Literatoak

Aurtenetxe Marculeta, Carlos

"Gizakiari bere oraina ikustea eragozten dioten arrazoiak aztertuta -idatzi du Patricio Hernandezek-, Aurtenetxe konturatzen da, agian, kausa nagusia gure jarduna betidanik baldintzatu duen botere eta menpekotasun harremanean datzala, harreman hori era gutxi-asko gainjarrian adierazten dela, edo makillatuta ere bai. Bere teoriaren arabera, oraina boteretsuarena da, eta menperatuari justiziazko etorkizun baten itxaropena besterik ez zaio geratzen. Harreman hori ez da anekdotikoa edo zirkunstantziala soilik, baizik eta haren poesia ulertzeko ardatz nagusietako bat. Harreman hori bera da, hain zuzen ere, dogmek eta sinesmenek desitxuratutako errealitatearen eta horren menpe dagoen gizakiaren artekoa. Izan dogma erlijiosoak edo politikoak, oraindik bizirik dirautenak, gizakiaren zoritxarrerako, gure erkidegoko gizarte-sarean. Horregatik, bere poesia jainko txiki horien aurkako salaketa etengabea da, gizakia, inolako lotsarik gabe, bere mailatik gora altxatzen dutenean engainatzen baitute, bere inguruan umiliazio-prozesu degradatzaile batera eramateko gai den ideologia bat sortuz, zeinean, justifikaziorik gabe, giza bizitzaren urraketak balioa hartzen duen. Bertso batzuk, Desembarco (1983-1984) poema-bilduman sartutakoak, oso paradigmatikoak dira ikuskera horretan: "Egun honetatik aurrera / erabaki dut ideia bat bera ere ez bururatzea, /lehoiak, amildegiak, eraikinak baizik. / Horrela ez ditut pentsatuko salbatzen gaituzten gauza infinituak, / bakarrik izango naiz / gauza arrunt eta benetakoak arriskuan. Bada, ni neu naiz ideiaz mozorrotutako eraikina, / hitzez, / kanpoko beste eraikin batzuetatik igarotzen dena, ezin dut / utzi bakerik".