Jaialdiak-Ekimenak

Anton Abbadia eta Lore Jokoak

Urruñan 1851an, hain zuzen, hasi zitzaigun euskaldunen artean bere poltsikotik ordaindutako sariak banatzen, 1997an egin nuen bildumaren lehen poemari, alegia, Kantu berriak Urruñeko pilota partidaren sujeten gainean titulua daramanari eta Gaskoinaren airean kantatu ziren koplei. Joanes Oxaldek idatziak zituen.

Kantu horretan, noski, pilota partidaren berri ematen da. Bertan mila libera banatu zituen pilotarien artean, frogatzen duenak Abbadiak pilota jokoa biziki eta beste joko guztien gainetik maite zuela, baina baita ere pilota bezalaxe kantak. Abbadiaren Lore-jokoak aipatzen direnean ohikoa da 1853. urtearekin hastea, guk, ordea, 1851 ezarri dugu, berak bere paperetan sarien zerrenda egiten duenean urte hortatik beretik hasten delako: Lieux où j'ai donné mes prix basques: / 1851 Urrugne : début. / Eta beste paper batzuetan ere horrelaxe dio bildu zizkionak paperak: Voici le résultat de mes recherches: de 1851 à 1898 il y a 48 années... (BNF. FCB, nº 164, f.1).

Aipatu behar dugu ere Lore Jokoei izen ezberdinak eman zizkietela. Hala nola Phertxuetaco gudua, horrelaxe baitzioen 1853ko iragarkiak, eta 1997an argitaratu liburuari Koplarien guduak , ezarri genion izenaz adierazi behar dugu, euskaraz topatu lehenetarikoa horixe zela. Intxauspe kalonjeak sortutakoa, Abbadiari 1860an idatzi gutun batean agertzen den bezala. Halaber garhait-saria eta aiphamen ona hitzak. Geroago beste batzuek ere erabili izan ziren, adibidez, Bertsutako gudua (1869), Neurtizlarien gudua (1879), Joko loretuak (1880), Bertsularien gudua (1887), Eskribitzaileen indar-neurtzea (1891), Neurtitz gudua (1896)... baina frantsesez Concours de poésie nationale (1853) eta Concours de Poésie Basque (1858)...

Jakina den bezala Charles Louis Napoleon Bonapartek 1851ko abenduaren 2an estatu kolpea jo zuen Parlamentuan, eta handik urte batera bere burua Enperadoretzat hartu. Halaber errepublikazale ezkertiarren eta sutsuenak Frantziatik igorri zituen desterrura, hala nola Victor Hugo eta Baionan gazetari bezala aritzen ziren Capo de Feuillide, L'Eclaireur-eko zuzendaria eta Agosti Chaho Ariel-ekoa.

Urte nahasiak eta gogorrak izan ziren haiek eta ez zaigu egoeraz mintzo ziren bertsorik falta. Adibidez, Urruñako Martin Halsouet "Ttipi" deituak, 1852ko elekzioetan Chahoren aldeko bertsoak moldatu bazituen, Napoleonen aldekoak ere prestatu zituen, Joanes Oxaldek bezalaxe. Iraileko festetan, 20an hain zuen, gazte batek Abbadiaren laudorioak kantatu zituen eta urriaren 3an Anvers-en soldado eta desertore izan zen Ttipi honelaxe mintzo zen:

Mila zortzi ehun eta berrogoita hamabian
Prima eman daukugu bigarren aldian
. (AAKG, 4-VI).

Abbadia gustora gelditu zen Urruñako herrian zeukan harrerarekin eta bai koplariari, bai eta entzuten zegoen jendeari adierazi zien horrelako maitasun frogek bozkarioz betetzen zutela, eta hurrengo urtean euskal poesiaren sari eder bat antolatuko zuela, bertan Zazpi Euskal Herrietako koplari guztiek parte hartzeko aukera izango zutelarik (Le Messager de Bayonne, (MB) 1852-IX-30).

1853ko lehiaketaren antolamendua zehatza izan zen eta hurrengo urteetako eredugarria. Deia eta parte hartzeko baldintzak zehaztu ziren eta aldez aurretik Baionako MB-ean, (nº 296, 1853-VI- 9) eta Pabeko Le Mémorial des Pyrénnées (MP, nº 70, 1853-VI-11) gazetetan publikatu ziren. Makhila eta urrezko ontza eskainiko zitzaien, lehen eta bigarren sari gisara, Montevideora dihoan euskal gaztearen bihotz-minak bertsotan egokien moldatuko zituztenei.

Bertso kopurua mugatua zen, berrogei ta hamar bertsolerro gehienez ukan behar zituzten koplek, abesbatz batek kantatu beharko baitzuen eta jakina den bezala oroimenaren ahalmena laburra da. Eta zioten, saiatuko zirela kantariak poetak agindu airean kantatzen. Auzi-hartzaileetarik batek, Urruñako auza-peza zen Larralde-Diusteguy jaunak, hain zuzen, herriko koruari kantaraziko zion bertako plazan, deialdian beraxek zioenez:

"Pilota partida baino lehen, içanen da goraki eçagut aracia pherxuetako guduan garaia eraman duena, eta harc egin pherxuak içanen dire cantatuak herrico guiçon gazte hortaraco berechi eta irakhaxiez, çoinekin aldizcatuco baita musicari gorphutz bat: eta ondoan, pherxuetan garaitu duenari emanen çaizco, Antonio d'ABBADIE jaunaren partezko untçaco urrea eta ohorezco makhila.

Eguiña Urruñaco herrico etchian, Agorrilaren 29an, 1853an.

Baldarapheza, A. de LARRALDE-DIUSTEGUI."

Iragarkiak zioenez bertsoak, posta ordaindu gabe Baionako Seminarioko Zuzendaria zen Harriet apezari bidali behar zitzaizkion, beranduenik abuztuaren 14erako. Ez zen kantarik batere saihestuko, eta epaileek gogoeten meritua bakarrik izango zuten kontutan eta nola moldaturik zeuden.

