Eskultoreak

Mendiburu Miranda, Remigio

Eskultore gipuzkoarra, euskal eskultura garaikidearen eskolako ordezkari nagusietako bat. Hondarribian jaio zen 1931n. Oso gazte zela ihes egin zuen gerratik, bakarrik eta oinez Frantziara jo zuen. Esperientzia horrek arrasto nabarmena utzi zuen bere bizitzan.

Bere izaera sortzailea berrogeita hamarreko hamarkadan hasi zen loratzen, hain zuzen, bere prestakuntza-aroan. 1956an Madrileko San Fernando Arte Ederren Eskolan ikasi zuen ikasle libre modura. Handik gutxira Bartzelona jo zuen San Jorge eskolan aritzeko. Han abangoardiako artistak eta intelektualak ezagutu zituen, besteak beste, Tapies, Guinovart, Llorens-Artigas, Miro, Mensa, Brossa, etab. 1958an Parisera bidaiatu zuen eta informalismoarekiko interesa ernatu zitzaion. Joera hori ez zen bere obratik aparte ibili. Hurrengo urteko abenduan eskultura arloko lehen saria jaso zuen Gipuzkoako Artista Berrien XIX. Erakusketan, probintziako Foru Aldundiak antolatzen zuena. Náufragos (bi bertsio, bata erliebean eta bestea kontra-erliebean), Maternidad, Hombre de Mar, Mujer eta Sueño izeneko obrekin lehiatu zen sariketa horretan.

1962an Arte Plastikoen I. Lehiaketa Nazionalaren probintziako deialdian parte hartu zuen. Lehen saria eskuratu zuen Escultura n.º 2 obrarekin. Horri esker, Madrileko Lehiaketa Nazionalean lehiatu ahal izan zen. Urte hartan "Arte Actual" kolektiboaren barnean bere obra erakutsi zuen Basterrechearekin batera Hondarribiko Carlos V. aren gazteluan.

1963an "Gure Denboraren Presentzia" erakusketa kolektiboan parte hartu zuen Bartzelonako René Met Galerian eta bere karreran oso garrantzitsua izan zen obra bat osatu zuen, Jaizkibel mendiko monumentua, alegia.



1965ean "Ciclo de Arte de Hoy" ekimenak antolatutako "Man 65" erakusketan lehiatu zen. Urte hori jardun bizikoa izan zen Mendibururentzat. Bere jaioterriko "Arte Actual" erakusketa kolektiboetan parte hartu zuen eta, era berean, Bilbo eta Gasteizen jarri zuen bere obra ikusgai; horrez gain, Madrileko Neblí aretoan eta Donostiako Aranaz Darras aretoan bakarkako erakusketan antolatu zituen; Veneziako Bienalaren XXIII. Edizioan parte hartzeko hautatu zuten eta March Fundazioak beka bat onartu zion.

1966an, Euskal Eskolako Mugimenduaren Gaur Taldeko kide zela, zurezko hiru lan aurkeztu zituen (Enborbarru, Lagar eta Dunbots) kolektiboak Donostiako Barandiaran galerian egindako erakusketan. Hilabete batzuk beranduago, Euskal Eskolako Mugimenduaren gainerako taldeekin batera, obra ikusgai jarri zuen Bilboko Arte Ederren Museoan Emenekin batera, eta Arabako hiriburuko Amarica Museoan Emen eta Orain taldeekin batera.

1968an eskultura garaikidearen erakusketa kolektibo batean parte hartu zuen Bartzelonan eta, bakarkako erakusketa bat egin zuen Donostiako Huts Galerian.

Hurrengo urtean, bakarkakoa egin zuen berriro, oraingoan Bilboko Grises galerian eta, era berean, hiriburu horretako museorako pieza bat egin zuen.

1970etik aurrera Mendibururen dibulgaziozko jarduna, 65ean hasi zena, murriztu egin zen. Hortik aurrera euskal artisten erakusketetan parte hartu zuen eta, hainbat erakusketa salbuetsita, nazio mailako nahiz nazioarteko erakusketa kolektibo zein bakarkakoak alde batera utzi zituen. Urte horretan Mexikoko Arte Ederretako Jauregian ospatutako "Euskal Pintura eta Eskultura Garaikidea" erakusketan parte hartu zuen Basterrechea, Chillida eta Larrearekin batera.

