Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-museoa 2002ko apirilaren 26an inauguratu zen Arabako Foru Aldundiak bultzatuta. Horretarako, Arabako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Kultura Ministerioa eta Gasteizko Udalak elkarlanean aritu behar izan ziren. Instituzio horiek osatzen dute ARTIUM Fundazioa. Fundazio horrek kudeatzen du museoa, museoarekin lankidetza egonkorra mantentzen duten beste erakunde pribatu batzuekin batera.
Gasteizko Frantzia kaleko autobus-geltoki zaharraren orubean altxatu zen oin berriko museo hau, Jose Luis Caton arkitektoaren eskutik. Eraikinaren helburua Arabako Foru Aldundiak duen (XX. mendearen erdialdetik gaurdainokoa) arte garaikideko bilduma handia gordetzea da. Hogeita bost urtez hainbat arrazoi zirela medio gauzatu ezin izan ziren proiektuekin borrokan izan ostean, museoa behin betikoz ireki zen 2002ko apirilaren 26an.
Ordura arte, funts horiek Arabako Arte Ederren Museoan gordetzen ziren, bertako espazio betea arte sakratuko bildumekin (gaur egun, Katedral Berriko Museo Diozesiarrean) eta euskal kostunbrismoko gaiekin (Augusti Jauregian mantentzen da) partekatuz.
1975. urtean ezarri ziren arte garaikideko bilduma publiko honen mugarri edota zimenduak, garai hartan oso berritzaile eta arriskatua zen erosketa eta eskuratze politika adimentsu bati esker (garaiko Espainiako instituzioen artean ez zegoen antzeko aurrekaririk ia). Bilduma horretan, gaur egun, bidezko harrotasunez, 1600 pieza baino gehiago daude ikusgai, horien artean maisu bikain eta paregabeak aurki daitezke, esate baterako, Picasso, Miro, Tapies, Dali, Clave, Saura, Viola, Gordillo, Palazuelo, Eduardo Arroyo, Jose Caballero, Antonio Lopez, Oscar Dominguez, Cronica Taldea edota Miquel Barcelo. Zerrenda luze horri azken belaunaldietako Arabako eta Euskal Herriko artearen ordezkari kualifikatuenen izenak gaineratu behar zaizkio, esate baterako, agian pertsonaia adierazgarri modura, Ortiz de Elgea, Oteiza, Chillida eta Ruiz Balerdi.
Etengabeko bildumaz gain, erosketa eta eskuratze berriekin aberasten jarraitzen da Artium museoa. Horrela, aldi baterako erakusketen programa zabal batekin, berezko funtsak ez ezik, bestelako proposamen oso anitzak (zinema, musika, dantza, performancea, etab.) ere erakusten dira txandaka, gorantz doan arte modernoaren sentimendu eta estetikarekin lotuak.
Museo-erakundeak arte garaikidearen historiako doktrina-oinarrietan espezializatutako dokumentazio-zentro bat barneratzen du, eta bertako lan-ildoetan funtsezkoa da eskola-ume, irakasle eta, finean, publiko orokorrari zuzendutako hezkuntza-proiektua.
- LLANOS, Armando. Museos en Gasteiz y Álava. Colección, memoria y pedagogía, en Vitoria-Gasteiz. Donostia: 1994.
- VVAA. Museos [del País Vasco]. Bilbo: Eusko Jaurlaritza, Kultura Saila, 1995 (2001eko bigarren edizio bat dago).
- VVAA: "Artium: memoria de un museo", en El Correo (eranskin berezia), 2002ko apirilak 25.
- VVAA. Museos de Álava. en Album Letras-Artes. 68 zenb., Madril: Primavera de 2002.
- VVAA. Artium: colección: catálogo. Vitoria-Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 2004.