Kontzeptua

Artearen Historia. Eskultura

Ez dirudi hiru dimentsiorako joera handirik zuenik gaur egungo Euskal Herrian Paleolitoan bizi ziren gizakiak. Zoritxarrez, ez ditugu oraindik aurkitu gizaki haiek landutako arte objektu gehiegirik, harpetako pinturekin edo erabilgarriak ziren tresnekin alderatzen badugu behintzat.

Isturitz (Donamartiri, Nafarroa Behera) izan daiteke Euskal Herriko aztarnategien artean salbuespena, Madeleine aroko (k.a. 15.000-10.000 urte bitartean) hezurrean egindako tresna eta objektu ugari aurkitu direlako. Bertan, hiru motatakoak desberdindu ditzakegu: erabilgarriak diren tresna dekoratuak, irudiak eta apaingarriak. Sarritan hiru mota hauek ez dira gehiegi bereizten eta guk eskulturatzat har dezakeguna, apaingarria izan zitekeen garaian, edo alderantziz.

Hezurretan eta harlauzetan egindako grabatuak, marrazkiaren ikuspuntutik eginda daude -Torreko hezur ziria edo Ekaingo harlauza, adibidez-, eta harpetako pinturen arte kontzeptu beraiek islatzen dituzte. Hala nola, azken urtetan Praileaitzen aurkitutako harrizko zintzilikarioak eta Ekainen aurkitutako hegazti baten itxura duen hezurtxoak, gero eta errazago egiten dute Euskal Herriko arte produkzioa Europako beste produkzio guneekin alderatzea.

Neolitoan ere, ez ditugu aurkitu hiru dimentsioko objektu artistiko gehiegirik, eta Metal Arora arte itxaron beharko dugu Euskal Herrian eskultura hitzarekin izenda daitezkeen artelanak aztertzeko. Trikuharrietako hilobietan aurkitutako hezurrezko espatula antropomorfoak, adibidez Guardiako San Martinen eta Kripango Los Llanosen, Paleolitiko ohiturak akordarazten dituzte, eta oso eskematikoak diren El Alto de la Cruz (Cortes, Nafarroan) Burdin Aroko (k.a. 900-350) aztarnategian aurkitutako buztinezko idolotxoak izan daitezke eskulturara hurbiltzen diren objekturik argienak.

Hala ere, zeramikaren asmatzeak, bolumenaren gaineko praktika berria ekarri zuen, ezerezetik forma bat egitea eskatzen zuelako eta gehienetan dekorazioa gehitzen zitzaiolako.

Metalen galdaketarekin ere antzeko zerbait gertatzen da. Ezerezetik forma bat egitea eskatzeaz gainera, dekoraziorako euskarria ere izaten da oro har. Brontze eta Burdin garaietan erabilgarriak eta apaingarriak ziren objektuak topatu ditugu, baita Euskal herrian ere. Hala ere, apaingarriak eta erritualak diren objektuen artean desberdintzea ez da lan erraza. Adibidez, La Hoya Guardiako herrixkan aurkitutako brontzezko lauburuak apaingarrietan eguzki sinboloak edo besteak erabiltzen zituztela aditzera ematen dute.

Harrian egindako grabatuak eta erliebeak ugariak dira garai honetan, gero hain landuak izango diren disko formako estelen hasiera izango delako. Gehienak ehorzketa munduari lotuta daudela dirudi, adibidez Iruña-Veleiako K.a. II. eta I. mende artean dagoen zaldizko estela. Bakarkako eskulturatik hurbilago dago Bilboko Euskal Museoan gordeta dagoen Burdin Aroko zezen edo antzeko animali oso eskematikoaren itxura duen harritzarra. Durangoko Mikeldi izeneko ermitan aurkitu zuten, eta hanka artean eguzki diskoa dauka.