Kontzeptua

Artearen Historia. XX. mendearen amaiera eta XXI. mendearen hasiera

Arte

Euskal Herrian Peña Gancheguik diziplina testuingurutzeko helburuz historia berreskuratzea proposatzen zuen pentsamolde berri batek zehaztutako joera posmodernoa jada bere lanean bereganatuta zuen arren, lengoaia berriaren sarreraren aitzindari José Ignacio Linazasoro eta Miguel Garay gipuzkoarrak izan ziren Hondarribiko ikastolaren egitasmoarekin; ikasgune horretan, Linazasorok eta Garayk denboraz kanpoko eta berezko klasikotasun berri bat proposatu zuten, instituzionala eta monumentuzkoa, arrazionalista izan arren arkitekturaren iraganarekin elkarrizketan diharduena.

Ondoren, laurogeiko hamarkadan, ezaugarri nagusiena askatasun formala izan zen eta, arrazionaltasuna birsortu zen arren, zorroztasun konposatzaileagatik nabarmendutako lanetan funtzionalismoa, espresionismoa, historikotasuna eta erregiotasunaz gain detailearen zaintza eta maila zorrotzeko kalitatea bezalako hain desberdinak ziren tradizioak elkartzen ziren nolabaiteko eklektikotasuna, batez ere, nagusitu zen.

Hamarkada horretan, indargunerik eraginkorrena belaunaldi eta estilo desberdineko -Iñaki Usandizaga, Fernando Ruiz de Ocenda, Roberto Ercilla, Miguel Ángel Campo, Javier Mozas, Luis María Uriarte, José Luis Catón- arkitektoek osatutako talde arabarra izan zen. Talde horrek kalitate handiko lana egin zuen eta beste batzuen artean nabarmentzekoak dira Vitoria-Gasteizko gizarte etxeak eta Foru Ogasunaren bulegoak. Gipuzkoan, zeregin berbera egin zuen beste arkitekto talde batek -Javier Marquet, Luis María Zulaika, Xavier Unzurrunzaga, Francisco de León, Ángel de la Hoz, Joaquín Montero, José Antonio Pizarro, Manuel Iñiguez, Alberto Ustarroz-Euskal Unibertsitate Publikoaren campusa osatzen duten eraikinak edota Zumarragako hilerriaren lurpeko kripta bezalako lan estimulagarriak eginez.

Laurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, arkitekturak irakurketa minimalista, erraz, urri eta soilaren bitartez lengoaia modernoaren arrazionaltasuna berreskuratu du, eta nazioarteko arkitektura-esparruan estilo bakarra izan ez den arren -hortxe daude dekonstruktibotasuna edo informalismoa lekukotasuna emateko- Euskal Herrian arrakasta eta onarpenik gehien izan duena izan da. Inguruabar horrek berriro ere euskal arkitekturaren garapenean nagusia izan den sentiberatasunera garamatza, hau da, marra argi, neurridun eta errazetara alegia.

