Kontzeptua

Arabako Inauteriak

Ongizatea ez zen gizartearen ezaugarri nagusia eta dirua ere ez zegoen soberan. Egoera horretan, senitarteko eta lagunen etxeetan eskean aritzea errealitatearen isla baino besterik ez zen. Elikagai aldetiko beharrizanak ase egiten ziren egun batez.

Hala, alde batetik, Jueves de Lardero (Guztion Ostegun izenez ere ezagutzen dena) egunez egiten ziren eskeak aipatu behar dira eta, are, aurreko egunez ere egiten zen eskerik. Aipatu egunez haurrak ziren protagonista nagusiak, eta horietako zenbait mozorrotu egiten ziren. Eskolarik gabeko eguna zen eta kalez kale eta baserriz baserri ibiltzen ziren koadrilatan elkartuta.

Aiarako haranean oilarra eramaten zuten saski batean. Animalia hori zen taldeari identitatea ematen zion elementua. Eguna aldarrikatzeko hitzak abesten ziren eta saski batean arrautzak eta lukainkak jasotzen ziren eta, baita diru apur bat ere poltsa batean.

Hoy es día de "Lardero"y no tenemos lección,es justo que disfrutemos(de) un rato de diversión.

Os pedimos un durico,cuatro huevos,un chorizoy algo más.

Si nos dan lo que pedimosbien lo vamos a pasar.

Que buena comidanos van a poner,con algunas cosasque ustedes nos den. (bis)

Abesti hori Done Bikendi Haranean jasoa da eta badu antzik Araban zehar (Arrieta, Arrizala, Bikuña, Egino, Erroitegi, Luzuriaga, Munain, Okariz, Erroeta, Durruma Donemiliaga, Birgara Goien, etab.) interpretatu izan diren beste batzuekin. Abestian gotzain edo gotzaintxoa Erreginaren alboan ageri zen (Gazeo) eta, modu horretan, osatzen zen segizioa, San Nikolas egunarekin (abenduak 6) lotura argia zuena.

Abeltzainek (artzaina, behortzaina edo behizaina) beste eske bat egiten zuten. Hori ere ofiziala. Animaliak batetik bestera ibiltzeko eginahalaren saria izaten zen haientzat eta langintza horretan jarraitzeko akuilu.

Dena den Ostegun Gizena ez zen eskean aritzeko egun bakarra izaten. Zuiako haranean "Banderilla Festa" ospatzen zen otsaileko lehen egunetan. Bi talde bereizten ziren, alde batetik mutikoak eta, beste aldetik, neskatoak. Talde bakoitzak bere zutoihala eramaten zuen eta kalez kale ibili ohi ziren: Murgia, Sarria, Zarate, etab.

Gazteen eskeak Inauterietako igandez, astelehenez eta asteartez egiten ziren. Mutiko nagusia izaten zen taldeburua. Hura aukeratzeko zozketa egiten zen edo, bestela, karta-sortatik bateko urrea ateratzen zuenak lortzen zuen izendapena. Behin, hura izendatuta aparte geratzen ziren etxeetara joaten ziren eskean, ahal zela, eskudirua lortu asmoz. Orokorrean Ostegun Gizeneko eskean baino sari handiagoa eskuratzen zuten.

Amurrion ekitaldi hori "tajadilla de Carnaval" izenez ezagutzen zen eta herri askotan musikariak (soinujoleak, txistulariak, pandero-joleak eta gitarra-joleak) izaten ziren eskea girotzen. Hala, etxe bakoitzaren atarian mozorrotuek pieza bat edo gehiago dantzatzen zuten, baldin eta bertan dolutan ez baziren.

Baserrietan, normalean, arrautzak eta lukainkak izaten ziren oparitan emandako produktuak. Dena den, eskaleek beste hainbat gauza ere biltzen zituzten, zonaldearen arabera: olioa, gurina, odolkia, babarrunak, azukrea eta eztia. Horrekin guztiarekin, hots, herri bakoitzeko bizilagunek eman ahal zutena jasota, askari bat egiten zen. Haurren kasuan haietakoren baten etxean egiten zen askaria.

Gazteek eskean jasotakoarekin edota ardi edo zekor bat sakrifikatuta, hainbat bazkari edo afari antolatzen zituzten tabernan. Ahal zela, jaki solido ugari izaten zen mahai gainean, ardo onez ongi bustita eta ondoren, gauez, beste osteratxo bat ematen zuten.