Zuzendariak

Larruquert Aguirre, Fernando

Irunen 1934an jaiotako zuzendari, argazkilari eta muntatzaile gipuzkoarra. Euskal zinearen historiarentzako ardatz nagusi den zinegilea. Bere arte-gaitasunak eta sormen bultzadak euskal zinearen mende hasierako sortzaileen heroi-ahaleginaren eta Ama Lur (1968) filmaren eraginez adoretuta laurogeiko hamarkadako euskal zinearen sorrerari bidea eman zion giroa sortuz filmatzeari ekin ziotenen arteko bateratze lokarria ekarri zuten.

Bere arte-hastapenak musikaren esparruari lotuta daude. Alaiki abesbatza (1950) sortu eta zuzendu zuen eta Irundar Kamara Abesbatza (1959). Irundar Kamara Abesbatzarekiko bere ibilbidea arrakastatsua da, bere zuzendaritzapean Lilleko (1962) Abesbatzen Munduko Bigarren Saria, Abesbatzen Zuzendaritzako Nazio mailako Lehenengo Saria (1963) eta Abesbatza Taldeen Nazio mailako Lehen Saria (1964) bezalako sari erabat garrantzitsuak jaso baitzituen. 1962an Charles de Gaulle, Frantziako Errepublikako Presidenteak, Frantziar Kultura Merituaren Urrezko Domina eman zion artista irundarrari.

Aldi berean zine munduak erabat erakartzen zuen eta zaletasun hori Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxea bezalako maila handiko artista ziren bere lagunek ere partekatua zen. Artegatasun horien guztien emaitza Juan Huarte mezenas nafarrak diruz lagundu eta Larruquert eta Basterretxeak egindako izaera esperimentala izan zuen Operación H (1963) film laburra da. Egitasmo horrek, industria diseinuaren eremuan kokatua, artista bi horien obsesioetako bat aurkezten zuen; euskaldunak eguneroko bere jarduna goratuz arte lan bihurtzeko duen trebetasunaren ideia. Lehen lan horrek Jorge Oteiza, (eskulturak itxi eta argudiorako eta muntaiarako ideiak eman zituen), filmari lagun egiten dion musika asmatu zuen Luis de Pablo edo jatorri judutardun tunisiar Marcel Hanoun argazkilari bikaina bezalako lankide ospetsuak izan zituen. Lortutako emaitzek bultzatuta Larruquertek eta Basterretxeak geroago Frontera Films produkzio-etxea eratu zuten eta beste film labur bi gehiago egin zituzten. Pelotari (1964), euskal pilota jokoari eskainitako kantu estetikoa da eta bertan pilotaria goraipatzen duen ukitu epikoa lehenesten da. Ukitu epiko hori erralentiaren erabilerak, keinuen antzerkitzeak edota soinu-bandaren abesbatzek ematen diote. Aipagarria da muntaian edota pilota jokoa euskal paisaiekin bat egiteko irudiekin jolasteko orduan duen trebetasun eta jaiotasuna. Edozein kasutan filma amaitzerakoan adierazten den esaldiak lanaren izpiritua argi laburbiltzen du:

"...y sobre las verdes tierras de Euskal Herria vive perdurable el recuerdo de aquellos hombres, pelotaris de otros tiempos que pertenecen ya a la historia de los héroes populares del País Vasco".

Edozein kasutan errakuntza litzateke zine lan zoragarri horren tonu enfatikoa ez begiestea, bere filmaketan zehar euskal herriak bizi zuen errepresio politiko basatiarekiko egoera aintzat hartu gabe. 1965ean Alquezar izeneko aragoar Pirineetako herri baten kokatutako edertasun ikaragarrizko Alquezar.Retablo de pasión filmea egin zuten. Zinegileek eman zioten tratamendua eta filmaketa Aste Santuan zehar egin izanak -lan arazoengatik oporretan baino ezin filmatu zitekee- filmari erlijiosotasun eta denboraz kanpoko kutsu erabat iradokitzailea ematen die. Jada 1968an Larruquertek eta Basterretxeak euren maisu lana den Ama Lur estreinatzea lortzen dute. Bi urtetan zehar filmatua, zentsura frankistaren ikaragarrizko eragozpenak gaindituz, zinegileek euskal zinemagintza-hizkuntza berri propio baten inguruan ikertu (kopla zaharren eredua hartu zuten, teknika hori filmak duen erlaziozko muntaia ikaragarriari ezartzeko) eta euskal herriari Francoren erregimenak jazarritako eta zapaldutako euskal nortasunaren berri ematen ahalegindu ziren. Ama Lur euskal lurraldeen argazki eder eta hunkigarria izateaz gainera egileek zinemagintzarako zuten jaiotasunaren adierazgarri da. Gainera Guda Zibilaz aurretik euskal gaiei buruzko euskaldunak egindako film luze bat estreinatzen zen lehendabiziko aldia zen. Zalantza izpirik gabe euskal zine garaikidearentzako abiapuntu saihestezina da.

