Arkitektoak

Rucabado Gómez, Leonardo

Arkitektoa. Castro Urdialesen (Kantabria) jaio zen 1875eko otsailaren 25ean. 18ko gripea bezala ezagutu zenaren ondorioz zendu zen Castro Urdialesen, 1918ko azaroaren 11n.

Avelina Gómez eta Bernabé Rucabadoren semea. Aita Ameriketatik itzultzerakoan ezarri zituen zurgintza eta burdingintza industria batzuen jabea zen. Lehendabiziko ikasketak Manzanedoko eskola zaharrean egin zituen Santoñan, Santanderren, eta ondoren, Cardenal Cisneros Institutuan. Batxilergoa, aldiz, Bilboko Institutuan egin zuen, 1891an amaituta.

Urte berean joan zen Bartzelonara arkitektura ikastera, eta ingeniaritza zibila ere ikasiko zuen. Bartzelonan, arkitekturaren arloan, eraikin garrantzitsuak agertzen ari ziren dagoeneko, Gaudí-ren Güell Palazioa, Berenguer-en Garraf Upeltegia eta Domenech i Montaner-en lan batzuk, esaterako. Azken honek La Renaixençan argitaratu zuen "Arkitektura nazional baten bila" testuak aurrerago Rucabadorentzat ia obsesiboa izango zen gaia planteatzen zuen. 1875ean fundatu zen Bartzelonako lehen Arkitektura Eskola hau, eta Rucabado izan zen berau ezagutu ahal izan zuen zortedunetako bat. Elías Rogent, Domenech i Montaner, Juan Torrás eta August Font bezalakoak izan zituen irakasle, eta Maestros de Obra desagertutako eskolatik zetozenak ere bazeuden. Hauek izango dira Rucabadorengan eragina izango zuten arkitekto nagusiak, lehen urteetan behintzat. Azpimarratzekoak dira Bartzelonako Arkitektura Eskolan irakasten ziren topografiaren erabilera zehatza, marrazketa tekniken ezaguera ona eta konposizio-prozeduren planteamendu serioa. Honela, Rucabadoren lanetako eraikuntza xehetasunetan zehaztasun handia ikus zitekeen, eta apaingarrietan ere arreta berezia jartzen zuen. Bestalde, Bartzelonako eskola Ingalaterrako Morris-en eta Arts-and-Crafts mugimenduaren eraginpean ere sartu zen, XIX. mendean Europako arkitekturaren bereizgarri zen erromantizismo kutsuarekin nahastuaz. Guzti hau Viollet-le-Duc eta beste autore batzuen eskutik iritsi zen, eta teoria mediebalista eta arrazionalistek arrakasta handia izango zuten Bartzelonan. Ondorioz, arkeologiaren inguruan ardura handia igarri zitekeen garaiko arkitektoengan. Giro honen erdian, 1900eko irailaren 3an eskuratu zuen Leonardo Rucabadok arkitekto titulua.

Ikasketak amaituta, Bilbora joan zen bizitzera bere emazte Enma del Sel-ekin, eta bertan Severino de Achúcarro arkitekto bilbotarraren babespean lanean hasi zen. Honela hasiko zen Rucabadoren lehen etapa profesionala, Modernismo katalanak eta beste hainbat korrontek eragindako etapa eklektikoa. Achúcarrok Allende familiarekin kontaktuan jarri zuen arkitekto gaztea, eta aurrerantzean lan ugari egingo zuen familia honen enkargura. Bestalde, 1903an oposizio bidez irakasle lanetan aritu zen Fisika Industriala, Mekanika Aplikatua eta Teknologia Mekanikoko irakasgaietan, eta Bilboko Ingeniari Eskolan ere Marrazketako klaseak eman zituen. Arkitekto bezala eman zituen lehen urte hauetan Castro Urdialesen eraiki ez ziren proiektu batzuetan ere lan egin zuen. Ingeniari Industrialaren titulua, berriz, 1905eko otsailean jasoko zuen.

1907an IV. Arkitekturako Nazio-Batzarrean parte hartu zuen Gaien Batzordeko kide gisa eta 1908an VIII. Arkitekturako Nazioarteko Batzarrera joan zen Vienara. Urteotan Bilboko Indautxu auzoan proiektu ugari egingo zituen, adibidez, Carmengo eliza, Allende familiarentzat hainbat txalet eta frontoi bat, eta Marqués de Villagodio zezen plaza. Leonardo Rucabado Indautxuko Zabalgunea osatu zuten arkitekto garrantzitsuenen artean dago. Auzoa estilo askotariko eraikinek osatzen dute. Izan ere Rucabadok, bere lehen etapa artistikoan, sarritan modaren joerak jarraitu nahi zituzten bezero aberatsentzat lan egin zuen, bere estilo eklektikoak erabat kontentatuko zituenak.

Lehen etapa honek 1909-1910 urteetara arte iraun zuen. Bigarren etapan, bere arkitektura, ordura arte kutsu modernista eta anglofiloduna, errotik aldatu zen, eta ez soilik bere obra, baizik eta bere bizitzarekiko jarrera ere zalantzan jarri zituen. Lengoaia erregionalista berri bat bere egin zuen, eta beste korronte guztien gainetik aldarrikatu zuen. Rucabadoren lana aurrerantzean bere ibilbide profesionalak jarraituko zuen arkitektura menditar tradizionalaren inguruko ikerketa, praktika eta defentsagatik egin zen ezaguna. Aldaketa hau ematera bultzatu zuten arrazoien artean Escalante, Pereda eta Menéndez Pelayoren testuen irakurketa izan zen alde batetik, eta Lampérez eta Cabello Lapiedra bezalako arkitektoen ikuspegi kontserbadorea bestetik, zeinak espainiar Estilo Nazional Berri baten defentsan lan egiten zuten. Bestalde, Madrilgo 98ko belaunaldiko aldarrikapen giro nazionalista airean zegoen oraindik eta korronte artistiko guztietan nabari zen haren oihartzuna.

