Musikakoak

Arin-arina - Porrusalda

XIX. mendeko bukaerakoak dira danbolinteroen partituren koaderno zaharrenak, eta ez dugu arin-arin izenik aurkitzen, baina bai, eta maiz gainera 2/4 konpaseko kontradantzak. Iztuetaren hitzetan (1824:142) danbolintero izena maite ez zuten musikari horiek primer silbo, segundo, músico mayor eta onelacoakin baizik, erderazko izenak eta musika eruditoaren usadioak ere nahiago zituzten. Errepertorioarekin ere horrelako zerbait gertatzen zela eta kontradantza hitza ere nahiago zutela, izan ere, ulertzekoa da, batez ere kontuan hartuta gure dantza bitar honek ez zuela, antza denez, izen oso argirik. Garai horretako txistu doinu gehienekin gertatzen den bezala, kromatismoak eta bi edo hiru alteraziotako tonoak ugariak dira, instrumentuko nota altuenak ere maiz agertuz. Adibide honetan bezala, Fernando Ansorenaren koadernotik hartuta, kortxerdiak ere franko dira, tempo gaur egunekoa baino geldiago izan behar zela iradokituz:

XIX. mendearen bukaera eta XX. mendearen hasierako urteetan hiru errepertorio argitaratu ditu Txistulari aldizkariak, Euskal Herriko Txistularien Elkarteko buletinak. Lehena Fernando Ansorena Izagirrerena da (Ansorena Miner 1996), eta 1885ko data jarrita du: errepertorio horretan orokorrean seiehun eta hogeita hamar pieza agertzen dira. Horien artean, berrogeita bi 2/4 konpasean idatzitako kontradantzak dira, errepertorio osoaren %6,7 suposatuz. Hauei, gainera, agian beste lau pieza gehitu dakizkie, dantza izen zehaztu gabekoaren pean agertzen direnak, baina 2/4 konpasean eta kontradantzaren ezaugarri beraiekin. Kopuruari begira, bostgarren (edo laugarrena, dantzak gehitzen badizkiegu) lekua hartzen du generoen artean, balse eta habaneren atzean -ugarienak alde handiz-, baita 6/8 konpasean idatzitako zortzikoen eta kontrapasen ostean ere. Beste bi koadernoetan (Ansorena Miner 1990; Apezetxea Aguirre 1991), geroagokoak, orokorrean portzentaia 12,4 da (15 baino gehiago bost lehenagoak bezalako dantza sartzen baditugu), laugarren generoa kopuruari begira izanik, 5/8 konpaseko zortzikoen, balseen eta habaneren ondotik.

Beste alde batetik Azkuek (1919), aipatu dugun bezala, arin-arina definitzen du, adibide batzuk emanez. Kantutegiko Danzas atalean bi adibide ekartzen ditu testu batekin kantaturik, zortziko txikiak biak. Danzas sin palabras musika instrumentalaren atalean lau adibide ditugu, horietako bat 6/8 konpasean, definizioa apurtuz. Eta contradanza bakarra dugu, baina bere abiadura motelagoak (arin-arinen adibidetan allegro molto, allegro vivace, allegro vivo eta vivace tempi agertzen dira; contradanzarena allegretto dugu) eta erritmoak zerikusi askoz ere estuagoa du kontrapasekin arin-arinekin baino. Euskal berpizkundearen garaian, euskal izenak erabiltzea eta erderazko hitzak baztertzea espero izateko gauza zen, baina gure ikuspuntik bitxia da, beste aldetik, porrusalda eta horrelako hitzak ez aipatzea ere.

Argi dago gainera momentu hauetan XVIII. mendeko lizunkeriak edo gutxienez kontaktu fisiko handia desagertu zirela arin-arinetik. Ez dakigu zer neurritan izan zitekeen erreforma ilustratuen eragina, ertaineko klaseetako gustua edo, momentu honetan euskal sentimenduekin nahasten zen grina moralista katolikoa. Edo, agian, hirurak, helburu komuna zuten neurrian. Edozein kasutan, XX. mendeko fandango eta arin-arina dantza erabat onestoak ziren, eta ziurtasun osoz Iztuetak horrela ezagutu balitu iritsiz aldatuko litzatekeen, gogoz defendatuz. Horregatik euskal berpizkundeko agintariak, eta EAJkoak bereziki, saiatu ziren garatzen eta hedatu, euskal gazteria baltseo eta dantza lotutik at mantentzeko nahian, benetako gurutzadako neurria hartu zuen borroka batean. Eta ziur aski, prozesu beraren bidez, dantza hauek hasi ziren estandar batzuetan sartzen.

Txistulari aldizkariaren lehen garaian, 1928 eta 1936 artean argitaratua, hogeita bi arin-arin eta hiru purrusalda argitaratu ziren, kopuruari begira bigarren generoa izanik fandagoen atzetik. Hiru purrusalda horiek aita Olazaranek konposatu edo idatzi zituen, eta haien berezitasun erritmikoa ez da oso argia, Baztango purrusaldak, adibidez, ia ez duela puntturik kontuan harturik. Lizarrako kaputxinoak beste arin-arin batzuk ere idatzi zituen, eta bere metodoan, askoz ere geroago agerturik, dantza hauen atalaren izenburua arin-arin (purrusalda) da. Beste alde batetik, contradantza hitza behin bakarrik agertzen da garai honetako aldizkarietan, eta pieza baten izenburuan gertatzen da, ariñ-ariñ izenaren pean. Hala ere, izena eta izana beti ez ziren bat etorri. Félix Urabayenen hitzetan, (Aramburu Urtasun 2003-an aipatua), adibidez, modako beste erritmo bitarreko dantza batek, polkak, utzi zuen bere aztarna gure dantzetan. Sanferminetako giroan, El barrio maldito eleberrian, benetako bi txuntxunero deskribatzen ditu: Javier Echeverría, Eskirotzeko txuntxunero ijitoak, jotzen zuen modua astiroagoa eta indigena zen. Baina bere ondoan jotzen zuen beste txuntxunero batek, Anotzekoak. Eta bere porrusalda eta zortzikoetan tradizio artistikoaren mestizajea iadanik nabaria zen; joten eta polken zaporea zuten.