Zinekoak

Mikelen heriotza

Aiete Films euskal produkzio-etxeak eta José Esteban Alenda S.A. madrildarrak produzitu zuten filma, 1983an. Imanol Uribek zuzendutako hirugarren film luzea da. El proceso de Burgos (1979) eta La fuga de Segovia (1981) filmekin batera, Euskal Herriari buruzko trilogia bat osatzen du.

Aurreko bi filmetan ez bezala, film honetan -laurogeietako euskal zinemako mugarrietako bat- ikuspegi ilun samarra eskaintzen da euskal gizarteaz. Jadanik ez da ageri Imanol Uriberen El proceso de Burgos filmean ageri den idealismo hura. La muerte de Mikel filmeko gai nagusia intolerantzia da. Istorioa egun haietako gertakari batean dago oinarriturik. Mikel (Imanol Arias) da protagonista nagusia: itsasbazterreko herri bateko farmazialaria. Aldi txar bat igaro ondoren, Mikel ohartzen da homosexuala dela. Erabakitzen du libre bizi nahi duela, loturarik gabe eta, batez ere, bere joera ezkutatu gabe. Trabesti batek sekulako eragina izan du beragan, eta hartaz maitemintzen da. Orduan, familiak baztertu egiten du, eta baita bera sartuta dagoen ezker abertzaleko erakunde politikoak ere. Egun batzuk ematen ditu polizia-etxean. Han dagoela, sekulako torturak jasaten ditu, iraganeko gertaera batzuengatik, eta bere etxean hiltzen da, era bitxian, giltzapetik irten eta laster. Hortxe dago filmaren gakoa. Nork hil du ote Mikel? Amak pozoitu ote du, herritarren esamesak ez entzuteko? Jasandako torturen ondorioz hil ote da?

Mikel, Uriberen idealismoa bezala, guztien artean hil dute. Inor ez da salbatzen gizarte intolerante horren erretratu gupidagabean. Agerian dira borrero guztiak: herritarrak errukirik gabe torturatzen dituen polizia, ezarritako arauak hausten uzten ez dituen familia-klana, erasian aritzea maite duen biztanleria bat, eta, azkenik, haren sexu joeragatik militante bat gutxiesten duen alderdi politiko bat, zeinak, hura hil denean, goretsi egiten baitu, eta haren hilotza erabili, helburu zehatz batzuk lortzeko. Filmaren egiturak azalpen berezia merezi du. Uribek talentu handia erakutsi zuen. Flash back-aren bitartez, ederki lotzen ditu Mikelen hiletaren irudiak eta haren historiaren kontakizuna. Bai istorioaren erabakitze teknikoan, bai edukietan, Uriberen lana primeran dabil. Estreinatu zenean, laurogeigarren hamarkadako euskal filmik arrakastatsuena bihurtu zen La muerte de Mikel. Ez da harritzekoa.



  • Angulo, Jesús (et al.): Entre el documental y la ficción. El cine de Imanol Uribe, Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1994, 181 pp.
  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 pp.
  • López Echevarrieta, Alberto: Cine Vasco: de ayer a hoy -época sonora-, Bilbao, Mensajero, 1984, 331 pp.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, núm. 3, 1999, 407 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Unsain, José Maria: El cine y los vascos, San Sebastián, Eusko Ikaskuntza /Sociedad de Estudios Vascos-Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca, 1985, 355 pp.
  • Zunzunegui, Santos: El cine en el País Vasco, Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundia/Diputación Foral de Vizcaya, 1985, 603 pp.