Eskultoreak

Lucarini Macazaga, Joaquin

Arabar eskultorea. Frontetxan jaio zen, 1905ean, eta Burgosen hil, 1969an.

Angel Lucarini italiar eskultorearen semea zen, eta haren sen artistikoa oinordekotzan hartu zuen. Araban bizi ziren, aita Gasteizko katedral berrian lanean ari zelako, eta Joaquin bertatik Bilbora abiatu zen, Arte eta Lanbide Eskolan ikastera. Larrea eta Basterra irakasle izan zituen. Hogeiko hamarkadan zehar, sari ugari lortu zituen margoan zein eskulturan, eta hainbat erakusketetan parte hartu zuen (Euskal Artisten Elkartea, 1925). Gainera, Araban, Bizkaian eta Madrilen, oso kritika onak jaso zituen aurkeztutako lehen obrekin. Garai hartako lanak tradizio errealistan sartzen ziren, baina barroko naturalista espainiarraren zantzuekin (El Hambre, 1928). 1929an, Arabako Foru Aldundiak diru-laguntza eman zion, eta Frantziara joan zen. Bertan, Akademiaren Goi Mailetan gailendu zen, eta haren Enfant anormal obrak laudorioak jaso zituen paristar kritikaren aldetik. Urte hartan, Bilboko Kirol Klubaren eskultura apaingarriak egin zituen.

1930ean, Belgikan zehar bidaiatu zuen, ikasketak hedatzeko, eta Arabako Aldundiaren enkarguz, brontzezko eta marmolezko eskultura batzuk egin zituen, Lezako tuberkulosiaren kontrako erietxerako. 1931n, Italia korritu ondoren, eskultura klasikoaren tradizioan murgildu zen. La Victoria de la Música zizelkatu zuen zuen, 1932ko Madrilgo Arte Ederretako Erakusketa Nazionalerako, eta lan horri esker, ikasketa-beka eman zioten. Hurrengo urtean, Jose Cruz de Lerchundiren bustoa egiteko lehiaketa bat irabazi zuen, Donostiako Erruki-etxean kokatuko zena. 1934an, Madona bat aurkeztu zuen Euskal Artisten Erakusketan, eta saria eman zioten Gasteizko Udalak antolatutako Lehiaketa Nazionalean, Posta kalearen apainketa esleitzea helburu zuena.

Monumentalismorako joera zuen, monumentu erraldoiak gustuko zituen garai batean. Erretratugile nabarmena izan zen, eta eskultura erlijiosoan gailendu zen batik bat. Bermeoko Karmeldarren Jesusen Bihotza egin zuen, 1935ean. Bi urte beranduago, erakusketak egin zituen Parisen, Londresen, Moskun, Mexikon eta Buenos Airesen. 1938 eta 1940 artean, une historiko hartan ohikoak ziren obra "heroikoak" ere egin zituen, hala nola Logroñoko eta Gasteizko Hildakoen Monumentuak. 1942an, SESAko (Burgos) kaperaren estatuak egin zituen, eta nabarmentzekoak dira lan horiek, ospe handia eman baitzioten. 1946 eta 1948 artean, estatua erlijiosoak zizelkatu zituen, esaterako: Deustuko San Pablo elizaren estatuak, eta lau ebanjelariak, Bilboko Santiago Apostoluaren eliza berrirako. 1950ean, lehen saria irabazi zuen Antso Jakitunaren monumentua eraikitzeko lehiaketan, donostiar udalak deitutakoa. Halaber, 1953an, "zidiano" gaiaz 8 eskultura egiteko lehiaketa irabazi zuen, eta Burgosko Santiago zubian jarri zituzten. Obra horrek zona handia eman zion, eta hurrengo urteetan, gai beraren inguruko eskulturak egin zituen Burgosko Udalarentzat. 1956an, Birjina bat zizelkatu zuen Donostiako Urgull Mendiko kaperarako, eta hurrengo urtean, Lemoan (Bizkaia) Hildakoen Monumentua egin zuen. 1958 eta 1960 artean, hainbat tailu enkargatu zizkioten donostiar seminariorako, eta baita ere San Frantzisko Xabierren monumentua Bilbon nafar sainduak duen elizarako, azken hori balio handiko obra izanik.

Haren obra dira, halaber: Fleming doktorearen bustoa, Bilbon (1962); Begoñako Ama, 1963an Gaztelugatxeko Donieneko golkoan urperatu zutena; Sardinera monumentua, Santurtzin (1964) eta Hernan Cortesi dedikatutako monumentua, Basaurin (1959).

1985ean, Gasteizen Lucariniren erakusketa antologikoa antolatu zen.