Musikakoak

Arin-arina - Porrusalda

Ariñ-ariñ ere idatzita, hitz honek erlazio oso estua du beste hitz batzuekin ere: porrusalda, purrusalda, porrue, edota batzuetan bizkai dantza, bizkai soinua edo bizkaikoa ere bai. Euskal tradiziozko dantza ezagunenetariko bat, oso azkarra da eta fandangoarekin batera euskal dantza-bikote ohikoena osatzen du.

Bikote honek oso erlazio estua du izenez ere Penintsulako beste herri batzuetan egiten diren beste dantza-bikoteekin. Horietako kasu bat Kantabriakoa da, non a lo pesau edo a lo grave erritmo hirutarra duen dantza bat erritmo bitarra duen a lo alto edo a lo ligero izeneko beste batekin konbinatzen baita, baino halako zerbait Burgosen, Errioxan edo Segovian ere gertatzen da.

Zentzu honetan, behin baino gehiagotan erlazionatu egin da sailkapen hau Erdi Aroko dantza altu eta baxuaren arteko aldearekin. Dantza altuetan saltoak eta mugimendu bortitzagoak izan ziren, eta orduan hor sartu behar zen gure arin-arina. Dantza baxuetan, berriz, mugimendu irmoak eta lasaiagoak egiten ziren, eta hori izango litzateke euskal fandangoaren lekua. Hala ere, gaur egun ez dirudi alde horretatik alde handia dagoenik bi dantza horien artean, eta gainera beste ezaugarri bat betetzen da ezagutzen ditugun dantza-bikote gehienetan: Errenazimentutik gutxienez, batak erritmo hirutarra du eta besteak bitarra. Hau zen garai horretan pabana bitarra eta gallarda hirutarraren kasua eta hau da, hain zuzen, gaur eguneko euskal kasua: fandangoak erritmo hirutarra du, eta arin-arinak bitarra. Bikote-dantzak, eta bikoteka dantzaturik: horren euskal adierazlerik hoberena, eguneroko dantzatua, eta horregatik gizarte dantzarik arruntena.

Azkueren ustez (1919:I,259), bere Kantutegia aurkeztu zuenean, epaile bizkaitarrek leporatu zioten pieza batzuen santanderinismoa, horien artean oinarrizko erritmo hau, arin-arinena, dutenak:

eta oso ohikoa zela herri menditsu batzuetan erantzun zuen, hala nola Asturias, Kantabria, Katalunia (sardanaren erritmoa, hain zuzen, nahiz eta astiroxeagoa izan) eta Grezia klasikoan ere. Egia esanda, erritmo hau oso arrunta da Europako tradizio bai herrikoian bai eruditoan, eta bere jatorria leku zehatz batean bilatzeak ez du zentzu handirik.

Gaur egun, arin-arinak erritmoa bitarra du, 2/4 konpasean idatzita, eta esaldi karratuak, zortzi konpaseko moduluz osaturik. Pauso bakoitzak hamaeseina konpasez antolatzen da, eta horren arabera moldatzen dira esaldi musikalak, batzuetan hamasei konpasekoak, askotan zortzi konpas errepikaturik, eta ia beti aurrekari eta atzekari moduan antolatuta. Normalean lau pauso ezberdin dantzatzen dira. Gaur egun erritmo ohikoena, txistulariek danbolinean jotzen dutena, horrela idatzi daiteke:

Hona hemen adibide baten hasiera: Sorgin-zulo, Isidro Ansorenarena:

Txistularien munduan batzuetan saiatu da azpimarratzen arin-arin eta porrusaldaren arteko aldea erritmoan oinarriturik. Modu honetan, porrusaldaren erritmoak punttuak konpaseko bi zatietan izango lituzke, eta ez bakarrik lehen zatian. Horrela, gutxi gorabehera:

Bereziki Txistulari aldizkariaren lehen garaiko adibide batzuetan sailkapen honek ongi funzionatzen duela badirudi ere, gaur egun bi izenen artean ez ezberdintzeko joera oso handia da, eta ez bakarrik txistularien artean.

Kalean, orokorrean, sinonimotzat hartzen dira bi hitzak. Aita Olazaranek (1970), kasu, garbi adierazten du bere txistu metodoan: dantza hauek agertzen diren atalaren izena arin-arin (purrusalda) da. Hala ere, Juan Mari Beltranek esan duen bezala (2004:94), bi genero hauen artean alde formala dago, praktikan baztuetan horien artean nahasteko joera duten arren. Arin-arina, izan ere, hamasei konpasetako esaldien segida bat da, baina porrusaldak lelo abesturik bat du, kopla izenekoa, dudarik gabe bere testuak, bai euskaraz bai erdaraz, gastelaniazko coplaren eskema (lau bertso oktosilabo) errespetatzen duelako. Porrusalda hauetan, halere, azken bertsoa errepikatzen da. Modu honetan, koplan ohiko hamasei konpasei beste lau bat gehitzen zaizkie, hogei konpasetako estruktura osatuz. Fandango eta jotarekin gertatzen den halako zerbait da azken finean: porrusaldak maiz loturik dantzatzen ahal den kopla abesturik bat du, eta arin-arinak, berriz, ez.