1971n Valentziako "Metala Artean" erakusketa nazionalera eraman zuen Tiempo de Vuelo obra. Horrez gain, Bilboko Mikeldi galerian bakarkako beste erakusketa bat egin zuen. 1971ko abenduaren eta 1972ko otsailaren artean Barakaldon (Bizkaia) "Bereizketarik gabeko Euskal Artearen Lehen erakusketa" ospatu zen. Tortura para un trozo de hombre obrarekin kolaboratu zuen hartan.

1972an "Euskal Artearen I. Erakusketan" parte hartu zuen Tolosako Zabala jauregian, Sugan eta Gizaki batentzat odol-Zigorra eskulturekin. Urte horretan bertan, Iruñako "Topaketak" barruan Egungo Euskal Artearen erakusketan parte hartu zuen, Chillida eta Basterrechearekin batera. Nafarroako Museoan ospatu zen hura. Halaber, urte horretan Madrilen La Estrella Aseguru-etxeak antolatuta ospatu zen "Espainiako Eskultura Garaikidearen I. Zikloa" delakoan parte hartu zuen Eduardo Chillida lehiakide zuela. Beranduago, Azpeitiko Antxieta etxean egindako "Euskal Artearen Erakusketan" parte hartu zuen. Azken hori Gipuzkoako Aurrezki-kutxak antolatu zuen.

1973an, Basterrechea, Oteiza, Chillida eta Ugarte alboan zituela, Madrileko Skira Galerian ospatu zen "Bost euskal eskultore" erakusketan aurkeztu zuen bere obra; orobat, Basterrecheak hondarribiarra aukeratu zuen "Barakaldoko Arte Plastikoen II. Erakusketan" Gipuzkoako ordezkari izateko, Balerdi, Goenaga eta Zumetarekin batera. Dena den, 4 artistek probintziaren ordezkaritza ez zutela islatzen uste zuten eta, horregatik, ez ziren deialdira agertu. Urte hartako abenduan eta 1974ko otsailean Tenerifen ospatutako "Kaleko Eskulturaren Nazioarteko I. Erakusketara" eraman zuen Dado para 13 obra, hormigoia erabiliz egin zuena.

1974an, era berean, aire zabaleko bi erakusketatan parte hartu zuen, Las Mataseko Golf Klub Berrian eta Vigoko Castron; Bizkaiko hiriburuko Mikeldi Aretoan bakarkako erakusketa antolatu zuen eta Donostian Estudio Galerian Julio Beobideren omenez egin zen erakusketan parte hartu zuen.

1975ean erakusketa kopurua nabarmen areagotu zen. Granadan ospatutako "Eskultura handien eskultura txikiak" izeneko erakusketan parte hartu zuen Mendiburuk. Erakusketan hogeita hamar eskultore garaikideren obrak paratu ziren, funtsean espainiarrak. Euskal Herriko kulturari dagokionez, "Pintura eta Eskultura Erakusketa Jakintzan" izenburupean Gipuzkoako CAP Aretoan egindako erakusketan nahiz Iruñako Dag Galerian egindakoan parte hartu zuen, biak kolektiboak. Horrez gain, bakarkako erakusketa antolatu zuen Bilboko Luzaro Galerian eta Gipuzkoako CAP Aretoan beste erakusketa kolektibo batean parte hartu zuen Basterrechea eta Ugarterekin batera.

1976an Basileako "Artearen Nazioarteko VII. Feriako" Espainiako ordezkari izateko hautatu zuten. Gainera, Donostiako San Telmo Museoan "Euskal Artistek Bilintxen Omenez egindako Erakusketan" parte hartu zuen. Balerdi, Zumeta, Chillida eta Basterrechearekin batera zenbait obra aurkeztu zituen Hondarribiko Txantxangorri Galerian. Horiei buruz hau dio Genuak:

"Mendiburuk, Intzako baserrian, Nafarroan, ezkutatutako hondarribiarrak, landa kutsu handiko obrak dakarzkigu, nekazaritzako lanaren elementu tradizionalekin bat eginda egongo balitz bezala"

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Halaber, Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Zumalakarregiren etxean ospatutako euskal artearen erakusketan ere parte hartu zuen. 1976-1977 bitartean Donostiako Gipuzkoako Aurrezki-kutxaren eraikin nagusiaren atondoan kokatutako zurezko eskultura muralak egin zituen, Ruido del Abismo eta Viento del Abismo izenburua dutenak.

