Kontzeptua

Besta berriak Ipar Euskal Herrian

Besta Berri XIV. mendean hedatu zen Europa giristino guztian. Ipar Euskal Herrian, Baionako hirian garrantzi handia zuten Besta Berriek Erdi Aroan eta Aro Modernoan. Elizako eta hiriko agintariez gain, Sacrearen prozesioetan (Corpus egunekoa) agertzen ziren herriko korporazio edo ofizio gehienak, bakoitza bere aldare mugikorrarekin (ciris) eta soinulariekin (tambourin edo ttunttuneroak, arrabita eta atabalariak). Baionako milizia burgesek osatzen zuten prozesioaren zaintzeko ohorezko guardia (Hourmat, 1986) (Etchehandi, 1989). 1789ko iraultzak kendu zituen bai tokiko milizia bai korporazioak. Iparraldeko gainerako herrietan ere osatzen zen guardia bat, herri bakoitzak behar zituelakotz bestalde hainbeste gizon beti prest atxiki probintziako milizian zerbitzatzeko. Lapurdin, milizia probintziala 1.000 gizonekoa zen, teorian behintzat. Besta Berriz eta beste besta buruetan -Jondonibanez, Ezpeletan XVII. mendean- gizon horiek armaturik agertzen ziren, bestaren ospearen azkartzeko.

XIX. mendean, Frantzia guztian garde nationale sédentaire delakoa ezarri zuten zutik. Herri bakoitzean altxatzen ziren gizonak, eta bereizten ofizierrak. Emeki-emeki, guardia horren funtzio militarra gero eta sinbolikoago bilakatu zen, baina beti ospe zerbait atxiki zuen. Ofizierren hautatzeak eztabaida franko sortzen zituen. Itsasun, 1863an, suprefetak nahi izan zituen debekatu guardiak lagunduriko Besta Berriak eztabaida horiengatik, oroitaraziz guardia nazionalak ez zuela izaera ofizialik gehiago, salbu suhiltzaile gisa. 1870-1871 urteetako gerlatik landa, Thiers-ek deliberatu zuen garde nationale delakoa behin betiko kentzea. Halere, bere funtzio sinbolikoa atxiki zuen tokika, bereziki Lapurdi eta Baxenabarren, emeki-emeki gazteriaren ordezkatze sinboliko bilakatuz.

Guti edo aski, Bigarren Inperioan eta III. Errepublikaren hastapenean finkatu zen gaur egun ezagutzen dugun bestaren eredua. 1914-1918 urteen inguruan azkartu zen bestaren alderdi militarra, meza-bezpera ondoko guardiaren maniobrak zirela lekuko. Lapurdi eta Baxenabarreko herri gehienetan, hona nola iragaten ziren ospakizunak. Gazteriak, lehenik behar zuen bere burua antolatu. Kapitaina bereizten zuten beren artean. Herri anitzetan, kapitaina zen gazteria eta soinu-mutilen buru izanen zen urte guztiko, bai herriko besta, bai inauteri, bai beste edozein ospakizunetaz arduratzeko. Gehienetan, kapitaina herriko etxe onetarik ateratzen zen, eta ez zen arraro gazte denboran funtzio hori bete zuena berantago herriko kontseiluan aurkitzea, edo berdin auzapez bihurtzea. Gazteek, gero, jaun erretoreari galdegiten zioten Besta Berriz beztitzeko baimena. Ez zen formalitate hutsa: XX. mendean, behin baino gehiagotan gertatu izan zen herriko artzainak baimen hori gazteriari ukatzea, arrazoi desberdinengatik: elizan dantza eta soinurik ez zuelakotz nahi (Arbelbide, 2001; Guilcher, 1984), edo, Lekuinen bezala, gazteek tobera-mustra batzuei ez ziotelakotz uko egin (Guilcher, 1984, 439. or.). Barkoxen 1859an, Etxahunek salatzen zuen erretorea besta horren kontra agertu zela1. Noiztenka gertatzen zen baita ere herritarren arteko zatiketak eta gazteriaren batasun eskasa zirela medio. Denak ontsa zihoazelarik, behin jaun erretorearen baimena erdietsi eta, gazteek guardia antolatzen zuten: graduak partitzen, dantzatzen zen tokietan dantzak errepikatzen, manamenduak eta maniobrak ikasten, soinulariak arrestatzen, jantziak apailatzen, eta abar. Faustin Bentaberry, Garaziko dantza- eta soinu-maisua, luzaz Heletan ibili zen bi gerlen arteko Besta Berrikari.

Hona nola iragaten zen -eta, tokika, den- errituala. Besta Berri goizean, guardia badoa jaun erretorearen bila, eta elizarat laguntzen du. Herri batzuetan, herriko auzapeza eta kontseilariak ere laguntzen dituzte. Eliza-sartzea soinuak laguntzen du, behin Suisak eta ofizierrek abiatzearen seinalea eman eta. Elizan dantzan ari dira edo oilarrak eta zapurrak bakarrik, edo horiek berak gehi ofizier, Suisa eta soldadu batzuk, berdin denak, berdin nehor. Makilariak soinua eta bereziki atabala zuzentzen ditu (tambour major), gibelka dantzatuz eta puntuak markatuz makilarekin. Banderak itzulikatzen dira. Kontsakrazio- edo sagara-denboran guardiak ohoreak bihurtzen dizkio Sakramentu Santuari, beti soinuak lagundurik. Prozesio-denboran, guardiak Sakramentu Santuaren palioa zaintzen du; soinua eta kantuak aldizka entzuten dira. Prozesiotik landa, guardiak Sakramentu Santua berriz laguntzen du eliza barnerat. Erritual bera errepikatzen da arratsaldez, prozesiorik gabe aldi horretan. Bezperetan kantatzen dira Magnificat eta Benedicamus kantikak, soinuarekin aldizka. Bezperetarik landa, guardiak erretorea berriz laguntzen du apaiz-etxerat, eta plazan ematen dituzte kaxkarot-martxa, dantza-jauzi, makilari eta, tokika, Itsasu edo Bidarrain bezala2, dantza-korda, tokiko neska gazteak gonbidatuz. Goizeko eta arratsaldeko elizkizunetarik landa, guardiak herrian desfilatzen du, eske zerbait bat eginez, bereziki etxe handi3 eta ostatuetan. Egitarau bera errepikatzen da ondoko igandean, zortziurrenez, salbu prozesioa arratsaldez ateratzen dela, eta gehienetan ez dela lehen igandeko aldare beretarat joaten. Zortziurrenaz bezperetarik landa egiten den besta lehen igandekoa baino markatuago da; dantzek bereziki gehiago irauten dute.

1Barkoxen Besta Berri / Zen lehen besta handi / Bena ideki derezü zük muda eder hori / Desplazer egitia gatik hanko popüliari (Etxahun Barkoxe, "Barkoxeko eliza", 1859).

21900 inguruan, Milafrangan ere ematen zen dantza-korda. Pentsatzen ahal da lehenago eremu zabal batean dantzatzen zela bezperetarik lekora.

3Gerezietan, 1907an, gazteriak aise jasan zituen Besta Berri eguneko kontuak "Amerikano" bati esker (Eskualdun Ona, 1907ko ekainaren 7a).