Maurice Harrietek abuztuaren 20an eta 23an Abbadiari idatzitako bi gutunetan lehiaketaren martxaren berri ematen dio, esanez, nola banatu dituen paketetan eta auzilarien artean zabaldu. Hauek, Ducos, Leremboure, Larralde, Hiribarren, Lissardy, Dayanne eta Goyetche jaunak ziren. Eransten dio, gainera, denentzat erdigune edo lekurik aproposena izan daitekeenean bildu beharko luketela erabakia hartzeko.

Pilota partiduez arduratzen zen B. Bascary jaunak beste gutun batean ematen zizkion pilotarien izenak: Sebastian, Bizente, Gaskoina, Pascot... Eta euskaraz ematen zizkion joko arauak. XIX. mendeko pilotaren historiaz gauza franko ikas daitezke Abbadiaren jokoei jarraikiz.

Le Messager gazetak 1853ko irailaren 13an Variétés sailean, Urruñako poesia lehiaketaren berri ematen zuen epai mahaiaren erabakiaz. Nola erakunde honen helburua, alegia, concours de poésie nationale delakoarena bikoitza zen. Bat literaturari, eta moralari zegokiona bestea. Nola aurkezturiko kantak euskalki guztietakoak izan ziren eta nola nabari zen giza talde orotarikoak zirela ere, jende eskolatuak eta eskolagabeak parte hartu baitzuen, emakume bat ere heien artean bazelarik. Hogeita hamazazpi lan eta hoietarik irabazlea Bernard Celhaberena, Entzunik espantutan Indien Berria (AAKG, 6) izenpean eman duguna eta Atharratze jauregian... aire ezagutuaren arabera kantatu zena. Hogeita hamazazpi horietarik gehienak galdu egin dira, tamalez, baina zazpi lortu ahal izan ditugu (AAKG, 6- 12).

Ez ziren kontent gelditu parte hartzaile guztiak erabakiarekin, noski, eta garaiko koplaririk handienetakoa zen Pierre Topet-Etxahunek, adibidez, bertso ziridunak moldatu zituen irabazle eta auzilarien kontra. [Haristchelhar, 1970].

Honela bada 1855eko urriaren 27an Goyetche, Urruñako apezak, osasuna dela eta buru lanik ez zaiola komeni aitzakiaz, eta epaia kontzientziaz emateko gai ez delako sentitzen, epai mahaitik kanpo gelditzea erabakitzen du.

Gaia Emazte edalea zen, eta irabazlea Leon Elissamburu gertatu zen. Leon Ortzaizen jaioa 1816an, guarda, pelotari eta olerkari Jean Haritschelharren hitzetan, XIX. mendeko idazle hoberentsuenetarikoa, Jean-Baptisteren anaia, gutxienez zazpi kanturen egilea, eta 1855eko irabazlea, Saratarra naizela orok badakite airean kantatu ziren zortzi bertsorekin, 1861ean hilen da.

Koplarien bertsoek gai jakina izan zuten bezala, bapateko bertsolariek gai librean aritu ziren urte horretan. Eta 1855eko azaroaren 19koa dugu Jean Oxaldek Abbadiari zuzendutako gutun benetan hunkigarria, bertan ikusten baita zein egoera behartsuan bizi ziren zenbait koplari.

Ez zuen ukan, ordea, arrakasta handirik Oxalderen eskaerak eta 1868a arte ez du irabaziko lehen saririk, interesgarria da, dena den, bere bizitzaz eta obraz Jules Moulier "Oxobi"k moldatu liburuttoa.

Herriko besta izan zen 1856ko gaia, aldez aurretik behar bezala iragarria Baionako Le Messager-en (1856-IV-15) eta epai-mahaikoen eztabaiden ondoren Jean Baptiste Larralde gertatu zen lehen sariaren irabazle. Lissardy hauzilariarentzat, ordea, Leon Dajas-ek sinatua, beraz, Hiribarrenena zen hoberena. Baina berriro Duvoisinen iritzia atera zen gailen, zeren bere ustez Larralde medikuaren bertsoak besteenetarik gorago zeuden inongo ezpairik gabe.

Londresetik 1856ko urriaren 20an Luis Luziano Bonaparte printzeak Abbadiari igorri gutunean euskerazko hitz batzuek bidaltzen dizkio Urruñako bestan bildu ziren euskaldunei zuzenduak. Honakoak, hain zuzen: "Euskaldun maiteak! Lenago maite zituztean, bano orain ezagutu ezkero maiteago zaituztet. Gaur urtebete Euskererrian izan nai dedila! Ondo bizi zaitezte, nere adiskideak". [BNF, naf., nº 21746, f. 425].

Ez zen izan aukera haundirik, ordea, konparaturik aurreko urtearekin 1857an, ezen bi poema bakarrik aurkeztuak izan ziren, eta antza, biak egile berarenak, bata, Eskaldun baten auhenak [MB, 1857-IX-22] Louis Ithurbide irabazlearena, eta bestea Zure begiek egun zer duten, Donostiako hirur damatxo-ren airean kantatzeko egina, Bethiri Seilharuxena [AAKG, 45].

1858an hogeita hemezortzi lan aurkeztu ziren. Gaia librea izateak ere izan zuen ondoriorik, eta lehen sariaren irabazlea azkenean, Intxausperen arabera, Jean Baptiste Elissamburu (Sara 1828-1891) izan zen, Tan tan tan (kadira dantza), lanaren ohoretan egin kantagatik Bero deno burdina jo airean. Jean Baptiste Elissambururen heriotzaren mendeurrenean Saran egin zen biltzarrean bere obraren azterketa berria burutu zen eta balioa berrikusi zuten ikerlari euskaltzale zenbaitek (Euskera, 1992).

