Monarkia eta noblezia

Antso VI.a Gartzea

Iruñeko erregea (1150-1194), "Jakituna" ezizenez ezaguna.

Hamabost urte inguru zituela eskuratu zuen tronua, bere aita, Gartzea Ramirez "Osatzailea" hil ostean. Margarita de l'Aigle Rotrou zuen ama, Gartzea Ramirez erregearen lehen emaztea eta Margarita (Siziliako Guillermo I erregearen emazte izan zena) eta Blanca (gerora Antso IIIa Gaztelakoa izango zenaren emaztea) izan zituen arreba modura.

Antso VI.ak erregetza eskuratu zuenean finantza-egoera oso pattala zen eta Gaztela eta Aragoi nahiz Kataluniako erreinuen mehatxua ageri zen. Erregealdiaren hasieran Iruñearen egoera politikoa eskas samarra zen; Antso Gaztelaren zaintzapean izendatu zuten errege eta Aulki Santuarekin harremanak makurtu egin ziren Alfontso I.a "Borrokalariaren" testamentua onartu ez zuelako. Monarka hori Iruñea eta Aragoiko erreinuen oinordekoa izan zen Jainkoaren Jerusalemeko erlikia-hobiko, Jerusalemeko txiroen ospitaleko eta Salomoneko tenpluko aginte militarren esanetara. Dena den, 1134n hura hil zelarik, Gartzea Ramirez, Antso VI.aren aita, izendatu zuten Iruñeko errege. Aulki Santuak ez zuen begi onez ikusi haren inbestidura eta Iruñeko erregeei erregetasuna ukatu zien, duke gisa tratatzen zituelarik. Eragindako ordenei egindako emakida ekonomikoei esker gatazka arinduz joan zen.

Bere erregealdian Antso VI.ak hiriguneak sendotzeko lana gauzatu zuen. Horretarako, foruak eta hiri-gutunak aitortuz herria sendotu eta lurraldearen defentsa-sistema indartu zituen.

Bestalde, bera gobernuan zen bitartean monarkiaren instituzioa eta haren zentzu ideologikoa zehazteko prozesua zabaldu zen, modu horretan, erregearen autoritatea lurraldean barna hedatu zen. Lurraldean barna hedatzeko prozesu horretan "Iruñeko erregeari" egindako erreferentziak pixkanaka alde batera utzi eta "Nafarroako erregea" aipatzen zen. Horrez gain, Iruñeko erreinu zaharra "Nafarroako Erreinu" izendatu zen 1162an.

1194ko ekainaren 27an hil zen eta bere semea Antso VII.a Azkarrak ordeztu zuen.