Monarkia eta noblezia

Antso IV.a Gartzes Peñalengoa

Atapuercako batailaren ondoren, Iruñeako eta Gaztelako erregeen arteko gerra hasi aurreko ordena berreskuratu zen, eta Gartzia Santxez III.ak bere erresumara atxikitako Gaztelako lurrek Iruñeako erresumaren barruan jarraitzen zuten. Gartzia erregeak San Millan monasterioari hainbat dohaintza egin zizkionez, Obarenes eta Montes de Oca inguruak hartzen zituen, eta Atapuercaraino iristen zen. Hedapen horri esker, lurrak eskuratu ahal izan zituen Menako, Burebako eta Arlanzoneko haranetan, eta baita urrunagoko beste eremu batzuetan ere. Gartzia Santxez III.aren oinordeko zen Antso IV.ak zailtasun ugari izan zituen oinordetutako mugak mantentzeko eta arbasoek eskuratutako lurrak bana zitezen saihesteko. Hasteko, ez zen oso ziurra atxikitako eskualde batzuetako jaunak eta jabeak fidelak zirenik, eta batez ere, Gaztela Zaharreko zenbait jaunen kasuan. Bestetik, Gartzia III.ak Iruñeako edo herrialdean finkatutako zaldunei zenbait lurren agintea eman zien, eta ez zen hori oso neurri eraginkorra suertatu. Ubierna, Urbel eta La Piedra izan ziren banandutako lehen lurrak, eta Fernando I.aren eskuetan gelditu ziren. Gainontzekoak nafar erregearen agindupean mantendu ziren zenbait urtez.

1057an, bi erreinuen arteko arazoek bere horretan jarraitzen zuten. Erasoaldiak sartu-irten baketsuak ziren, eta, horiekin batera, erregeak hurbileko kondeak eta jaunak erosten zituen. Gaztelau-leondar erregearen aldeko politika horrek bere lehenengo emaitzak eman zituen Trasmieran, Menako haranean, Bureba inguruan eta Gaztela eta Leongo erresumarekin muga egiten zuten Gaztelako beste jaurerri batzuetan; baina berehala egin zuten topo erresistentzia handiago batekin. Fernando erregeak, Oña hartu, eta bere boterea indartu zuen, eskualdeko erlijio-instituzioei dohaintza handiak emanez. Aialako, Menako eta Somorrostroko jaurerriak zituzten Lope eta Galindo Velazquez jaunak lagun zituen.

Iruñeako erregeari fidel mantendu ziren, batetik, Eneko Lopez Bizkaiko jauna Naiarako Fortun Santxezen ("Aitano" edo "Eitano" ezizenez ezaguna) alaba batekin ezkonduta zegoena, eta, bestetik, Pancorbon jaurerria zuen Antso Fortuñon zalduna. Azken hori Obarenes mendietarako iraganbide eta sargune estrategikoa zen. Era berean, honako hauek Iruñeako erregearen alde egin zuten: Munio Gonzalez Arabako kondearen semeek (Nuño Moñuz, Araban; Lain Muñoz, Cellorigon eta Tello Muñoz, Terminoko gotorlekuan) eta Burgos aldean zeuden aurrelari-taldeetan, Fortun Jimenez, Monasterion, eta Garcia Jimenez, Montes de Ocan (1060).

1062. urte inguruan, bi erregeek bakea sinatu zuten, eta erresumen arteko mugak adostu zituzten. Egile batzuen esanetan, bi erregeek 1037. urteko mugak berrezartzea erabaki zuten, hau da, Fernandok Iruñeari hainbat barruti laga aurretik indarrean zeudenak. Beste batzuen ustez, ordea, hitzartutako mugak Antso Nagusiaren eta Gaztelako Antso Gartzia kondearen ordezkariek 1016. urtean ezarritako muga berberak lirateke, eta Iruñeako jabetzen barruan sartuko lituzkete Antso Nagusiak 1024.an hartutako lurrak, Pancorboko ingurua Antso Gartzesaren erresumaren mende geratu baitzen. Harrezkero, Fernando erregeak "Gaztela osoko errege" titulua hartu zuen, eta Antso Gartzes Naiarako eta Iruñeako erregea izan zen. Errioxako lurrek Iruñeako erresumaren barruan jarraitzen zuten.