Hamarkada zabaldu eta bere ikur izan zen egitasmoa Donostian Rafael Moneok egindako Kursaaleko Entzunaretoa eta kongresuetarako jauregia izan zen. Eraikin harrigarri horretan, Moneok aurreko arkitektura-tradizio guztia -arrazionaltasuna, organizismoa-bildu zuen, eraikin funtzional, poetiko eta artistikoago bat egiteko urrats aurrerakoi bat gehiago ematen, tradizio minimalista eta land-art izenekoarekin bat egiten duelako, ausartuz. Horrela, Kursaalari jarraituz, -eta Moneo berak ere Donostian egin berria duen Loiolako Errebiretako elizan- azken urteotako egitasmorik interesgarrienek marra zorrotzen garrantzian nabarmendu dira, izaera abstraktudunetan, espresiorik gabekoak izan ez arren. Edozelan ere, narotasuna eta aniztasuna dira beste berezko bereizgarri batzuk, tipologia bereko eta antzeko datetan klasikotasun zorrotza berrinterpretatzen den Nafarroan Manuel Iñiguez eta Alberto Ustarrozek egindako osasun etxea eta moduluzko errepikatze abstraktoan oinarritutako eraikuntza den Luis Maria Uriartek Vitoria-Gasteizeko Ariznavarrako osasun etxea bezalako lanak aurki ditzakegu. Aldiz, Okako Iruñako kirol parkean, Roberto Ercillak eta Miguel Ángel Campok paisaia izaera nagusi den antolaketa nahiago dute, Ignacio Vicens eta Jose Antonio Ramosek Iruñako Nafarroako Unibertsitateko euren giza zientzietarako fakultatean izaera espresibodun bolumenen apustuaren aldeko diren bitartean. José Luis Catonek aldiz, Vitoria-Gasteizko Artium museoan arkitektura arrazionalista historikoa industria-estetikarekin elkartzen du.

Arte

Belaunaldi berrien artean lengoaia arrazionalista zehatz baina adierazgarria ondoen erabiltzen jakin izan duena Francisco José Mangado nafarra izan da. Horrela, Oliteko Bodegas Marco Real eta Carlos IIIaren enparantza, Lizarrako Foruen Enparantza, Zuastiko Club de Campo, Iturramako osasun etxea, Mendillorri haurtzaindegia, Iruñako Baluarte entzunaretoa eta kongresuetarako jauregia edo Vitoria-Gasteizeko Museo Arkeologikoa bezalako lanetan Mangadok lan neutro eta sendo batez egitasmoen esentzia, zailtasuna eta heterogeneotasuna jaso, erraztu eta garbitzen dakizkiala erakutsi du.

Bide beretik aritu da Eduardo Arroyo bizkaitarra, bere lanik oraintsukoenetan -Sondikako haurrentzako eskola, Barakaldoko Basamortuaren plaza, Barakaldoko Lasesarreko futbol zelaia- sinplifikazio formalari forma propioen elkartzearen emaitza den osagarri estetiko ukaezina eransten dion arren, forma propioak hiri-mosaiko arin eta aldakorra osatuko balute bezala.

Amaitzeko, gure lurraldean arkitekto kanpotarrek egindako lanak ezin ahaztu ditzakegu. Egun arte asko izan ez diren arren, gero eta gehiago dira -Jordi Garcés eta Enric Soria arkitektoek Iruñan egindako Nafarroako Museoa, Beatriz Matos eta Alberto Martínezek Basaurin egindako gizarte etxebizitzak, Federico Soriano eta Dolores Palaciosek Bilbon egindako entzunaretoa eta kongresuetarako jauregia, Santiago Calatravak egindako Loiuko aireportua, Fuensanta Nieto eta Enrique Soberano Donostian egindako San Telmo Museoaren handitzea-, eta azken urteotan euretariko bik guregan zirrara handia eragin dute. Lehendabizikoa, Norman Foster britainiarraren lanik interesgarrienetariko bat, ingeniaritza eta arkitektura maisutasunez elkartzen jakin duen Bilboko Metropolitarra da, zulatze-sistemaren beraren moldea adierazten diguten lurpeko galeria bihurgunetsuak azpimarratuz, eta bigarrena Frank Gehry estatubatuarraren Bilboko Guggenheim Museoa da. Itsasadarraren industria-ertzean eraikia, eraikinak hiri egitura zaila bereganatu eta hegazkin-industriaren informatika programa batetik abiatuz tamaina desberdineko pieza-sorta batzuk ezartzen diren beiradun atrio ikaragarri baten inguruan antolatzen da; pieza horiek titanio ezkataz estalita agertzen dira, eraikina, bakarra, berezia, bere ikur-ahalmenagatik eta bere izaera mintzodun eta zoragarriagatik ere miresgarri izatea bihurtuz.