Kontzeptua

Arabako Inauteriak

Euskal Herriko gainerako lurraldeetan gertatzen den moduan, hainbat izen hartzen dituzte mozorrotuek, herriaren edo zonaldearen arabera. Hala, gaztelaniaz hitz egiten den zonaldeetan: "cacarreros", "cácarros", "cachis", "cachibulos", "macarreros", "mascaretas", "porreros" edo "zarramoqueros" izendapenak ditugu. Eta euskaraz. kakarroak, kokomarroak eta porreruek.

Mozorrotzeko lehengai nagusia arropa erabili eta zaharrak izaten ziren: praka eta alkandora zabal eta zaharrak, zintzarriak, uztaiak eta artilea. Garai batean aurpegia margotzen zuten edo, bestela, kartoizko maskaraz estaltzen zuten. Maskari horiek erosi edo, bestela, beraiek egiten zituzten. Ez zegoen haiek lortzeko aski diru.

Mozorrotuak makilak, zartailuak eta maskuri edo puxikak hartuta, haur eta neskatoen atzetik ibili ohi ziren harrapaketan, izan ere, azken horiek azpian agertzen den leloa abesten zuten. Hori izaten zen dibertsiorako modua:

Porrero, porrero,
matacandelero,
echa las habas al puchero.
Échalas tú, que yo no las quiero.

Dena den, bazen mozorrotuek sarrera debekatua zuten leku bat, hain zuzen, parrokia-elizako ataria. Horregatik, mozorrotu trebe zenbaitek guraize luze edo kurrikak asmatu zituen. Modu horretan, harrapaketa gauzatzea lortzen zuten. Harrapatuak, bestalde, askapena lortzeko, belauniko jarrita otoitz egin behar zuen edo, bestela, mozorrotuaren ipurtaldea musukatu behar zuen.

Normalean mutilzaharrak izaten ziren mozorrotzen zirenak eta, zenbaitetan, baita ezkonduak ere. Neskatoak eta ezkondutako emakumeak harrapatzaile papera hartzea gaizki ikusia zegoen komunitateko zati batean.

Mozorrotuen beste bihurrikeria bat bizilagunen etxetatik lukainkak, hegaztiak edo torradak lapurtzea izaten zen. Etxeko jabeek lapurreta hori gerta zitekeela ulertzen zuten. Horrela, zenbaitek, nahiko agerian uzten zituzten produktu horiek lapurreta errazagoa izan zedin, sarraila eta leihoak apurtu beharrik gabe.

Mozorro nagusi batzuk zeuden, besteak beste, "jaunxkila" edo bi sexuetako trabestismoa. Baina, baziren mozorro espezifiko eta arraroak ere. Hala, arloteak, eleganteak edo dotoretuak ikus zitezkeen edo, "Atsoa", aldi berean, bi pertsonaia irudikatzen zituena: hazpegiak ongi markatutako atsoa txapelaz jantzitako gazte baten gainean. Zalduondoko Inauterietan oraindik ere agertu ohi da pertsonaia hori, beste batzuekin batera: Besteak beste, "Harakinak", "Ardiak" eta "porru-erretzaileak". Horietako zenbait zakutan sartuta eta ibilera baldar eta motela dutela.

Beste zenbait, binaka mozorrotu ohi ziren, uztarriz lotuta, idiak bezala (egiazkoak ere irten ohi ziren). Horiek, idaur batetik tira eginez ibiltzen ziren edo, bestela, nekazaritza-tresna batetik, elorri-triskak jasota.

Hala ere, Arabako Inauteria gainerakoekin bereizten badira, hori jaietako panpinak duen garrantziagatik da. Horien erabilerak berezko xehetasunezko ikerketa merezi du.

Herri batzuetan ez du izendapen jakinik eta, besterik gabe, "astozko panpin" izendatu ohi da. Beste batzuetan, ordea, berezko izaera izaten dute panpinek eta hainbat izen hartzen dituzte, esaterako "Gutierrez", "Toribio", "Porru-erretzaile", "Gaizkile", "Lastozko gizona", "Atsoa (Inauterietakoa)", "Judas" edo "Markitos" ezaguna. Lermandan, beste herri batzuetan bezalaxe, "Inauterietako panpin" izenez ezagutzen zen. Dena den, hura egiteko jantziak apaizak ematen zituenez, izena aldatzea erabaki zuten, eta "Don Felipe" izenez bedeinkatu zuten.

Egun batzuk lehenago barrutik armadura bat prestatzen zen, egurra erabiliz. Arropaz beztitzen ziren edo zaku batean sartu, lastoz beteta, bragetan dinamitazko kartutxo bat paratuta. Herriaren erdigunetik paseatzen ziren asto edo zaldi baten gainean, edo mozorrotuek bultzatutako gurdi baten gainean. Ibilbidean zehar kolpeak, irainak eta jipoiak jasotzen zituzten. Nolabaiteko epaiketa batean "predikariak" epaia ematen zuen eta komunitatean jazotako gaitz guztien (eguraldiak eragindakoak, borrokak edo erailketak) erruduntzat jotzen ziren. Horren ondorioz, haien heriotza sinbolikoa eta, aldi berean, benetakoa gauzatzen zen: zenbaitetan sutzarretan erretzen ziren eta gazteek jauzi egiten zuten haien gainetik; aldez aurretik, dena den, eskopeta batekin tiro egiten zitzaien pare bat aldiz, edo, bestela zurtoinean sartzen ziren "Markitosen" antzera; beste zenbaitetan, aldiz, errekara edo teilaturen batera jaurti ohi ziren.

Amaiera irrikatsua gauzatzeko beste modu bat zahagi hutsa eta lastoz betetako zakuak errez egiten zen. Orokorrean, Astearte-inauterian gertatzen zen hori eta ekitaldi horrekin Inauterietako epealdia amaitutzat ematen zen.