Urruñako Besten iragarkiak zioenez 1859an, sarietarik bat brontzezko suzi bat izanen zen, zeinek euskal nazioa eta hizkuntza zaharra irudikatzen zuen [Le Courrier de Bayonne, 1859- VIII-5]. Hogeita hamabi lan aurkeztu ziren eta ohi bezala hauen berri Courrier-ean emango du Duvoisin kapitainak. Epai-mahaikoen artean sorturiko gora-beheren eta eztabaiden aurrean, Intxauspek etsaminatzaile laiko gehiago izan zitezen nahiago izan zuen, eta egiteko horretarako Ducos zaharra hautatu zuen.

Lehen saria Jean Baptiste Larralde (Hazparne 1804-Donibane Lohitzune 1870) medikuari eman zitzaion Ama haurraren sehaskan lohakartzen poemagatik, eta bigarrena Jean Gorostarsouri Etxeko xokhoa-rengatik. Aldi honetan Jean Etchetok (Itsasu 1801- Senpere 1877) Senpereko errejentak zortzi kanta ezberdin bidali zituen sarira, horien artean bat Sebastopolgo gerlaz.

1860an Duvoisinek, ohi bezala, urtez urte ematen dio Abbadiari aurkezten diren poemen berri. Jean Etcheto maiz kexatuko zaio Abbadiari bidali gutunetan berak igorritako lanek ez zutelako epaileen oniritzia aurkitzen. Honen iritziz alderdikeriak nagusi ziren, batzuetan epaile eta epaitua bat zirelako eta l'utile à l'agréable, hots, atseginari baliozkoa hobetsi behar zuketelako [BNF, naf, 21747, f.338]. Nabari da koplari batzuek bere lanari ez ziotela zenbait errejentek ematen ohi zioten adinako garrantzirik. Hala, beti haserre Joanes Etchetok esaten dio Abbadiari 1861eko gutun batean, hiru pertsona ezberdini utzi diela poema bana beren sinadurez parte har dezaten.

Hala bada, eta dena dela, 1861ean ez zen izan Koplarien gudurik. Hori dela eta kexu izango zaio Abbadiari Hiribarren Bardozetik ez delako besta Urruñan ospatu eta horrela hartzen ari zen ospea galdu bide zitekeela.

Baina 1862an berriz ospatu ziren Lore Jokoak, eta epai mahaian jarraituko dute Intxauspe eta Duvoisinek. Jean Baptiste Elissamburu (Sara 1824-1891) poetaren Apexa eta Lorea izan zen saritua, lehen eta bigarren aipamenak Laphitzek eta Garrok jaso zutelarik. Azkenean Jean Martin Hiribarrenek ere aipamena ukan zuen bere Herriko Biltzarraren Gainean izeneko bertsoekin, non bere epikotasunari uko eginez umoreari eta ziriari heltzen zion, alkateen promesen gainean trufatuz eta asmatuz epai-mahaikoen iritziz. Sari honetara aurkeztu zen ere gerora ospetsu bilakatu Elissambururen Nere Etxea kanta.

1863a izango da lehen aro honetan Urruñan Koplarien Guduak antolatzen diren azken urtea. Zortzi poema aurkeztu ziren bederen (AAKG, 155-163), eta lehen saria Bethiri Olhondok jaso zuen Marinela izeneko koplekin.

Saran 1864. urtean lehen aldiz antolatu ziren eta bertako Dithurbide auzapezak Abbadiari esker oneko gutuna idatzi zion.

64tik 78ra Sara izango da, -1877ko Donapaleuko salbuespenaz eta 1870ko hutsegiteaz at-, Pilota, Poesia eta Bertsolaritzaren Bestaren kokalekua. Intxausperen iritzia berriro gailendu zen 1864ko jaian, eta Larralderen Muthil-zaharra poema atera zen irabazle hogeiren bat kantaren artean, bigarren saria M. A. Salaberriren Solferinoko itsua kantarentzat izan zelarik. Eztabaidatu izan da, eta argudiatu Salaberri Jean Baptiste Elizanbururen ezizena dela, baina eskuizkribuen idazkerak konparatuz bi egile ezberdin dirateke. Antonio Maria Labaienek baiezkoa esan arren, Xabier Elosegik dioenez ez dugu inolako frogarik honetaz.

Hona hain herrikoi bilakatu den Solferinoko Itsuaren lehen ahapaldia:

"Harmen hartzera deitu ninduen gazterik zorte etsaiak,
Urrundu nintzen, herrialderat itzuliz usu begiak,
Itzuliz usu begiak". [AAKG, 165]

Bitxia da ohartzea nola 1865. urteko guduan ere Larralde izanen den garaile, Eria ezagutzaz bethea errexinoletarentzat, eta Abbadiari zuzendu gutun batean Donibane Lohizuneko medikuak honako ordena ematen zion: 1º Eria da errexinoleta; 2º Primadera; 3º Arrosa eta imortala; 4º Artzaingoa. Beraz, bere burua lehena, ipintzen zuen , eta antza denez, epai-mahaia hots, Duvoisin kapitaina ere iritzi berdinekoa izan zen.

1866an Intxauspe pozik dago baduelako non hautatua, eta ohorezko sariaren eta lehen sariaren irabazle, beraz, bi lehenena Jean Baptiste Elissamburu izango da, zeinek Okerthuak bere okhertzaileari buruz eginiko lau bertsoez gain bostgarren bertso bat bidaltzen dion, esker onez, Abbadiari [AAKG, 189].

1867ko festan Joanes Verjesek idatzi Oraiko neskatxa batzu atera zen garaile, eta Jean Baptiste Elissambururen Eskalduna poemak irabazi zuen bigarren saria.

Azken poema honek ez zuen Intxausperen ustez alegoriaren arauak betetzen, halere Gratien Adema "Zalduby" "Hergaray", "Uxaleguy"... (Senpere 1928 - Baiona 1907) une horretan Bidarrain erretor zenak idatzi Xanxundegiko xakhurra kantaren aurretik gelditu zen.

