Musikakoak

Arin-arina - Porrusalda

Beste alde batetik, eta neurri askoz ere apalago batean gaur egun, badirudi gure dantzak oso erlazio estua izan dutela Bizkaiarekin. Azkueren arabera (1919:I,259), adibidez, Larrauneko herri batzuetan bizkaikoak deitzen zituzten ain-arinak.

Baina datu inportanteena, halere, Iztuetak (1824: 230) ekartzen digu bere liburu famatuan, bizkai dantzaz mintzatzeko momentuan, Bizcaitarren berenkia, zeña eguin oiduten fandangoaren modura dos por cuatroco contra dantzaen soñuetan esanez. Doinuen koadernoan agertzen den adibidea arin-arinekin identifikatzeko ez du zalantzarik uzten. Bere hitzetan, soka dantza bukatzeko Bizkaian egiten ziren fandagoa eta arin-arina, baina Gipuzkoan oso berria zen XIX. mendearen hasieran ohitura hori. Zaldibiakoak esanda, fandangoa eta kontradantzaren erreferentziak ez dira hitz goxotzat hartu behar, eta argi eta garbi identifikatzen du arin-arina 2/4 konpaseko kontradantzarekin. Wilhelm von Humboldtek ere, bere egunkarian (1903:207), soka-dantza bukatzekoan fandangoa eta kontradantza ingelesaren antzeko zerbait egiten zirela aipatu zuen.

Kontradantza, izan ere, ziur aski XVIII. mendeko dantza arruntena zen (Burford 1980). Antza denez, Ingalaterran XVII. mendean zuen jatorria, country dance izenarekin, eta batez ere Frantzian zabaldu zen XVIII. mendean contredanse izenarekin, minue gortean baztertuz. Bere abiadura oso bizia zen, eta erritmoa bitarra zuen, bai 2/4 bai 6/8 konpasak erabiliz. Bai kasu batak bai besteak bi esaldi karratu zituzten, lehena zortzi konpasekoa, eta bigarrena zortzi konpaseko esaldiz osaturik, askotan konpaseko goiko zatian hasita. Ikusten denez, aldea ezin zen oso handia izan gaurko arin-arinari begira, eta momentu honetan ez zen batere zaila izan bien arteko nahasketa edo gutxienez kontradantzaren eragina arin-arinean izatea.

Kasu honetan nabaria da Iztuetaren jarrera eta fidagarritasuna: aipamen hau da Gipuzkoari buruzkoa ez den bakarra, eta bere ideiak eta errealitatearen arteko aldeak erakusten duen zirrikitu argi bat: contra dantza esaten dienean, errealitate arrunta deskribatzen du. Baina beste momentu batzuetan, beste modu batean euskaratzen du hitza: okerrezko dantza edo oker-dantza turkoak esaten die, don Precisoren hitzak errepikatuz: oker-dantzaren izena bera dago esanaz dala dantza bat anziñaco dantzaen contracoa. Dantza hauek gueza chimuotasca-nazcagarri, ezer ere ez-esan, eta senaerazten dute ere (1824:134), eta beraz, euskal dantzen gainean inposatzen ziren dantza arrotz eta lizunen horietako batzuk.

Egia esanda, momentu horretarako -XVIII. mendearen bukaera eta XIX. mendearen hasiera- beste testigantza batzuk ere baditugu. Garai honetan iskanbila eta eztabaida oso bortitzak egin ziren euskal dantzei buruz, batzuen ustez oso lizunak zirelako, edo gutxienez bortitzak eta kontaktu fisiko handikoa. Soka-dantzaren azken zatian zentratzen ziren neurri handi batean, horretan ipurdikadak eta abiadura handiko mugimenduak egiten baitziren. Azken zati hau izen batzuekin agertzen zaigu iturrietan, eta haien deskribapenak oso zehaztugabeak dira. Larramendik (1882:272), kasu, presakako fugak deitu zituen. Beste iturri batzuetan -debekuen zerrendetan, askotan- gigen barra-aldiak, tafetan izeneko soinua edo tapatan, alboca edo unzurrunzanquetan izeneko doinua idazkerak agertzen dira. Iztuetak (1824:168), bukatzeko, gehien interesatzen zaiguna ematen du: arin-arinca deitzen dio, eta Frai Bartolome Santa Teresakoak (1816:137) arin aringa, dantza izendatzeko erabiltzen duela oso ziur ez gauden arren.

Gure fraideak deskribatzen duena da bai dantza honetan bai pandanguan ere kontaktu fisiko handia gertatzen zela, nos arpeguijaquin, nos besuaquin, nos sabeleequin, nos albuaquin. Agian Humboldten deskribapena (1923:207), 1801ean eginda, errealistagoa da, mota guztietako zakarreriak, jauziak, mugimendu lotsagabeak, baina sentsualitaterako erabat suspergarririk gabe esaten duenean. Hala ere, zati hauetan zentratu ziren XVIII. mendeko iskanbilak eta debeku gehienak. Eta, jakina, erreforma ilustratuak.

Argi dago zati horren abiadura oso handia zela. Hain argia ez duguna da gutxi gorabehera zati hori egungo arin-arina den ala ez. Iturri batzuek esaten dutenaren arabera, giga bat izan zitekeen, hots, 6/8 konpaseko pieza azkar bat, jig irlandarratik etorrita (Dean-Smith 1980). Giga aski famatua zen suite barrokoaren barnean askotan sartzeagatik. Baina Trapatan, deskribapen hauetan agertzen den beste hitz bat, gaur egun Doneztebeko soka-dantzaren izena da, eta izen honek azken zati horretan du jatorria hain zuzen (Eraso Alduncin 1996). Doinu honen erritmoa lehen adierazitako porrusaldarena da, hots, 2/4 konpasa, baino erritmo punttuduna konpaseko bi zatietan, eta ez, egungo arin-arin gehienetan bezala, bakarrik lehen zatian. Erritmo hori da Iztuetaren koadernoan vizcai dantzaren adibide bakarrak ere erakusten duena. Hori gutxi izango balitz, Iztuetak momentu batean saltarinchoa edo arin-arinca esaten dio (1824:168), biak gauza bera izango bailiran.

Laburbilduz, garai honetako testigantzek ez digute erabat argitzen soka-dantzaren bukaera 2/4 ala 6/8 konpasean zegoen edo, beste modu batean esanda, antza handiagoa eguneko arin-arinekin ala eguneko biribilketarekin zuen. Edozein kasutan, bi erritmo oso antzekoen aurrean gaude. Eta bai frai Bartolome bai Iztuetak bai Humboldtek fandangoarekin erlazionatzen dute iadanik XIX. mendearen hasieran.