Literatoak

Harriet, Bernard Maurice

Bernard Maurice Harriet 1814ko irailean jaio zen Haltsun (Lapurdi). 1904an hil zen, laurogeita hamar urte zituela.

Lehenengo ikasketak Lapurdin bertan egin zituen, Larresoron, eta handik Gipuzkoako Pasaiara joan zen gero. 1842an apaiztu aurretik, bestalde, Parisko Saint Suplice-ko apaiztegiko ikasle izan zen. Gazte zelarik, irakasle-lanak egin zituen Larresoron eta Baionako seminarioan. 1855ean, azkenik, Madrilgo frantsesen San Luis erietxe eta eskolako buru izendatu zuten (Aizkibel ezagutu zuen han), eta bertan hogeita hiru urte igaro zituen, harik eta osasun-arazoak zirela eta sorterrira itzuli zen arte. Madrilen zegoenean, bertan bizi ziren Hego Euskal Herriko euskaldunak ezagutzeko aukera izan zuen, eta badirudi espainiar hiriburuan sortutako adiskidetasun-harremanak baliatu zituela, bide batez, Hego Euskal Herriko euskara eta euskalkiak ezagutzeko.

1855 hartan bertan Haraneder-en Testamendu Berriaren itzulpena argitaratu zuen Harrietek, moldaturik. Antza denez, hil aurreko azken hogeita hamar urteak hiztegi bat egiten igaro zituela. Euskal kulturaren inguruko hainbat ekimenetan hartu zuen parte laguntzaile gisa. 1873an Antoine Abbadiak Lore Jokoak antolatu nahi izan zituenean, esate baterako, Maurice Harriet izan zuen laguntzaile goren.