Kontzeptua

Serora

Elizen, parrokien nahiz ermiten zaintzaren, eta gizartearen eta bere erlijiotasunaren hainbat alorren ardura hartzen zuten emakumeei zeritzen, eta deritze. Lekuen eta garaien arabera, gaztelerazko eta frantsesezko dokumentuetan izen ezberdinak eman zitzaizkien (serora, sorora, beata, freila edo freira, benoîte edo benedicta, hospitalera, emparedada, recluse, etab.), baina euskarazko literaturaren baitan XVIII. mendera arte serora hitza zen nagusi, are ondoren moja izena jasoko dutenak izendatzeko ere. Iparraldean erabilera hau mantendu egin da, eta horrela, Hegoaldean moja eta serora artean egiten den banaketa, hurrenez hurren, Iparraldean serora eta andere serora izenen bidez gauzatzen da.

Seroren aktibitateak arlo erlijiosoari nahiz laikoari zegozkien esparruetan kokatzen ziren, eta beraien berri batez ere Aro Berriko dokumentuetatik heldu zaigu, nahiz eta, gutxienik, Erdi Aroko garaietaraino ere egin litekeen emakumeon presentziaren jarraipen dokumentalik. Orokorrean, serorarik gazteenak, ezkondu ezin izanagatik edo nahi ez izanagatik ezkongabe mantendu ziren emakumeak izan ohi ziren; beste ohiko egoera bat, bere kabuzko bizitza mantendu nahi zuen alargunarena izan ohi zen.