatik7. Herri batzuetan gertatu izan zen zuriek eta gorriek bakoitzak bere guardia osatzea (Arbelbide, 2001). XX. mendearen bigarren partean, abertzaleek bipolarismo politiko horretarik ateratzeko hirugarren bide bat proposatu zuten. Haien ikuspegitik, Besta Berri ez zen politikoki zuzena, frantses estatu-nazioaren sinbolo gehiegi agertzen zirelakotz beren gordintasunean: banderak, hierarkia eta mando militarrak, armak, gerlari ohiak. 1970-1980 urteetan, abertzaleek inauteriak loriatu zituzten, baina Besta Berriak ahantzi edo gutxietsi.

Irakurketa erlijiosotik hurbilago, bestaren irakurketa kosmiko-naturalistak ere hedatu ziren han-hemenka. Irakurketa horren arabera, besta ez da bakarrik elizaren tradizioa eta doktrinak agindu errituala, baizik eta urteko ziklo erritualei lotua den besta bat. Besta Berri, udaberriaren besta da, udaren antzin-gustua daramana, Jondonibaneko zikloari lotua. Egun hartan ospatzen da izadiaren berpiztea: Sakramentu Santua eguzki santuan agertzen da, prozesioaren karrikak (eta irudiz XIX. mende hondarrean, elizara sartzea ere) ihinztatuak dira, neskatxek arrosak botatzen dituzte Sakramentu Santuaren bedeinkazio-denboran, kanpoko aldareak eta gurutzeak loratuak dira. Arizkunen, Jondonibane bezperan etxe antzinetan erretzen den belarra Besta Berriko prozesioan hedatua izan den bera da. Ezpeleta inguruan, tokiko miliziek urteko agerketa -Hegoaldean "alarde" deritzotena- Besta Berriz eta Jondonibanez egiten zuten XVII. mende hastapenean. Baxenabartar Lapurdin, Jondonibane bezperan, berriki arte, tiroek laguntzen zituzten etxe antzinetako suak. Bi bestak elkarri lotuak direla ez da dudarik. Besta Berri esparru publikoan iragaten da, eta Jondonibane, izatekotz, esparru pribatuan, etxaldeetan (nahiz eta zerbait egiten den plazetan, bereziki, Hazparnen edo Donibanen bezala, Jondonibane patroitzat daukaten herrietan). Juan Antonio Urbeltzek irakurketa hori barrendu zuen, erakutsiz udaberriko besta horiek eritasun eta gaitzen urruntzeko dispositibo sinbolikoak zirela (Urbeltz, 1995).

Besta Berriren beste irakurketa batzuek lehentasuna eman diote dantza, kantu eta musikari. Jean Etxepare idazle lekondarrak 1904an azpimarratu zuen alderdi estetiko hori, batez ere herrien arteko desberdintasunak doi bat deitoratuz, eta "Besta Berri batu" baten alde agertuz (Charritton, 1988, 39-42 or.). Jean-Michel Guilcher izan da, dudarik gabe, dantzaren azterketa gehienik barrendu duena, bereziki Donamartiri eta Lekornen 1970eko hamarkadan (Guilcher, 1984). Besta Berriz ematen dira kaxkarot-martxaren hainbat bertsio. Elizara sartzean eta prozesioetan dantzatzen den herrietan, kaxkarot-martxa eta armadako pas ordinaire arteko nahasketa bat sortu zuten. Elizkizun ondoko desfileetan, pas accéléré eta kabalkadetako martxen arteko zerbait ematen zuten. Besta profanoan, dantza-jauziek bazuten leku garrantzitsua, bai eta dantza-kordak eta, berrikiago, fandangoak. Musikaren aldetik, XVI. mendetik antzina segurik, danbolina (txirula eta ttunttuna), atabala eta arrabita izan ziren dantzarien laguntzaileak. Sokekilako ttunttuna emeki-emeki desagertu zen, salbu Zuberoan, baina izatekotz pastorala eta maskaraden laguntzeko. XIX. mendearen bigarren partean sartu zituzten armadako turutak. 1914ko gerla arte nonbait, txirula, atabal eta turutak laguntzen zuten anitz Besta Berri. Lekornen, 1901ean, "xirula balios hura" aipatzen zuten8. Itsasun, 1907an, Besta Berriak txirula-, atabal- eta turuta-soinuz egiten ziren; ondoko urtean aldiz klarineteak txirula ordaindu zuen. Emeki-emeki, klarineteak txirula eta arrabita ordezkatu zituen, eta gero sartu zen tronpeta edo "pistona". Bi gerlen artean trantsizio garai bat izan zen: anitz herritan (Bidarrain eta Itsasun 1930eko hamarkadan, Makean 1946an), elizkizunetako musika osatzen zuten klarineteak, tronpetak eta turutak; ahatik, txirula eta atabala zituzten kanpoko dantza-jauzi, kaxkarot-martxa eta dantza-kordetara eramaten. Txirulariek zuketen dantzen jakitatea hobekienik begiratu. Bigarren gerlatik landa, txirula Besta Berri gehienetarik desagertu zen, akordeoia sartu, klikak edo herriko fanfarreak muntatu. Gaur egun, kobrezko taldeek dute laguntzen besta hori. Tokika, txirulariak berriz agertzen dira meza-bezperetarik lekorat ematen diren dantzen jotzeko.

4Besta Berri, Herria, 1968ko ekainak 13.

5Ibid.

6Bordeleko Legebiltzarreko Gorteetako 1783ko uztailaren 30eko ebazpena, Lapurdiko merindadeko idazkaritza judizialaren buru den Yves Harismendyren eskariari so eginez, Hody-ko teniente nagusiaren aurka. Cf. (Duvigneau-Légasse, 1993, 22. eranskina).

7L'Avenir des Pyrénées et des Landes, 1885eko ekainaren 27a.

8Phesta Berri à Mendionde, L'Avenir des Pyrénées et des Landes, 1901eko ekainak 15.