Hala bada, Joanes Oxalde izango da 1868an irabazle Enperatrizari izeneko kantarekin, eta Duvoisinek hizkeraren zuzentasuna eta garbitasuna hala nola gogoetak goraipatzen dituen arren, errezitatu punttu, kalaka nabarmenegia aurkitzen dio, baina beste urteetan saritutakoekin konparaturik hobeagoa dudarik gabe.

Hiru egun iraun zuten herri besta hauetan, beraz, lekurik izan zen poesia, bertsoa, pilota eta dantzarentzat, hala nola haziendarik hoberenaren erakusketarentzat.

Hurrengo urtean, 1869an hain zuzen, Agustin Etcheverry gertatu zen lehen sariaren irabazle, Hiltzera dohan haur baten auhenak poemarekin (AAKG, 214), eta bigarren saria Edmond Guilberten Sarako andregeia kantari eman zitzaion. Ez ziren izan, ordea, ideia bereko ez Intxauspe, ez eta Julien Vinson [1870], zeinek Lore Jokoen berri eman zuen Pariseko Linguistikako errebista batean. Hauentzat Guilbertena zen hoberena.

Vinsonek kontatzen digu ere bapateko bertsoak kantatu zirela Ibarra izeneko Jatsuko zapatagina eta Azkaingo Maria Luisa Osorioren artean izan zela eztabaida. Gaia: ezkontza eskea. Gaineratzen du Vinsonek ez zela batere arrunta andere bertsolariak aurkitzea jaietan eta ordurarte Hondarribitar neska bat zela ausart bakarra, baina azken hiru urteetan ez zela jada ageri plazetan kantari.

Ez zen 1870ean bestarik izan Saran gerra zela kausa, bertako Goyetche auzapezak Abbadiari kontatzen dioenez. Halere, aurkeztu izan zen kantarik, hala nola, Arrantzailearen alhaba, zein erabaki zuten Intxauspek eta Duvoisinek hurrengo urterako uztea.

Dena den, 1870. urtea benetan urte ederra izan zen euskal kantentzat, Mauleko abokatua zen J.-D.-J. Sallaberryk Baionan inprimarazi baitzuen ordurarteko kanta bildumarik ederrena, Chantes populaires du Pays Basque. Paroles et musique originales recueillis et publiées avec traduction française titulaturik, non ematen baitzituen berrogeita hamar kanta musikaz eta frantses itzulpenaz lagundurik, eta ohar benetan interesgarriz orniturik.

Jarraikitzen dio Goyetche, Sarako auzapezak, berrien emateari eta 1871ean Abbadiari idatzi beste gutun batean esango dio, bertsolarien arteko guduan lehen gaia baserrian gelditzen den laboraria eta feriaz-feria dabilenaren arteko eztabaida izan zela, eta bigarrena soldado-gaiaren eta soldadoxkatik ihesi dohanaren arteko elkarrizketa. Oso bizi eta pollita izan zela, eta erdibana sarituriko bi bertsolariak Etcheto saratarra eta Dibarrart jatsuarra izan direla [BNF, naf., 21748, f. 443.] . Poeten lanez berririk batere ez.

Baina izan zen eta gainera poema ugari Pirineetako bi aldetakorik. Irabazlea berriro Jean Baptiste Elissamburu izan zen Xori berriketaria -z (AAKG, 220).

"Zalduby"k aurkeztu zuen Jeus tituluko bertso benetan bitxiak, hitz horren inguruan eratuak. Duvoisinek kantaren kopiaren ertz batean honako iruzkina idatzi zuen: "Morceau original, jeu de mots d'un bout à l'autre, bon à lire", alegia, irakurgarria zela, eta orijinala benetan, hitz jokoz betea lehen bertsolerrotik azkeneraino. Parmenidesengan etorkia duen ex nihilo nihil fit gogoetan oinarritua, eta Jean Passerat humanista eta frantses poetaren hitz jokoen ildotik moldatua [Urkizu, 2007].

Jean Etchenic garaian koplari ezaguna behar zuen izan, ezen Baionako E. Lasserreren inprimategian moldiztegiratu zituen zenbait bertso-paper edo Kantu berri , hala nola bere bizi tristea kontatzen diguna 22 laukotan.

Ohi bezala Goyetchek berriro idatziko dio Abbadiari 1872ko irailaren 13an. Choperena eta Dufau senperetarrak, Irigoyen azkaindarrak, Etcheto saratarrak eta Etchart ezpeletarrak egin zuten kanta. Gaia: batek heziketaren aldeko bertsoak moldatu behar zituen, heziketarik ez ukaitea hobe zela besteak. Aipatu azkeneko biak gertatu zirela irabazle, beren artean erdibanaturik laurogei liberak. Koplarien kantarik ere ez zen faltatu (AAKG, 246-253), baina epai-mahaikoek ez zuten pentsatu sariren merezitzaile zirenik, eta hutsik utzi zuten.

Ez da, ordea, horrelakorik gertatuko 1873an, ezen "Hergaray" ezizenez Gratien Ademak bidalirik bi alegia, hauetariko bati eman zioten, aho batez Intxauspe eta Duvoisinek. Irabazlea Bildotxa eta otsoa izenekoa gertatu zen. Alegiek tradizio luzea izan dute mendebalde eta ekialdeko literaturetan, greziar eta latindarren artean, Fedro eta Esoporekin hasi, La Fontaine frantsesarekin jarraiki, hala nola Samaniego eta Iriarte espainolekin, eta hauen jarraitzailetzat kontsidera ditzakegun, besteak beste, honako euskal alegilariekin: Bizenta Mogel (1804), Juan Antonio Mogel (ed. 1995), Agustin Iturriaga (1842), Jean Baptiste Archu (1852), Martin Goyetche (1852), Jules Moulier "Oxobi" (1926)...