1978an Pariseko Palais Royal ospetsuaren lorategietan ospatutako "Eskulturako Europako Lehen Trienalera" joateko aukeratu zuten Ricardo Ugarterekin batera. Arri biur harrizko eskultura aurkeztu zuen Mendiburuk. Erakusketa kolektibo hauetan parte hartu zuen: "Euskal Pintura eta Eskultura" Euskal Pintura eta Eskulturaren Udako Lehen Aretoaren barruan, Donostiako E2 galerian. "Euskal Artea 78" Bilboko CAM aretoaren kultura gelaren inaugurazioan. Horrez gain, "Erakusketa 78" Faustino Orbegozo fundazioak antolatutako erakusketa ibiltarian parte hartu zuen.

1979an "Euskal Eskultore eta Pintoreen Erakusketa Kolektiboan" parte hartu zuen (Donostiako Arte Galeria) eta "Artea Getarian 79" erakusketan, Gipuzkoako herri horretako Erakustoki aretoan. Orobat, Hondarribiko Ttopara eta Portico galerietan erakusketak antolatu zituen beste euskal artista batzuekin batera.

AMA

Laurogeiko hamarkadan, aurreko hamarkadarekin alderatuta, Remigio Mendiburu gutxiago atera zen jendaurrera, bai bakarkako erakusketetan eta baita tokiko erakusketa kolektiboetan ere. Hala ere, nazioarteko bi erakusketetan parte hartu zuen: Chicagoko Milla 3 Nazioarteko Eskultura Ferian (1984) eta Hostoa taldeko kide gisa Alemanian egindako erakusketa batean (1986).

1981eko apirilaren 28tik maiatzaren 3ra "Arteder 81 Arte Garaikidearen" ferian parte hartu zuen Mendiburuk. Bilboko Erakusketa Azokaren barrutian ospatu zen azken hori eta, hain zuzen, entitate hori izan zen erakusketaren babeslea. Antolatzaileek helburu bikoitza zuten. Alde batetik, euskal artista ospetsuen presentzia bermatu nahi zuten haien interes komertzialen arabera egokitutako galerien bidez; beste alde batetik, Artearen Merkatu Askearen bidez, artista berriek jendarte zabalago baterako sarbidea izatea nahi zuten, egoera arruntean izango zuten publiko kopurua gaindituz.

1984an "Chicagoko Milla 3 Nazioarteko Eskultura Ferian" lehiatu zen. Erakusketa maiatzean egin zen Chicagoko Arteen Institutuko Auditorioan. Bertan, Mendibururen obra Nestor Basterretxea eta Vicente Larrea eskultoreen aldamenean ikus zitekeen. Bidaia horren ondorioz, Milla 3 lehiaketan parte hartu zuten hiru eskultoreen artean egitasmo bat sortu zen, Jose Ramon Cengotitabengoak (Eusko Ikaskuntzen Estatu Batuetako Presidentea) sustatuta. Egitasmoaren jomuga Renon (Nevada) euskal artzainaren omenezko monumentu bat egitea zen. Mendiburu berak Punto y Hora de Euskal Herria aldizkarian argitaratutako artikulu batean hau aipatzen zuen egitasmoari buruz:

"Hasiera batean gure euskal lurraldeko artzain eta jende apal batzuek egin zuten lan handia oroitzeko eta gogoratzeko monumentu bat egin nahi da: Estatu Batuetan benetako artzain izatea. Chicagoko egonaldian ernatu zen ideia bat da. Oraindik ez dugu eskaria, baina laster etor daiteke; egitasmoa prestatzen ari gara. Gustatu egin zitzaidan ideia; baserriko bizimodura eraman ninduen, ezagutu genuen jendearengana, baserritarrengana, haien usadioetara, artaldeetara, mendira, etab.; barruan dudan landa-kultura abiarazteko modu bat da"

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Monumentu-multzorako Mendiburuk plastikoki jorratu nahi izan zuen motibo eta ardatz nagusia aharia izan zen (beranduago Nestor Basterretxeak artzaina egin zuen eta Vicente Larreak makila), buztinetan landua. Horretarako, Hondarribiko larreetan ibiltzen ziren ahariak hartu zituen gogoan.

