Monarkia eta noblezia

Antso VI.a Gartzea

Alfontso VIII.a Gaztelakoa adinez txikikoa zenez, Nafarroako erregeak ekintza politikoak errazago egin zitzakeen eta, egoerak irauten zuen bitartean, Antso VI.ak erreinuaren lurralde-osotasuna arriskutik at manten zezakeen. 1167ko urrian Gaztela eta Nafarroako erregeek hamar urteko tregua sinatu zuten Fiteron. Tregua hari esker, azkenik, sei urtez baretu ziren bi erreinuen arteko harremanak. 1173. urtean etorri zen haustura, Gaztelako erregeak, jadanik adin nagusiko zenak, Errioxa berreskuratu nahi izan zuenean Aragoiko erregearen laguntzaz.

1168ko abenduaren 19an Antso VI.ak eta Aragoiko Alfontso II.ak tratatu bat sinatu zuten Zangozako edo Vadoluengoko San Adrianen. Horren arabera, 20 urteko bakealdia sinatu zuten bi erregeek. Dena den, tratatu horrek beste helburu bat gordetzen zuen, Murtziako Lope erregearen baitako lurrak, alegia. Soilik hilabete eta erdi lehenago Aragoiko erregeak tregua bat sinatua zuen Loperekin. Orduan, Pedro Ruiz de Azagra, Lizarra eta Valtierrako jauna, aurrez Loperen baitakoa izan zen Albarracineko jaurerrian zegoen. Gartzea Ramirezen erregealdian zehar pertsona horrek laguntza eman zion, Iruñeari zegokion aldetik, Gaztelako erregeari Almeriako kanpainan. Jadanik Antso VI. aren erregealdian zehar harreman onak egin zituen Lope erregearekin; Murtziako erregeak soldata kristauak ordaintzen zituen eta, are, Ruiz de Azagrari leku estrategiko jakin batzuetan kolonia kristauak finkatzea baimentzen zion. Albarracineko Santa Maria eliza ere laga zion, eta gehienbat nafarrez osatutako kolonia bat ezar zezala ere baimendu zuen. Nafarroako Antso VI.ak eta Aragoiko Alfontso II.ak sinatutako tratatua, Nafarroaren ikuspegitik egokia zen Ruiz de Azagrak Loperen lurretan eskuratuz zihoan jabetza oro legeztatzeko. Eskuratze horien ondorioz, liskarra piztu zen Aragoiko erregearekin, izan ere, azken horrek Albarracineko Santa Maria markatuta zuen egiteko konkisten artean.