Gaztela eta Aragoaren artean mesfidantza areagotu egin zen pixkanaka eta hori mesedegarri izan zen Nafarroarentzat. Aragoiko Alfontso II.a erregea eta Antso VI.a Borjan elkartu ziren 1190eko irailaren 7an. Hitzordu hartan Gaztelaren aurkako defentsazko aliantza ezartzea adostu zuten. Akordioa hil horretan bertan berretsi zuten Darocan. Bi erregeek zenbait gaztelu jarri zituzten fidantza modura. Gaztelu horiek Fernando Ruiz de Azagraren zaintzapean geratu ziren.
Bestalde, 1191ko maiatzean, Antso I.a Portugalekoa, Alfontso IX.a Leonekoa eta Alfontso II.a Aragoikoa Huescan elkartu eta Gaztelaren nagusitasunaren aurkako aliantza orokorra eratzea erabaki zuten. Hurrengo hilean, ekainaren 11n, Alfontso II.a Aragoikoa Tuterara joan zen Antso "Jakitunarekin" egoteko. Ekainaren 24an Nafarroako erregeak bisita itzuli zion aragoarrari. Zaragozara joan zen semearekin batera eta harrera ikusgarria egin zieten. Aurrerago lortutako akordioei esker, bi monarkek euren armadak batu zituzten Soriako lurretan sartzeko. Dena den, Gaztelaren aurkako ekitaldi horrek ez zuen aparteko ondoriorik izan.
Aitzitik, elkarren ondoko erreinuetako harreman politiko eta diplomatikoak irauli egin ziren, Nafarroaren mesedetan. Abagunea are egokiagoa bihurtu zen Antso erregearen alaba, Berenguela, Ingalaterrako Rikardo I.a "Lehoi-bihotzarekin" ezkondu zenean. Aurrez Ingalaterrako monarkiak babesa Gaztelari ematen bazion, ordutik aurrera Gaztela eta Aragoiren artean Nafarroako Erreinua banatzeko zuten asmoaren aurka agertu zen.