Jaialdiak-Ekimenak

Anton Abbadia eta Lore Jokoak

Guilbeau jaunak, Donibane Lohizuneko alkate zenak eta bere adiskideek (Julien Vinson, Wentorth Webster, D'Abartiague...) Association Labourdin delakoa eratu eta beste lore joko alternatiboak antolatu zituzten. Uztaritzen (1893), Hazparnen (1894), Ezpeletan (1895), Kanbon (1896) eta 1897an Sarako Herriko etxean, areto nagusian beren Lore-Jokoak ere moldatu zituzten eta sariak banatu.

Berriki Jean-Louis Davantek [2010] dioskun bezala, XIX. mendeko bigarren partean Anton Abbadiaren eraginez hamaika gai (emigrazioa, laborantza, emazte edalea, herriko besta, euskaldunak, euskaldunen gauzik maiteena, Euskal

Herriaren batasuna, Euskal Herriko historia, Madalena Larralde....) eta hauei buruzko hamaika gogoeta berezi aurkeztu zituzten gizarte maila, kultura eta herrialde ezberdineko koplariek bertso eta poesia moldez.

Hala Etchahunen eta Oxalderen eskolakoak, nola Donostiako eskola berrikoak...denen artean osatzen dutelarik ohiko historietan ageri ez diren herri xumearen pentsamoldearen adierazpen biziak. Jean Haritschelharrek aurkeztu kantuei buruzko azterketa ideologikoa egiterakoan [1998] azpimarratzen dizkigu zeintzuk izan ziren XIX.mendeko bigarren partean zutabe nagusiak eta kezka nabarmenenak: Euskaldun Fededun bikotearen iraupena, baserritar giroaren laudorioa, etxearen garrantzia, herri mina, gerrak, euskararen galtzearen kontzientzia...

Orotara hirurogeibat bertsogilek bostehundik gora kanta eta poema sortu zituzten berrogeita hamazazpi aide ezberdin gutxienez eta ehundik goragoko bertsomolde ezberdinetan, irudi zenbatuezin, metafora xarmant eta zoragarri, hizkuntza jator, aberats eta ederrean emanak, euskalkien xehetasunak eskaintzen eta gordetzen dizkigutenak. Euskal kantari modernoentzat ere harrobi eta inspirazio iturri ezinbestekoa.

Erromantizismoaren eraginez humus, legami eta altxagarri berri gisara balio izan zuten eta halaxe Lore-jokoekin eta literatura sari ezberdinekin XX. mendean jarraikiz euskal literaturaren pizkunde eta bilakaerarako balio izan zuten.