Monarkia eta noblezia

Antso VI.a Gartzea

Gaztelarekiko muga sendotzeko politikarekin batera herrien sorrera iritsi zen, eta horrez gain, foruen onarpena hiribildu berrietara herritarrak erakartzeko xedez. Foru horiei esker, herri horietan bizitzen geratzen ziren bizilagunek hainbat pribilegio eta salbuespen jasotzen zituzten, horien artean, herriko kontzejuko agintariengandik epaituak izateko eskubidea, eta ez jaurgoetako botereengandik. Antso VI.ak 1164. urtean abiarazi zuen emakida-politika hori, Biasteriri Logroñoko forua emanez. Biasteritik, jadanik hiribildu bihurtuta, forua San Vicente de la Sonsierra (1172), Antoñana eta Bernedora (1182) hedatu zen. Lizarrak 1090ean bere forua (Jakakoan oinarritua) eskuratu zuen Antso V Ramirez erregearen eskutik eta 1164. urtean foru horren berrespena jaso zuen, haren bertsio zabalean. Atarrabiak ere Jakako forua jaso zuen 1184an, Iruñeko San Nikolas izeneko burgu berriko biztanleek zuten foruaren bidez. Garai horretan onartutako foruen artean aipagarri dira Donostia (1180) eta Gasteiz hiriei onartuak, gerora beste herri batzuetara hedatu zirenak. Donostiakoak Jakakoa zuen oinarri eta Lizarrako hedatua. Gasteizkoa berriz Logroñokoan oinarritzen zen.

Gutxienez hamarkada bat lehenago Nafarroako erregeak judutarren forua onartua zuen. Nafarroan judutarrek jarduera ekonomiko eta komertzialetan presentzia handia zuen gizarte-taldea osatzen zuten. Jarduera horietan ibiltzen zirenez eta, bereziki, maileguak egiteko askatasuna zutenez (erlijio kristauan begi onez ikusten ez zena) herrian diruzale eta lukurari ospea hartu zuten. Antso VI.ak Naiarako judutarren Forua (Alfontso I.a Borrokalariak 1121ean eman zuena) berretsi zuen Tuterako judutarren artean (1170), eta Funeseko judutarren artera hedatu zuen (1171). Aditu batzuen ustez judutarrek pairatzen zuten bazterkeria arintzeko xedez egin zuen hori, baina baita baliabide ekonomiko handiak zituen talde baten presentzia ziurtatzeko ere.