Lehen aldiz, 1874ean hegoaldeko bati emango zaio saria. Kontutan eduki behar da Espainian bigarren karlistadako gerra (1872-76) bizi-bizian zegoela, eta Abbadiaren sinpatiak Karlosen zaleekiko nabarmenak. Aita Aranak bidalitakoa zen, eta jakina da jesuita honek Abbadia eta Bonapartekiko izan zituen harreman onak. Abbadiari euskaraz eta frantsesez idazten zion argitaratzen ziren euskal lanen berri emanez, eta hark estimu handitan zeukan.

Kantak argitaratzeko lanak izan zituen egoera zela eta, Intxauspek zioenez Abbadiari, Prefetak ez baitzuen baimenik emango. Ez zetozen kasu honetan elkarrekin Duvoisin eta Intxauspe, halere plazaratu zen Biscaitarra ezizenaren pean.

1875ean poesia ez ezik prosa lanak ere onar zitezkeela aurreko urtean bezalaxe, dio Abbadiak Intxausperi igorri gutun batean (1875-VI-20), iragarkian espreski hori ager dadin aginduz. Goyetche irten zen 1875. urtean lehen sariaren irabazle Ezkila kantarekin, eta Celhaito bigarrenaren, Ondikozko saria izenekoaz. Ez zen, beraz, besterik ezean gorde zuten Agustin Etcheverryren Kattalin izeneko poema sariturik gelditu.

Don Karlosen hondamendia 1876an guztiz erabatekoa izan zen, horrela bera eta bere jarraitzaileek muga iragan zuten ihesi alfonsistak atzetik zituztela tiroka.

Bada urte honetan ere literatur aldetik berrikuntzarik, eta hau, esan bezala, prosaren lantzearena da. 1876an ez zen saririk eman, epai-mahaikoek bat zetozen arren Piarres Uxaleguy ezizenez ezkutaturik zegoen Gratien Ademaren Biba Republika! kanta irrigarri eta zirikatzailea zela hoberena, baina bertso politikorik ez komeni antza, oraingoan.

Iholdiko apez Berho jaunari Abbadiak idatzitako gutun batean aitortzen zion sariak sortzerakoan herri ezberdinetan ematea izan zela bere asmoa, eskatuz gero, baina Sarakoa izan zela ardura hartu zuen herri bakarra. Baina badirudi gehiegizko iruditu zitzaiela iholditarrei ohorea eta Donapaleuko auzapeza zen Baratxartengana zuzendu zen Abbadia eta honek onartu egin zuen erronka. Beraz, Lapurditik Behe Nafarrora iragan ziren Koplarien Guduak 1877an.

Urte honetako irabazlea Martin Arrupe (Urruña 1823- ?) izan zen Xori kaiolatik ihes goan dena kantaz. Aipamena 1212. garaitzapena euskaldunakin Nabasen, Gipuzkoarra delako batek idatziari eman zitzaion. Honen egilea Abbadiaren lagun jesuita Jose Ignazio Arana zen.

Donapaleuko adibidea ikusirik, Beguieux Mauleko alkatea besten fama bereganatu nahirik izanen da, eta prest dagoela ere Zuberoako hiri nagusian antolatzeko idatziko dio Abbadiari [BNF, naf., 21746, f. 268]. Berdin Donapaleuko alkate berria den G. Diriart prest egonen da berritzeko besta, baina Sarakoa Goyetche auzapeza izanen da 1878an hautatua. Honek adierazten dio Abbadiari, nola behin esan zion, urte batean Frantzian eta hurrengoan Espainian emateko asmoa zeukan. Nola bestara inguratzen den jende arrotzetik erdia espainolak diren, antola daitezkeela pilota partidak frantses eta espainolen artean, hala nola poesia, behi eta bigen nor gehiagokara, horrela bilatzen den nazionalitate izpiritua erdietsiz [BNF., naf., 21748, f. 122].

Saran ospaturiko 1878ko bestetan ere ez zen lehen saririk eman, eta bigarrena Joanes Oxalde bidarraitarraren Khilo-egilearen kantuak, Kaiolako xoriak alegera dira airean kantatzekoa zenari eman zitzaion, parte hartu zuelarik ere Pierre Ibarrartek Xinaurria eta xoria alegiaz [AAKG, 277, 284].

Aipatu dugun gogo izpirituari jarraikiz, 1879an lehen aldiz Abbadiaren bestak Auñamendietako bestaldean ospatuko dira, Elizondon, hain zuzen. Bertan Duvoisin Arturo Campionen aholkulari bezala agertzen zaigu. Maiatzaren lehenean igorri gutunean kapitainak adierazten dio ia hogeita hamar urteren esperientzia baduela horrelako jaialdietan eta ikasi duela hobe dela poetari gai librean jarduten uztea, jenero ezberdinak orekaz epaitzeko zailtasunak, teori mailakoak, praktikan beti nabarmen ageri denez zein den hoberena.

Bi sari emango ziren, dena den, bata Abbadiak gai librean aritutako kantari, makila eta 80 pezetako saria eta bestea, 125 pesetakoa, Asociación Euskara delakoak Euskaldunen gaucic maiteena gaiaren inguruan hobekien idatziko zuenari [Revista Euskara, II, Pamplona, 1879, 21.].

Felipe Arrese Beitia izan zen lehen sariaren irabazlea, Ama Euskeriari Azken Agurrak poemarekin, eta bigarrena Ramon Artolari eman zitzaion Altabizkarko Kantua moldatzeagatik. Prosa lanen artean ohorezko aipamena Lamiaren kantua-k jaso zuen Iputza-k, hots, Klaudio Otaegik. Leienda hau Antonio Truebak idatzitako beste baten moldaketa zen, eta Revista Euskara-n argitaratu zen.

