Kontzeptua

Artearen Historia. Eskultura

XIX. mendearen lehendabiziko urtetan eskultura erlijiosoak jarraipena izan bazuen ere, estatu zentralen arte akademien indarrak eskultura beste norabidean jarri zuen. Frantziako Iraultzak, hiritarrentzat ereduak izan behar zuten baloreak indartzeko betebeharra eman zion arteari eta horregatik eskultura publikoak garrantzia hartu zuen. Gainera, guztiontzat gogorarazteko moduko gertakizunak eta pertsonaiak irudikatzeko beharra bultzatu zuten agintari burges berriek; beraz, hiriak eta herriak monumentuz bete ziren XIX. mendean. Horretarako eskultura akademikoa tresna egokia zen, gustu zentralizatu eta kontrolatuak historiaren eta politikaren interpretazio egokiak ziurtatzen zituelako.

Kanpoko eskultoreei agindutako monumentuen artean Gaiarre kantariari Erronkariko hilerrian eskainitakoa eta Bilbon Diego Lopez de Harori eskainitakoa aipatu daitezke, biak Mariano Benlliurerenak. Bertako eskultoreen artean Marcial Agirre izan zen trebeena (Okendori monumentua Donostian, adibidez).

Modernitatearen hasierak akademiaren arauak puskatzeko gogoa piztu zuen. Parisko arte joera batzuek Akademiaren autoritatea zalantzan jarri zuten, eta subjektibotasuna ardatz moduan jarrita, jarrera esperimentalagoak lantzen hasi ziren.

Eskulturak ez zuen lan erraza izan eta Rodinen irakaspenak nekez iritsi ziren gure artera. Parisko berrikuntzak bereganatzen lehenetariko bat Nemesio Mogrobejo bilbotarra izan zen. Eskultura klasikoaren irakaspenak akademiaren ildoekin puskatzeko erabili ondoren, Rodinen berrikuntzak onartu zituen, Europa erdialdeko modernismoaren ezaugarri batzuekin batera.

Hala ere, Frantzisko Durrio izan zen modernitate paristarra zeharo bereganatu zuen Euskal Herriko lehen eskultorea. Parisen igaro zuen ia bizitza guztia eta bere lanak, sinbolismoaren eragina jaso zuen, baina baita naturan oinarritutako modernismoaren forma berritzaileena ere, bitxietan eta eskultura apaingarri txikietan batez ere.

Horrela, bidea zabalik zegoen hurrengo belaunaldikoek joera berritzaileagoak lantzeko. Hala nola, XX. mendearen hasieran Parisen ikasten egon zen belaunaldiak eskultura egiteko era modernoak Euskal Herriko egoerara egokitzeko lana egin behar izan zuen. Pintoreak nagusi ziren belaunaldian eskultura bide xumetik ibili zela dirudi, baina ez dago ezberdintasun handirik asmotan eta artelanak gauzatzerakoan.

Quintin de Torre izan zen, belaunaldi horretan eskultorerik garrantzitsuena. Pintoreak bezalaxe, Parisko modernitatea, inpresionismoaren ondorengo joerena batez ere, tradizioarekin orekatzea zuen helburu, eta horretarako Espainiako eskultura barrokora jo behar izan zuen.

Proiektu moderno kontserbatzaile horrek ez zuen eskulturan arrakasta handirik izan, edo ez behintzat pinturan izan zuen arrakasta bera. Eskultore gutxi ezagutzen ditugu XX. mendearen 20ko hamarkadatik aurrera, Valentin Dueñas, Durrioren ikaslea, izan daiteke horietako bat. 30eko hamarkadara iritsita, Joaquin Lukarini aipatu behar dugu, agian Errepublika garaiko eskultorerik interesgarriena.

Hala ere, 30eko hamarkadan Donostialdean topatuko dugu eskultorerik aipagarriena, hurrengo urtetan izan zuen sona kontuan hartzen badugu behintzat: Jorge Oteiza. 1935. urtean Narkis Balenziaga pintorearekin Ameriketara egindako bidaiak moztu zuen Oteizaren ibilbidearen lehenbiziko urratsa. Baina, material berrietan egindako eskulturak, zementuan adibidez, eta figurazioa esperimentazio ia zientifikoarekin elkartzeak hurrengo urtetako lana iragartzen ari ziren.

Gerra Zibilak artista askoren ibilbidea moztu zuen; artista asko hilda, atzerriratuta edo isiltasunean bizitzen, Gerra osteko arte egoera penagarria erakusten dute. Frankismoak modernitate zentzu guztiei mesfidati begiratzen zionez, arte akademiko kontserbadoreena nagusitu zen inguru ofizialetan.

Oteizaren bueltak 1948an eskulturaren gerra aurreko ibilbidearekin bat egitea posible egin zuen. Ordurako artista gazteagoak ere bide pertsonalak eta ez akademikoak lantzen ari ziren, adibidez Eduardo Txillida gazte batek Parisen egindako egonaldiak eskulturaren bide berriak lantzeko aukera ematen zuen.

Horregatik urrats erabakigarria izan zen asmo berritzaile horiek guztiak Arantzazun bat egitea. Arkitekto, pintore eta eskultore berritzaileek Euskal Herriarentzat sinbolikoa izan behar zuen gunea sortu nahi izan zuten. Oteiza, Nestor Basterretxea eta Agustin Ibarrolaren arteko elkarketak 60ko hamarkadan antolatu ziren Euskal Eskolen Mugimendua delakoa ahalbidetu zuen.

Euskal Eskola Mugimenduaren barruan, Gipuzkoako Gaur taldean Remigio Mendiburu aipatu behar dugu Oteiza, Txillida eta Basterretxearekin batera. Bizkaiko Emen taldean, Vicente Larrea eta Jose Ramón Carrera. Araban, Orain taldean Jesus Etxebarria eta Nafarroan Jose Ulibarrena.

Oteizaren eta Txillidaren ereduek eragin handia laga zuten Euskal Herriko 70ko eskultore gazteen artean. Bide pertsonalagoak eta postmodernitatearen jarrera zabalagoak iristen ari ziren, hala ere. Andres Nagel izan daiteke maisu handiengandik gehien urrundu zen eskultoretako bat, kolorea, figurazioa, material plastikoak eta abar erabili zituenean.

80ko hamarkadan Oteizaren bide esperimental zorrotza hartuta, eskulturaren planteamendu berriak egiteko aukera zabaldu zuen sortu berria zen Arte Ederren Eskolaren inguruan bildutako eskultore talde batek: Txomin Badiola, Angel Bados, Juan Luis Moraza eta Maria Luisa Fernandezek, "euskal eskultura berria" izenarekin ezagutu zen egiteko era landu zuten.

Joera hau nagusi izan zen 90eko hamarkadan, Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen Arteleku izeneko arte zentroan emandako tailerrei esker. Bertatik eta Arte Ederren Fakultatetik irten ziren gaur egun ondo ezagunak diren eskultore gazteagoak eta baliabide ezberdinak erabiltzen dituzten beste artista gazte asko.

Hain zuzen, azken garaiko artearen ezaugarrietako bat, baliabideen arteko bereizketa ez egitea izango litzateke, beraz, eskultura zentzu estuan eta tradizionalean desagertu dela esan dezakegu, nahiz eta artista gazte askok abiapuntu eta prozesu moduan erabili gero beste ondorioetara iristeko.