1984-1987 bitartean proiektu horretan murgildu zen. Hala, trebakuntza modura marrazki eta azterketa ugari egin zituen eta baita material ezberdinak erabiliz landutako eskultura txikiak ere (ezkiaren zur polikromatua, burdina, brontzea, harzuria edo teknika mistoak). Hala, hainbat ahari-buru egin zituen, Aria izendatu zituenak. Animalia ahalik eta errealena izan zedin Juan Pablo Zabala adiskidearekin batera udalerritik hurbil egon ohi ziren aharien argazkiak ateratzera joaten zen.

Dena den, proiektua oso aurreratua izan arren, ez zuten hiru artisten artean gauzatu; izan ere, azkenean, lehiaketa publiko bat deitu zen, Basterretxeak irabazi zuena.

1984ko abuztuaren 4tik irailaren 15era Hondarribiko Kezka Arte Aretoan bere obrari buruzko erakusketa antologiko bat antolatu zen. Bertan 48 eskultura-pieza eta zelulosaz egindako zenbait marrazki, grabatu eta collage paratu ziren.

Espazio arazoak zirela medio pieza handienak ezin izan ziren lekutu. Hala ere, erakusketa hartan 1968-1984 bitartean artistak egindako lan gehienak ikusi ahal izan zituzten bisitariek.

1986ko udan Mendiburu Hostoa taldean sartu zen. Bere obra Alemanian (Frankfurt eta Kolonia) eta Balear Uharteetan (Mallorca eta Menorca) erakutsi zuen. Zortzi euskal artista horien artea Europan zehar erakusteko ekimena Eusko Jaurlaritzak babestu zuen. Sebastian Agirretxe Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko kontseilariordeak jakinarazi zuenez, sail horretan ideia begi onez ikusi zuten egitasmo ona zela iritzita.

Uztailean eta abuztuan erakusketa Frankfurteko Commerzbank bankuaren atondoan kokatu zen. Nolanahi ere, artistek aurreikuspen onak izan arren, ez zen obra bakarra ere saldu.

Ondoren, erakusketa Koloniara mugitu zen urrira bitartean, Rheingold herrixkara, Rodenkirchen bizitegi-zonaldera. Han ia pieza guztiak jarri ziren ikusgai, Remigio Mendibururen eskultura salbuetsita, hura aire zabalean paratu baitzuten, Koloniako katedraleko plazan, museo berritik metro gutxira.

1987eko otsailaren 27tik martxoaren 15era Mendiburuk bere azken ekoizpen plastikoa erakutsi zuen Bilboko Windsor Kulturgintza Galerian egindako bakarkako erakusketa batean. Erakusketako motibo nagusia Renon (Nevada) euskal artzainaren omenezko monumentua egiteko azterketa-proiektua erakustea zen, Chicagoko "Milla 3" erakusketaren ostean buruan iltzatuta geratu baitzitzaion ideia. Orobat, Hostoa izenburupean hainbat pieza handi erakutsi zituen, urteko sasoi bakoitzaren oroitzan. Horrez gain, haur zela kontzentrazio-esparruan izan ostean gogoan zituen oroitzapenak islatzeko zenbait collage jarri zituen ikusgai, eskultura eta pintura nahasita. Formatu handiko erliebedun pinturak ziren, egur kontratxapatuaren gainean egindakoak. Honela izendatu zituen: La Noche del Exilio eta La noche del Carnero.

1989ko azaroaren 17an instituzioetako agintari, senitarteko eta adiskideekin batera Donostiako San Telmo Museoan bere omenez paratu zen erakusketa antologikoaren inauguraziora urreratu zen. Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta hiriko Udala izan ziren erakusketako babesleak.

Erakusketan 120 obra kokatu ziren, besteak beste, eskulturak, grabatuak, zenbait collage eta obra plastikoa. Funtsean, lantegian eta artistaren etxean zeuden aleekin antolatu zen erakusketa. Horiez gain, entitateek eta partikularrek hainbat obra laga zituzten.