Abbadiak gaztelaniaz Arrese Beitiari igorri gutun batean esaten dio, bere lanak merezi zuela lehen saria baina esplikatuko ziotela zergatik ez zioten ematen, ordez, berak emango ziola ehun peseta balio zuen urrezko ontza joaten bazitzaion bisitan, eta bide batez margoak eta eskulturak ikusteko parada izanen zuela [BNF, naf., 21746, f. 332]. Horrela bada makila eta urrezko ontza Ramon Artolari (Tolosa, 1831 - Donostia, 1906) eman zitzaion.

Beraz, 1879tik aurrera hasiko dira hiri eta herri ezberdinetan Lore Jokoak antolatzen. Adibidez, 1880an Begoñan, Beran, Donostian eta Maulen moldatu ziren. Abbadiak erein haziak euskal lurralde ezberdinetan indarra hartua zuen jada. Euskal Literatura Pizkunde Aroan sartua zen, hots, 1876tik 1936ra, bigarren karlistadaren amaieratik gerra zibilaren hasierara doan epean.

Ikusi da nola Iruñean 1878an sortu zuen Arturo Campionek Revista Euskara delakoa, Asociación éuskara de Navarra sortua eta fac-similez Lola Valverdek berreditatua [1996]. Halaber, Fermin Herran idazleak Gasteizen bizi laburreko (1878-80) Revista de las provincias éuskaras sortu zuen helburua politiko-literarioarekin.

Donostian, aldiz, Jose Manterolak 1880an bizi luzeagoa ukan zuen Euskal Erria, Revista Vascongada sortu zuen eta errebista honetan esku hartu zuten hala liberalek nola karlistek izpiritu zabal eta ideki batez, Donostiako hiriari zegokion eran. Ez dago inolako dudarik, noski, Abbadia bibliofilo eta euskalzaleak bozkarioz beterik hartu zuela Manterolaren errebistaren lehen alea eta berehala bidali ziola abonamendua. Aldizkari euskaltzale hauen artean sar dezakegu ere urte batzuk geroxeago, Bilbon Vicente de Aranak sortu Revista de Vizcaya (1885-89).

1880an Mauleko festen egitaraua Donapaleukoaren antzekoa zedila eskatzen zion Abbadiak bertako alkateari, eta prest zegoela gainera, ehun libera gehiago eranstera, bana zitezen pastoralaren errejenta eta jokalarien artean, hala nola beste laurogei libera burdin jaurtikitzaile hoberenen artean [BNF, naf., 21746]. Begieux auzapezak, ordea, pilota partida ondoren oholtegia altxatzea ezinezkoa zela pastorala jokatzeko eta ez zuen Abbadiaren nahi osoa bete. Dena den, lehen aldiz, Poesiaren Bestak bere arbasoen lurrean, Zuberoan jokatzen ikusi ahal izan zuen Abbadiak.

188lean berriro muga iraganen dute Bestek baina oraingoan ez dira izango Nafarroan, Gipuzkoan baizik, eta Irunen, hain zuzen [Loidi, 1983]. Abbadiak Genaro Echeandia, Irungo alkateari euskal bestak antolatzeko baimena eskatu zion gaztelaniaz idatzitako gutun batean, eta honek frantsesez erantzun baiezkoa emanez eta ohorea eskertuz. Jai ospetsuak izan ziren Irungoak. Pilota partidaz aparte, Bidasoan treineru estropadak ere antolatu ziren Azken Portutik Faisanen Uharteraino, andereen laisterka norlehenkak, eta beste.

Hamazazpi lan aurkeztu ziren Euskal poesiaren sarira, eta hala 80 pesetak nola makila (ohi bezala Laborde Noguez jaunak eskainia) Biktoriano Iraolari eman zitzaizkion Lore Igartua poemagatik. Asociación Euskarak eskaini urrez gainztaturiko domina Antonio Arzakek jaso zuen Iltzen bazaigu Ama Euskera Euskaldunak illak gera poemagatik; eta ohorezko aipamena eta diploma Felipe Arrese Beitiak Jaungoikua eta fueroak lanagatik.

Euskal Herriaren Batasuna gaitzat hartzen zuen poema hoberenarentzat ere bazen saririk eta honen irabazlea Klaudio Otaegi gertatu zen, eta Elkar gaitezen denak napar Euskaldunok poemak zilarrezko domina merezi izan zuen. Halaber, Felipe Arrese Beitiaren Danok bat, eta Ramon Artolaren Euskal-erriaren elkartia poemek ohorezko aipamenak eta diplomak.

Hala bada, Saran ospatu ziren berriro 1882an koplarien guduak, eta, gaia librea zelarik, Piarres Ibarrartek eraman zuen urrezko ontza Ikhazkin mendian kantarekin.

Bizkaian Abbadiak lehen aldiz 1883an antolatu zituen, eta politikaz salatuak izan ez zitezen jai hauek, ez ziren Gernikan antolatu Markinan baizik. El Noticiero Bilbaino, Euskal Erria eta Revista Euskara aldizkariek parte eman zuten xeheki bertan gertatuez. Sari anitz banatu ziren gainera, hemezortzi sari orotara. Literatur arloan, Karmelo Etxegarai (Azpeitia, 1865 - Gernika, 1925), izan zen irabazlea, Zertako poemarekin, eta urrezko arrosa bat eman zitzaion Felipe Arrese Beitiari Jaungoikoaren probidentzia titulu bezala zeramatzaten bertsoengatik. Bertsolarien artean Pedro Elizegi "Pello errota" asteasuarra eta Peru Markina-Etxeberrikoa gertatu ziren sarituak.

Biografien artean Mazarredo jeneralari Klaudio Otaegik eskainitakoak ere saria jaso zuen. Halaber Joakin Larreta tolosarrak aurkeztu zuen ipuin bat, Mozolua noiz ezkero dan ontza titulupean. Baditu honek beste hitz lauzko lantxo zenbait sarituak izan zirenak: Alonsotegiko zubiya, Miluzeko zubiya eta irakurgai bat Ernion euskaldun eta erromatarren arteko borrokez [A.Toledo, 1990].

