Zuzendariak

Armendariz Barrios, Montxo

Olletan 1949. urtean jaiotako zine zuzendari nafarra. Laurogeiko hamarkadan euskal zinean sortutako zinemagile garrantzitsuenetariko bat dugu.

Elektronika ikasi zuen. Hirurogeita hamarreko hamarkadan, irakaskuntza, elektronika zereginekin, frankismoaren aurkako borrokarekin (Euskadiko Mugimendu Komunistako kide izan zen) eta bere zinema zaletasunarekin txandakatu zuen. 1977an Euskal Zinemagileen Elkartearekin izan zuen elkartzea bere ibilbiderako funtsezkoa izan zen. Bertan ezagutu zituen bere geroagoko arte-jardueran funtsezkoak izango ziren Fernando Larruquert edo Javier Agirresarobe zinemagileak.

Bere lehen laburrak, Barregarriaren dantza (1979), euskal keinu nabarmendun giza-manipulazioaren salaketa garbia zena, Zilarrezko Mikeldia eta Bilboko Film Labur eta Zine Dokumentalaren Nazioarteko Ekitaldian Euskal Zinearen Lehen Saria lortu zituen. Geroago askatasunik eza berriz salatzen zuen ikuspegian oinarritutako estilodun ariketa izan zen Ikusmena (1980) filma egin zuen.

1981ean nafar Erriberari buruzko Ikuska serieko film laburra eta Nafarrako ikazkinak /Carboneros de Navarra dokumental etnografikoa egin zituen. Lan horrekin, Bilboko Jaialdian euskal zinearen Sari Nagusia irabazteaz gain, Tasio (1984) bere lehen film luzea inspiratu zuen Anastasio Otxoa ikazkina ezagutu zuen. Film horrek, La muerte de Mikel filmarekin laurogeiko hamarkadako euskal zinearen funtsezko lana zena, ospea eta entzutea eskaini zizkion. Naturari gogor heltzen dion eta bere askatasuna maite zuen ikazkinari buruzko kontakizuna eremuz kanpoa eta elipsia bezalako zinemagintzako baliabideei ohiz kanpoko etekina ateratzen zion ikaragarrizko teknika-egikeraz atondutako askatasunari egindako omenaldi zintzoa izan zen.

Hainbat sari eta kritikaren eta publikoaren laguntza guztia lortu zituen. Bere hurrengo filma, 27 horas (1986), euskal gaztediaren zati baten ikuspegirik ezari buruzko proposamen eder eta nahigabetutakoak, 1986ko Donostiako Zinemaldian Zilarrezko Kontxa Saria edo Montpellierreko Zinemaldian Filmik Hoberenari Sariak bezalakoak jaso zituen. Las cartas de Alou (1990) filmak, gizarte garatuetara iristean etorkinek pairatu behar duten eguneroko arrazakeriaren kronika, 1990eko Donostiako Zinemaldian Urrezko Kontxa Saria lortu zuen eta Gidoirik Hoberenari Goya saria eta Argazkirik Hoberenari Goya Saria bezalako beste batzuk ere. Historias del Kronen (1994) filmak Montxoren zinean, jarrera hain urriak eta umilak ez zirenetara hurbildu izanagatik, erregistro aldaketa ekarri zuen nahiz eta film luze horretan, bere filmografia guztian agertzen den gizakiaren askatasunaren aldeko nahia ere barru-barruan azaltzen den. Filmak Egokitutako Gidoirik Hoberenari Goya Saria lortu zuen. Secretos del Corazón (1997) filmarekin Armendariz Tasioren izpiritura itzuli zen. Berriz ere askatasun egarria eta gizakien manipulazioagatiko mespretxua bezalako gaiak azaltzen ziren haurtzarotik heldutasunerako igarobidean kokatutako lan eder honetan. Estreinaldi berria atseginez hartu zen. Berlingo Zinemaldian Europar Filmik Hoberenari Angel Azul Saria, lau Goya eta Atzerriko Filmik Hoberenari Oscarretarako izendapena lortu zituen.