Influentzia hauek 1909tik aurrera bere probintzia osoan zehar ibilaldiak egitera bultzatu zuten, menditar arkitekturaren inguruko azterketa sakona gauzatzeko. Honela, Rucabadok tokiko arkitektura herritarraren apaltasunean arrazionaltasuna eta edertasuna bilatuko zituen, berezko kultura tradizionalaren alde, baina oraindik ere bere garaiko arkitektoek apaingarriari ematen zioten garrantzia baztertu gabe. Kantabria osoko palazio, dorre, etxetzar eta landetxeak aztertu, marraztu eta erretratatu zituen, gehienak XVII eta XVIII. mendeetakoak. Hiru urtetan zehar bere ibilaldietan bildutako material guztia eta arkitektura proiektu berri batzuk hartuta, Espainiar Etxearen Lehiaketa-Erakusketan parte hartu zuen, Madrilgo Artearen Lagunen Elkartean ospatu zena 1911an, eta lehen saria eskuratu zuen bere Noblearentzako Mendiko Palazioa proiektuarekin. Urte berean Menditar Arkitekturaren inguruko Rucabadoren lanen erakusketa bat zabaldu zen Santanderren. 1912an hiru hitzaldi eman zituen Santanderreko Carvajal Institutuan, arkitekturaren inguruko bere ideiak aditzera eman eta eztabaidatu ahal izan zituelarik, ondorengo gaiotaz mintzatuaz: Tradizionalismoa Arkitekturaren Historian; Etxebizitza-Arkitektura Menditar Zaharraren Inbentarioa; eta Etxebizitza-Arkitektura Garaikidea.

Urte berean San Fernandoko Arte Ederretako Akademiko izendatu zuten eta 1913an Arte Ederren Nazio-Erakusketan urrezko domina irabazi zuen. Hurrengo urtean Bilboko Ingeniaritza Industrialaren Eskolako Marrazketako Irakasle izendatua izan zen. Castro Urdialeseko "Sotileza" txaleta eta Nojako Manuel Moralesentzako txaleta urteotan eraikiak izan ziren, eta Allende familiarentzat ere lanean jarraitzen zuen, jadanik bere estilo arkitektoniko menditarraz.

1915ean Bizkaiko Arkitektoen Elkargoak Madrilen antolatutako Biltzarrean hitzaldia eman zuen Rucabadok, "Arkitektura Nazional baten birsortzerako orientazioak" izenekoa, eta hitzaldi bera Donostian ospatutako VI. Arkitekturako Nazio-Batzarrean errepikatu zuen, Aníbal González, Sevillako eskola erregionalistako kidearekin batera. Urte honetan eskuratuko zuen Bruselasen Urrezko Donima, Torrelavegan (Santander) proiektatutako txalet batekin.

Hurrengo urteetan egindako proiektu garrantzitsuenetakoak dira Corrales de Buelnan (Santander) eraikitako San Vicente Eliza eta San Francisco zaharren egoitza, Madrilgo Canalejas plazako etxebizitzak (hauek ere Allende familiarentzat), eta Santandergo Menéndez Pelayo Liburutegia eta Udal Museoak, baina azken hauek ezin izan zituen amaiturik ikusi. Menéndez Pelayo Liburutegia Rucabadoren obra esanguratsuenetako bat izan zen, estilo neoklasiko frantsestukoa eta estetika historizista jarraitzen duena. Interes Kulturaleko Ondasun izendatu zuten 1982an.

1917an Nazio-Erakusketan "Santanderko eskualdeko tradizioaren ezaugarridun arkitekturaren ezarpena" izeneko lana aurkeztu zuen, 9 plano, Rucabado beraren marrazkietan oinarrituta Arteta margolariak egindako 12 akuarela, 13 argazki eta apunte album batez osatua. Bertan XVII-XVIII. mendeetako arkitektura menditarraren ereduak bildu zituen. San Fernando Arte Ederretako Akademiako urgazle izendatu zuten, eta 1918an Arte Ederretako Erakusketako lehen mailako domina jaso zuen. Bere azken urteetan zehar arkitektura menditarraren inguruko liburu bat argitaratzeko lanetan aritu zen, baina hau ere ez zuen amaiturik ikusi ahal izan.

Rucabadoren ideiek González-Riancho, Bringas, Lavín del Noval, Fernández Quintanilla, Lastra eta beste hainbat arkitektorengan berebiziko eragina izan zuten; bere ondare garrantzitsuena berezko kultura arkitektoniko batekiko errespetuaren aldarrikapena izan zen, garai hartan gainbeheran zegoena. Arkitektoen X. Nazio-Batzarrean, 1924an Santanderren ospatu zena hain zuzen, Leonardo Rucabadoren ikuspuntuaren ildotik jarraitu zen landa-eraikuntzetan esku-hartzeari buruzko eztabaidarekin, jadanik desagertutako arkitektoaren memoria berpiztuz.