Erromantizismo berantiar baten eraginez modan zegoen, beraz, bai prosaz bai bertsoz erromatarren eta euskaldunen arteko borroka balizkoak.

Badirudi Gasteiztik José Cola y Goiti gazetari eta arkeologo ospetsuak Abbadiari igorri gutunaren arabera 1884ko Koplarien Guduak Llaudion emanen zirela, baina azkenean Saran ospatu ziren berriro. Piarres Ibarrart izan zen saritua, Uso saretan atzemana kantua.

Hurrengo urtean ere, hau da, 1885ean, Abbadiaren jokoak lekuz aldatzeko asmoek potto egin zuten, ezen Etxarriko herria baitzeukan begiz jota, baina Zipriano Jauregi alkateak kolera gaitza zela eta ezinezkoa adierazi zion. Eta ohi bezala Saran ospatu ziren, baina ez zen saririk eman, ezen Duvoisinek zioenez emaitza pobrea izan zen bai kantitatez eta bai kalitatez, Agustin Etcheverryren Maria Alegiazkoa kanta, sentimenduz betea izan arren eta hoberentsuena, ez zela saririk jasotzeko gai.

Urnieta izan zen 1886ko Lore Jokoen kokalekua. Herriko udalaren izenean Juan Bautista Ichaso-Asu alkateak sinatzen zuen Azaldea edo oinarriak Euskal Festak ederrak izan ziren, bertara Abbadie Duvoisinekin iritsi zen irailaren 28an, eta Euskal Erria errebistako zuzendari zen Arzak jaunak lagundu zituen Donostiatik Urnietaraino. Sari irabazlea, hau da, makila eta ontzurrea irabazi zituena Karmelo Etxegarairen Menditar baten kantua izan zen.

Arzak Abbadiaren andereari egin frantses solasaz, antzeztu Marzelino Soroaren Barrenen arra, eta Anton Kaiku komediatxoez, -hasia zen jadanik euskal teatro berriaren aroa [Urkizu 2009]- Pello Errota, Udarregi, Juan Jose Elizegi eta Juan Jose Ugalderen saioaz, hala nola beste ospakizunez mintzatu zen Euskal Erria eta frantsesez ere Paul Labrouchek[1886] eman zuen jaialdien berri.

Azkainen ospatu ziren 1887ko Poesia Bestak, eta bertan Jose Artolaren Erbi inudea eta katua "ipuiak" edo alegiako bertsoek merezi izan zuten saria. Ohorezko aipamena Gratien Ademaren Beharra eta Ahala kantari eman zitzaion.

Nafarroako Auritz herria begiz jo zuen 1888rako Abbadiak, baina bertako alkate Miguel Maria de Massok gonbiteari erantzun zionez [BNF, naf., 21748, f. 124.], ez zen momenturik egokiena horretarako eta, beraz, Kanbon ospatu ziren. Duvoisinen ustez ez zen aurkeztu saririk merezi zuen poemarik eta eman gabe, hutsik gelditu zen saria.

Ibarrart, Lasteyric, Irissarry eta Marianne Hargain izan ziren bertsolariak. Hirurek eskatzen zioten Marianneri ezkontza baia, eta honen erantzun ziridunek badirudi entzulego osoa xarmatu zutela. Ez zen faltatu ere hitz lauzko testurik. Adibidez, Markos Latasa donostiarrak idatzi Hendaiako Monsieur Pelloten abotik nik aditutako historia farragarria eta Laurent Diharassarryk idatzitako Lilluratua (Eskual-herriko gazteriari, benetan testu ederra baina tamalez ez zena orijinala, Intxauspek zioenez [BNF, naf., 21748, f. 44].

Donezteben ospatu ziren 1889koak, Narbarteko apeza zen Jose Maria Lakoizketa botanista izan zuelarik bitartekari. Wenceslao Zubiburu, bertako alkateak pozik hartu zuen gonbitea. Klaudio Otaegik irabazi zuen lehen saria Amerikatik izeneko kantarekin, eta ohorezko aipamena Ramon Artolak Eguzkiyaren sarrera-kin.

Maule izan zen berriro, 1890ean Koplarien Guduen kokaleku. Bertan parte hartu zuten hego eta iparreko poeta eta koblariek: Irabazlea Felipe Casal, -zein bere anaia Pablo Casal eta arreba Maria Casalekin Euskaldun-Fedea donostiar antzeztaldeko partaide ziren -, bere Gure euskara maita dezagun izeneko poemagatik.

1891ean Bizkaiko Iurreta herrian ospatu zen EUSKAL JAI-ALDIA. Julian Unamunzaga, bertako alkateak sinatzen zuen egitaraua.

Badirudi arauak zehatzago zirela oraingoan, ezen bertsoak alde batetik zihoazen eta egile izenak gutun baten barnean estalirik eta bigarren egunean, irailaren 30ean epai-mahaiak, "urratuco dira eguillen izenac gorderic dagozan carta estalguiac", hots, jakinaraziko zuen nor zen garailea. Hau Frantzisko Lopez Alen donostiarra gertatu zen bere Duvoisin jaunaren oroimengarriari tituluko poemagatik. Hil berria zen, beraz, Jean Pierre Duvoisin (Ainhoa, 1810 - Ziburu, 1891), Bibliaren euskal itzultzailea, Laborantzako liburua (1858) euskeraz idatzi libururik ederrenetakotzat eman izan denaren egilea, eta Koplarien Guduetan hasieratik hil arteraino Abbadiaren zutaberik nagusiena.

Gutxienez hamasei lan aurkeztu ziren Iurretako poesia sarira, bizkaitar, gipuzkoar, lapurtar eta basanafartarren artean. Baina, 1879az geroztik Donostiako eskola nabarmentzen hasia zen eta esan bezala oraingoan ere Frantzisko Lopez Alen donostiarrak irabazi zuen.

