Kontzeptua

Arabako Inauteriak

XX. mendeko azken laurdenetik, pixkanaka eta ahalegin askoren ostean bada ere, hainbat Inauteri ospatzen dira Arabako geografian zehar. Juan Garmendia ikertzaileak, arlo horretan aditu nagusia denak, horiek eta beste batzuk aztertu ditu eta, egindako lanari esker, haietako zenbait berreskuratu ahal izan dira.

Alde batetik, ospetsuena aipatu behar da. Zalduondok 1970eko hamarkadan egin zuen Inauterien alde eta orduko indarra mantentzen du oraindik. Urtero ikusminak hartutako ikusleak eta mozorrotuak elkartzen dira Inauteri-igandez. Eguraldi ona bada, jende andana elkartzen da, batez ere arratsaldean, orduan egiten baita "Markitosen" segizioa, epaia eta erretzea.

Hainbat urte beranduago, Saratsu herrixkan eta Kanpezun ospakizun bera egiten hasi ziren. Asmo eta ahalegin handiz, Inauterien desagerpena ekiditen saiatzen dira. Ezin barkatuzko utzikeriak eraginda, ahanzturaren putzu sakonean gera daiteke edozein ekitaldi. Horregatik, hastapenetik Saratsun herritar guztiak nahasteko ahalegina egin zen. Hala, dokumentuetan aipatzen zen eta memorian gordetzen zen Inauteri zaharra berreskuratu zen. Horretarako, nekazaritza-tresnak atera ohi dira erdigunera, modu horretan, auzokoen irudi jakin bat islatu nahi da, erabat landatar eta museokoa.

Inauteri mota horren barnean, ezin ahantz dezakegu berriki berreskuratu den bat, Asparrena-Egino-Andoin herrietako bizilagunez osatutako talde batek bultzatua. Lan eskerga egiteari eta gazteen interesari esker, data ofizialak iritsi baino astebete lehenago irudikatzen da. Lehen herritik beste bitara mugitzen da festa eta amaitzeko "lastozko gizona" erretzen da sutzarrean.

Inauterietako tradizioa ez da soilik herri horietara mugatzen. Horrela, herri handiagoetan (Amurrio, Laudio, Agurain eta Gasteiz hiriburua) denborak ezkutaturiko antzinako Inauterien arrastoak eta bizi dugun garaiko elementuak nahasten dira. Festa eta erakarpena mantentze aldera, desfile lehiakorrak, mozorro ikusgarriak, musika-taldeak nahiz lokal pribatu eta itxitan egiten diren festak izaten dira egun horietako osagarri, alderdi ekonomikoa tartean. Aitzitik, herrixka eta herri txikiagoetan, esaterako, Lantenon, Aratusteak ospatzen dira. Horrela, oilar bat sartzen da kaiola batean eta etxeetako atarietan ahapaldi zaharrak abesten dira, Aiarako haraneko beste herri batzuetan eta Bizkaiko Enkarterrietako zenbait herritan abesten direnen antzekoak.

Herri batzuetan komunitatearen laguntza meritu handikoa izaten da Inauteriak ospatzeari dagokionez. Modu horretan, pertsonaia eta mozorrotuen bidez irudikatzen diren antzinako formak nahiz orain ahulduz orain indartuz doazen eskeak egiten dira eta, horrekin batera, gizarte-adierazpen globalen irudikapen garaikideak gauzatzen.