1974an Larruquert Nepalera joan zen Everest menderatzen ahalegindu zen euskal espedizioari buruzko dokumentala egite asmotan. Mendigoizaleek euren ahaleginean porrot egin zuten eta filmatutako materiala ezin izan zen erakutsi arazo teknikoak izan baitziren. 1978an Banco de Vizcayaren laguntzaz, Euskal Herri-Musika izeneko euskal musika herrikoian arreta guztia jartzen zuen dokumental luzea zuzendu zuen. Jada Muntaian Ama Lur filmean aurkeztutako erlaziozko teknika erabiliz, Larruquertek bere garaian ulertu ez zen dokumental ederra filmatu zuen. Euskal abertzaletasunaren arlorik gogor eta oldarkorrenak herriaren borrokari lepoa emateko iragan idiliko baten ostendu izana leporatu zioten. Euren itsutasunean ez ziren gai izan desagertzeko arriskuan zegoen ondare aberatsa etorkizunera begira Larruquert bilduz zebilena ikusteko eta hori borrokatzeko beste era bat zena ere, ondare hori egoera horretan baldin bazegoen, neurri handi baten euskal nortasuna errespetatzeko gai izan ez zen espainiar nazionaltasunari esker izan zelako. 1981ean, 80ko hamarkadako euskal zinearen hasieran, Larruquertek Namasté, Chamo Longmu-Agur Everest estreinatu zuen.1974an filmatutako materialaren arazo teknikoak konponduta, metro horiek Juan Inazio Llorentek filmatu eta ikurriña Everest gainean lehen aldiz ipintzea lortu zuen 1980ko espedizio historikoari gehitu zizkion.

Geroztik Larruquert zine mundutik apurka apurka urrundu egin zen. Rafael Treku, Francisco Bernabé, Mirentxu Loyarte, Montxo Armendáriz, Iñigo Silva, Koldo Izagirre, Felipe Uriarte edo Pello Varela bezalako euskal zinegile interesgarrien filmetan muntaia eta argazki lanetan lankide izan zen. Baina 90eko hamarkadaren hasieratik aurrera zinea behin betiko utzi zuen Irungo bere argazki dendan aritzeko. Euskadiko zineak, tamalez, bere talenturik handi eta gehien alferrik galdutako bat galtu zuen. 2006an Ama Lur albiste bihurtu zen, Euskal Filmategiak filmaren zaintza-egoera larria zela eta komunikabideen bitartez laguntza deia egin zuelako. 2007an Larruquert bera izan zen Gara egunkariaren EKHE hedapenerako elkarteak (Euskal komunikabideen hedapenerako elkartea) ordaindutako Ama Lur filmaren DVD-zko edizioaren digitalizazio prozesua ikuskatu zuena. Ekimen horrek, euskal kulturaren maisu lana den aldaki digitala, gutxienez, gordetzea ahalbidetu du.

2008an Larruquert familiak -Fernando Larruquert eta honen bi semeak Aitor eta Fernando-, Lamia izeneko taldean bat eginik, argazkigintzan emandako 25 urteak ospatu zituzten Donostiako Boulevard Kutxa aretoan erakusketa baten bitartez. Erakusketa horrek La piel estremecida izenburua zuen eta 132 argazki bildu zituzten. Horien artean euskal kultura eta gizarteko pertsonai ospetsuak ageri ziren, esaterako, Jorge Oteiza, Jose Miguel Barandiarán, Mikel Laboa edo Francisco Escudero. Baina Larruquert familiako kamerak pertsonai ezezagunen mamia ere bildu zuten, adibidez, Joxe Maria Zubillaga "Artzaia" edo Pedro Mari Irazoki "Kuartokilo". Berez, Lamia taldearentzat pertsonai guztiak garrantzizkoak dira. Zinema utzi eta gero, argazkigintzan eman zuten bideari ekin ziotenean Fernandok botatako esaldi batean ageri da Larruquertarren filosofia: "Zergatik ez dugu itsasontzi berria eraikitzen? Herri-argazkilaria izan nahi dut". Oso esaldi indartsua da eta bat dator Lapurdiko etxe zahar batean topatu eta Ama Lur filmean betirako gordeta izango dugun beste hitz hauekin: "Jauntxorik ez, ezta esklaburik ere".