XX. mendeko bigarren erdialdean fandango eta arin-arina, neurri batean, profesionalizatu egin dira. Dantza taldeek uniformizatu egin dituzte pausoak eta, orokorrean euskal dantza gehienekin gertatu den bezala, modu gero eta atletikoago batean -eta azkarrago, jakina- egiten dira. Gaur eguneko abiaduran, demagun, XIX. mendeko koadernoetako kortxerdiak nekez egin daitezke. Sormen handiko koreografiak egiten dira, baina telebistan emandako lehiaketetako maila hain altua ikusita, jende asko ez da ausartzen plazara ateratzera. Eta agian horregatik dantza hauei gizarte-dantzak deitzea agian gehiegikeria da gaur egun.
Hala eta guztiz ere, Txistulari aldizkariko bigarren garaiko lehen sei mila partituren orrietan, 1955 eta 1998 artean agerturik (Agirregomezkorta eta Vesga 1998), kontuan hartu gabe suite, rapsodia eta beste obra luzeagoetan sartuta daudenak, ehun eta hirurogeita bi pieza agertzen dira haien aurkibideetan arin-arin izenaren pean, porrusaldak barne. Honek kopuru osoaren %7tik gora suposatzen du, generoen artean kopuruari begira laugarren lekua hartuz biribilketen, zortzikoen eta fandangoen atzean.
Gaur egun arin-arina bizirik dago oso. Porrusaldarekin nahasteko joera du jendeak, baina bakarrik, aipatu dugun bezala, trikitixaren giroan benetako zentzua du ezberdinketa horrek. Egitura oso sinplea eta Europako musika eruditoaren parametroetan erabat sarturik, eragin batzuk jaso izan ditu historian zehar, eta segurutik kontradantzarena nabariena izan daiteke. Baina jende frankorentzat, fandangoarekin osatzen duen dantza-bikotea euskal dantza askatuaren sinonimoa da.