Kontzeptua

Arabako Inauteriak

Herritan mantentzen da argiro ospakizun erlijiozko eta profanoa. Egoki ikusten diren datak mantendu egiten dira eta, orokorrean, Ostegun Gizenarekin abiatzen den egun multzo batera mugatzen dira. Aipatu eguna haurrei eskainia zaie bereziki. Nolanahi ere, zenbait kasutan Santa Ageda eguna festen atarikoa zen.

Ondoren datoz Ostiral Mehea, larunbata, igandea eta Astearte-inauteria eta horien eskutik ohiz kanpokoa, zalaparta eta dibertsioa. Zonalde euskaldunetan, esate baterako Aramaioko haranean, horrela izendatzen ziren egun horiek: Aratuzte Domekie eta Martisen Aratuzte. Edo Legution: Karnabal eguneko Domekie.

Egun bakoitzak zuen bere indarra. Igandea mozorrotzeko lehen eguna izaten zen eta asteartea egun nagusia. Egun horretan bazkari bereziak egiten ziren eta Pazko-igande arteko azken dantzaldia ospatzen; azken hori, Eltze-itsu Igandea (Inauterien ondorengo lehen igandea) ospatzen ez zen lekuetan.

Kontuan hartu behar da Inauterietako ekitaldiei buruzko albiste gehienak, kontrakorik esaten ez bada, XX. mendeko lehen hogeita hamasei urteei buruzkoak direla nagusiki, ahozko eta idatzizko lekukoei esker jaso direnak.