Eskultorea ezin izan zen antolaketaz arduratu. Hori dela eta, Nestor Basterretxea arduratu zen eginkizun horretaz. Bestalde, G. Etxeberria izan zen koordinazioaz arduratu zena. Basterretxeak azalpen hau eman zuen Donostiako El Diario Vasco egunkarian erakusketaren egiturari buruz:

"[...] obrak banatzerakoan hurrenkera kronologikoa errespetatzen saiatu naiz erabateko zorroztasunez, serieka antolatuta eta ikusizko efektua sorrarazi asmoz"

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Erakusketak ongi islatzen zuen Remigio Mendiburuk 1959-1989 bitartean urratutako ibilbide artistikoa.

Nolanahi ere, San Telmon zenbait obra falta izan ziren, espazio, kontserbazio edo teknika arrazoiak zirela medio, ezin izan baitziren erakusketan paratu.

Erakusketa erabateko arrakasta izan bazen ere, erakusketa antologiko hura bere ekoizpen artistikoaren amaiera izango zela zirudien. Eskultoreak berak bere gogo-aldartea agerian utzi zuen El Diario Vasco egunkarian egindako elkarrizketa batean:

"Dagoeneko ez naiz lehengo pertsona bizia, beste bat naiz, mendekotasun handikoa; berriki transplantea egin didate eta, ondorioz, denbora asko eskaini behar diot zainketari, tarteka azterketak egin behar ditut; finean, egoera berrira egokitu behar naiz. [...] Ez, irakurketak ez nau erakartzen; inguruan dudan guztia behatzen pasatzen dut denbora, besterik gabe -azaltzen du-. Errealitateak arras interesatzen nau; fikzioak gero eta gutxiago; lehen urrunago, arrotzago ikusten nituen pertsonak orain errealagoak iruditzen zaizkit, interesa pizten didate"

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Erakusketa burututa, 1990eko urtarrilaren 16tik otsailaren 25era bitartean jarri zuen ikusgai Bilboko Arte Ederretako Museoan.

Pertsonalki laurogeiko hamarkadaren amaieran bere gaixotasunaren diagnosia (B hepatitisa) izan zen protagonista. Horrela, gibeleko transplantea egin behar izan zuen Bartzelonako Ospitale Klinikoan. 1989ko otsailean "Gibel-emaileen Europako alerta" zerrenda sartu zen. Hiru hilabete itxaron behar izan zituen; maiatzaren 4an bederatzi orduko iraupena izan zuen ebakuntza egin zioten. Bi urte eman zituen hiri hartan, Mª Carmen Inda emaztea eta Urko semea alboan zituena, 1990eko apirilaren 16an hil zen arte. Gaixotasunaren eraginez, eriondo luzea izan zuen eta artistak nabarmen murriztu zuen bere ekoizpen artistikoa. Denbora horretan zenbait marrazki egin zituen paper gainean, errotulagailuak, boligrafoak, kolorezko arkatzak eta akuarelak erabiliz.

Ebakuntza egin eta denbora gutxira El Diario Vasco egunkarian egindako elkarrizketa batean, artistak Hondarribiko bere etxetik azaldu zuen, gaixotasunak adorea lapurtu ziola eskulturgintzari ekiteko:

"Eskulturari buruz ez dut deus pentsatu -onartzen du-, oso egoera gogorrean, latzean aurkitzen naiz, froga gogorrak egiten dizkidate eta zail izaten da beste ezertan pentsatzea"

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

1990eko martxoaren amaiera aldera, artistaren osasunak behera egin zuen nabarmen eta Zainketa Intentsiboetako Unitatean sartu behar izan zuten. Apirilaren 16an hil zen eta egin batzuk lehenago koma sakonean sartu zen. 59 urterekin hil zen konde-hirian bihotz-gelditze baten ondorioz. Eten hori, funtsean, giltzurrunetako funtzionamendurik ezak eragin zion eta nerbio-sistema zentralaren infekzioak.

Artistaren gorpua erraustu egin zuten. Apirilaren 20an Hondarribira eraman zituzten errautsak. Han ekitaldi zibila ospatu zen haren oroimenean.

Handik gutxira, monumentu beraren azpian ekitaldi sinboliko bat egin zuten. Hala, hiru zuhaitz landatu zituzten, eskultoreak bere obra nagusiak egiteko erabiltzen zuen lehengaiaren isla zirenak: urkia, pagoa eta gynko-biloba. Alboan erromeroa, eskultoreak Kataluniarekin zuen harremanaren ikur modura. Lurralde hark eman zion bere lehen emaztea eta oso ongi ezagutzen zituen hango hizkuntza eta usadioak.

LML