Orduan nagusitutako aitorpenaren unea iritsi zen. 1998tik aurrera sariak eta omenaldiak jarraitukoak izan ziren. Nafarroako Gobernuak Viana Printzearen Saria eman zion. Gasteizko Euskal Zinearen Asteak bere lanari omenaldia egin zion. Baionako Zinemaldiak, bere bigarren edizioan, atzera-begirakoa eskaini zion bere film luze guztiak emanez. Azkenik Zinemagintzako Nazio Saria eman zitzaion. Bere ibilbideak, edozein kasutan, arte-lan bikainak agertuz jarraitu zuen. 2001ean Silencio roto, Francoren erregimena erortzeko makiek izan zuten kixote-borrokan kokatutako benetako maisu lana izateaz gainera Armendarizek zuzendaritzaren, gidoiaren eta baita ekoizpenaren ardura bereganatuz ordura arte izandako bere egitasmorik pertsonalena izan zen filma estreinatu zen. Tonu lirikoa eta soila, metrajearen plano bakoitza isurtzen duen emozioa, erresoluzio tekniko hobe ezina eta berriz ere askatasunari egindako aipamen sentikorrak film hori bere filmografia interesgarriaren gailurrean jartzen dute.Kritikak berriz ere amore eman zuen eta Nantesko Espainiar Zinemaldiaren aipamenik gorena den Jules Verne Sari garrantzitsua eta Euskal Zineari "El Mundo" lau Sari jaso zituen.

2001ean, Donostiako Zinemaldiaren eremuan, Euskal Ekoizleen Elkarteak Ama Lur Saria eman zion eta Nueva Yorkeko Zinemaldiak bere atzera-begirako lana eskaini zuen Lincoln Center egoitzan. 2005ean Obaba filma, Bernardo Atxagaren eleberri aparta den Obabakoak unibertsora hurbiltze arriskutsu eta korapilatsua zena estreinatu zuen. Olletako errealizatzaileak zailena lortu zuen: eleberriko kontakizun desberdinei batasun koherentea eman literatura lanaren izpiritua lortuz. Espainiako Akademiak Obaba hizkuntza ez ingelesdun filmen Oscarrerako hautetsi zuen eta Euskal Zineari "El Mundo" hiru Sari eta Nueva Yorkeko Association of Entertainment Critics izenekoaren Filmik Hoberenari Saria lortu zituen.

2008 eta 2009 urteetan zehar hainbat sari, errekonozimendu eta omenaldi izan zituen. 2008an Armendarizek sari hauek jaso zituen, besteak beste: FAD, EGEDA, FAPAE eta Zinema Akademia elkarteek emandako "2008 Zinema eta Gizarte Baloreak" Saria, 2008ko Astorga Hiria saria (Astorgako Zinemaldian), Euskal Herria eta Nafarroako Arkitektoen Elkargoaren 4D Saria eta Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria. Azken hori 1983an sotu zen eta euskal kulturan aparteko esanahia izan duen pertsonaien lana omendu nahi du. Sariarekin batera argitara ematen da sarituari buruzko bio-bibliografia. Horrela, Eusko Ikaskuntzak José Luis Rebordinos eta Jesús Anguloren Montxo Armendáriz liburua kaleratu zuen. 2009an Ikus-entzunezko eta Zinemako Zientzietako Institutuak Tasio pelikularen filmaketaren 25. urteurrena ospatu zuen, Bakedanon zinemagileen eta bertako herritarren artean herri bazkaria antolatuz. Horrez gain, erakusketa, jaialdia eta Tasio 25 liburu berezia kaleratu zuten.

2008an, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria jaso zuen, eta, 2017an, Giza, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria. 2010ean Nafarroako Unibertsitate Publikoak Montxo Armendáriz Honoris Causa Doktorea izendatu zuten artearen alorrean erdietsitako merituak direla medio.

2011ean, Armendarizek No tengáis miedo filma estreinatu zuen. Haurtzaroan jasandako bortxakeri sexualek utzitako arrastoen inguruko istorioa. Protagonista Michel Jenner da eta berarekin batera, aktoreen zerrenda, Belén Rueda eta Lluís Homar aurki ditzakegu. Aipagarria ere bada, Diego Galanek 2005ean estreinaturiko Pablo G. del Amo, un montador de ilusiones filman aktore lanak burutu zituela.

Omenaldi ugari jaso ditu, eta haren obraren atzerabegirakoak egin dira Gaztela eta Leonen, Málagan, Arroxelan, Estrasburgon, Pontarlierren, Tolosan (Frantzia), Kairon, New Yorken eta Mexikon.

Informazio gehiago [+]