Monarkia eta noblezia

Antso IV.a Gartzes Peñalengoa

1065eko azaroaren eta abenduaren bitartean, Fernando I.a gaixo zegoela itzuli zen Zaragozan eta Valentzian borrokatutako gudetatik. Urte amaieran hil zen, Leongo hirian. Fernando I.ak utzitako lurraldeak berak aitarengandik hartutako Gaztelako konderriak baino askoz hedadura handiagoa zuen. Izan ere, agintaldiaren hasieran, Leongo erresuma eta bertako lurraldeak bereganatu zituen (Asturias, Galizia, etab.), eta jabegoa hedatuz joan zen, musulmanei eta Iruñeako erresumari hartutako lurraldeekin, batik bat.

Pirinioetako usadioei jarraiki, Gaztelako erresuma osatzen zuten ondare-lurrak oinordekotzan utzi zizkion Antso lehensemeari (1065-1072). Leongo erresuma osoa Alfonso VI.a (1065-1109) semeari utzi zion, Galizia izan ezik, beste lurretatik bereizi, eta Gartzia semeari (1065-1071) eman baitzion. Halaber, erresuma musulmanetatik jasotzen zituen pariak semeen artean banatu zituen. Gaztelako tronua hartzean, Fernandoren semea Antso II.a izendatu zuten. Horrela, Antso izeneko hiru errege egon ziren aldi berean: Gaztelakoa, Iruñeakoa eta Aragoikoa.