Monarkia eta noblezia

Antso VI.a Gartzea

1173. urtean Nafarroako erregea egoera zailean zen eta Alfontso VIII.a Gaztelakoak aukera baliatu zuen Errioxan sartzeko. Lehenengo plaza batzuk bereganatu zituen Miranda de Ebro inguruan, Gaztela Zaharrean. Dagoeneko Errioxan sartuta, Grañon eskuratu zuen, Tiron ibaiaren adarkatze batean zegoena, Ozkabartetik eta Pazuengosetik hurbil. Leku horietara iritsi aurretik, beste hainbat herri baitaratu zituen, esate baterako, Ameyugo, Santa Gadea, Portilla, Treviana edota Cerezo. Uztailean Quel okupatu zuen Arnedo inguruan eta irailean Artajonara sartu zen, beranduago Iruñeraño ere iritsi zelarik.

Hurrengo urtean, 1174ko urtarrilaren 18an, Alfontso II.a Gaztelako erregearen arreba zen Santxarekin Zaragozan ezkondu zenean, Aragoi eta Gaztelaren arteko aliantza indartu egin zen. Urte hartako udaberrian, Gaztela eta Aragoiko monarkek elkarren artean Nafarroako Erreinua erasotzea adostu zuten eta Gaztelako monarkak Iruñean egindako erasoaldi bat zuzendu zuen. Oldarraldi horretan nafarrak Leguineko gotorlekuan gorde ziren bi egunez, Urroztik gertu. 1176ko uztailean beste sarraldi bat egin zuen erreinuaren barnealdera; Ebro ibaia Kalagorritik zeharkatu eta Leguineraino heldu zen berriz ere, hartako gaztelua hartuz. Abuztuaren 22an espedizioa Naiarara itzuli zen.