Hurrengo urtean festa handiak izan ziren, hots, 1892an Donibane Lohizunen ospaturikoak.

Eskualduna aldizkariko "Euskaldun Bestak" titulupean [1892-VIII-26]. Donibanen bildu guztiei Abbadiak eginiko solasaren zati bat badakar ere Eskualdunak, zeinen laburpena honelakoxe izan zen, beti, ohi bezala Afrikako bere bidaia oroituz eta Zazpiak bat! aldarrikatuz.

Charles Petit-ek, Abbadiari ohorezko makila emateko agindua zeukanak ere bere hitzalditxoa izan zuen, eta beste zenbait hitzen artean honela bukatu zuen bere solasa: ""Zazpiak bat" des Pyrénées à l'Adour! "Zazpiak bat" des Pyrénées à l'Océan". "Zazpiak bat" etorkizun handiko oihua izan zen. Alde batetik, jada Iurretako jokoetan Felipe Casalek soneto akrostiko bat aurkeztu zuen ZAZPIAK BETI BAT deiarekin. Dena den, koplarien gudu honetan irabazle Biktoriano Iraola gelditu zen, Gaisuak, izeneko poemaz. Eta Zuberoako jokalariek jokatu zuten pastorala, Heguiaphal Xohütako errejentak zuzendutako Abraham izan zen.

Azpeitian antolatu ziren 1893ko Euskal Festak, irailaren 3, 4 eta 5ean. Prestakuntzan Juan de Anton alkateak eta Agustin de Jauregi apezak parte hartu zuten besteen artean.

Zestoa herrian zezenketetara jende gehiegixko inguratzen zela eta hautatu zuen San Inazioren jaioterria. Oraingoan epai-mahaiko Gratien Adema eta Basilio Joannategi beneditarra izan ziren. Poesia gaia librea zen eta irabazlea berriro Frantzisko Lopez Alen gertatu zen Ama baten otsa seaskaren ondoan poemarekin, bigarren saria Felipe Casali bere Ama euskara eta bere umiak lanagatik. Bertsolaririk ere ez zen faltan izan eta parte hartzaileen artean Pello Errota, Joxe Bernardo eta Juan Joxe Alkain aritu ziren. Ademak "Zalduby" ezizenez Azpeitiara aurkeztu kantak geroan arrakasta handia ukanen zuen, guziek zazpi bilakaturik.

Donibane Garazin lehen aldiz 1894ean moldatu ziren, eta bere zahartzaroan egon arren oraindik beti bezain eragile itsasoaz bestaldeko euskaldunei deia egin zien Abbadiak parte har zezaten heien bertsoekin.

Gaia Iraultza frantsesaren garaian Madalen Larralde saratarrak pairatu zuen heriotza zen. lan mordoxka aurkeztu arren ez ziren izan lanak epai-mahaiaren gogoa asetzeko lain eta hutsik gelditu zen eta hurrengo urterako gai bera hautatzen zuela zioen Abbadiak Haristoy Ziburuko apaizari idatzi gutunean. Beraz, zuzendu beharra dago eman ohi den albistea, zeinetan esaten den Baigurako bi-Artzain delakoak, hots, Laurent Diharassarry, Ortzaizeko apeza eta Daguerre Irisarrikoa izan zirela lehen sariaren irabazle.

Abbadia, noski, urte horretan, hots, 1894ean Donibane Lohizuneko udalak antolatu zituen festetan parte hartu zuen, egitarauak zioen bezala, Serbiako erregina Nathalie-rekin batera. Poetentzat gaia hau zen: Euskal-herria, bere usaia eta libertade zaharrak. Lehen sariaren irabazleak ezezagunak gertatu ziren Bi Eskualdun bezala zinatzen baitzuten, baina aipamenik izan zuten bai Bonifazio Etxegaraik, bai Piarres Ibarrartek, bai eta Joanes Oxaldek. Aymonen lau semeak izeneko pastorala ere jokatu zutelarik zuberotar antzezlariek.

Euskal-festak Beran 1895ean abuztuaren 3, 4 eta 5ean antolatu ziren. Tamalez, urte horretan ere, makina bat koplari eta bertso aurkeztu zen arren (Duhaldebehere, Mariana Hargain, Piarres Ibarrart, Frantzisko Santisteban, Pedro Mari Otaño....) ez zen saririk eman.

Eta 1896an, hirugarren aldiz Mauleko bestetan poesia gaitzat Madalen Larralde ukan zuten olerkariek. Lehen saria Laurent Diharasarry Ortzaizeko erretorearentzat, bigarrena Felipe Arrese Beitia Otxandianokoarentzat eta hirugarrena Frantzisko Lopez Alen donostiarrarentzat izan ziren.

Anton Abbadia 1897ko martxoaren 19an hil zen Parisen, Imad Ahmad XVI. mendeko konkistatzailearen istoria kontatzen duen Futhuh el-Habach eskuizkribua arabetik frantsesera itzultzen ari zelarik. Baionako Le Courrier-ek eman zuen albistea (1897-III-23), esanez Euskal Herriak bere semerik jakintsuen eta famatuenetarikoa galdu berri zuela eta bere gorpua Hendaiako bere Abbadia jauregian hobiratu behar zutela.

Anton Abbadiaren alarguna Virginie Vincent de Saint Bonnet anderearen zuzendaritzapean, honek bere senarraren gogoari jarraiki nahi izan baitzion, Bizkaiko Billaron ospatu ziren Irailaren 8an, eta bertan izan ziren festen berri eman zuten bai Donostiako Euskal Erria (1897: 149, 266) bai Bilbon Azkuek sorturiko Euskalzale 1897-I, 289. aldizkariak. Hemezortzi lan aurkeztu ziren eta lehen saria Frantzisko Lopez Aleni eman zitzaion Oroitz bat Antoine Abbadie-ren obian poemagatik.