Kontzeptua

Zamakolada

Batzar Nagusietako ahalordeak beren herrietara itzuli ahala sistema militarrari buruzko berria hedatuz joan zen eta berrikuntzak harrera txarra izan zuen biztanleen artean. Proposaturiko sistema berriak foraltasuna errespeta zezakeen, baina ordutik aurrera soldaduak uniformez jantzita ibili beharko ziren. Haien antolaketa ere aldatu egin zen, izan ere, Bizkaiko tropen komandante bat jarriko zen lehen aldiz eta soldaduska nahiz alardeak arautu egin ziren. Horren aurrean, Zamacolaren arerioek, Bilboko burgesek, argudioak ikusi zituzten gainerako bizkaitarrak xaxatzeko errejidore berriaren aurka egiten zezaten. Gainera, erreforma koroari egindako emakida besterik ez zela esan zuten, koroak Abandoko portua garatzeko egitasmoa onartu zuelako. Eta litekeena da horren urrun ez ibiltzea.

Kontua zera da, Batzar Nagusietan onartutakoaren interpretazio partzial baten erruz (agian Zamacolaren arerioek baldintzatua), bizkaitarrek ulertu zutela ezkongabe guztiek errege-ejertzitoan sartzeko betebeharra zutela. Gainera, San Luis egunerako (abuztuak 25) mila eta bostehun bizkaitar beztitzeko uniformez betetako kaxak, haiek elikatzeko galleta-ogiak eta, lotuta, Bizkaitik kanpora erregearen zerbitzura eramateko sokak prest zirelako zurrumurrua hedatu zen.

Gorabeherak ostegunean, abuztuaren 16an hasi ziren, Begoña eta Abandoko elizateetan. Begoñan biztanleek hurrengo egunerako udal-asanblada bat deitzeko eskatu zioten Jose Nicolas de Batiz ordezkariari, Batzar Nagusietan plan militarrari buruz adostutakoaren berri eman zezan. Batiz Zamacolaren laguna zen eta planaren aldekoa. Horrenbestez, hasiera batean muzin egin zion herritarren eskaerari; azkenean, ordea, etsi egin behar izan zuen. Gorabehera horren ondotik, Begoñako bizilagunak Bilbora jaitsi ziren Zamacolaren, korregidorearen, Francisco Antonio de Aranguren kontsultariaren eta jarraitzaileen aurkako aldarriak oihukatuz. Hurrengo goizean Begoñako bizilagunek deitutako asanbladan plan militarraren kopia bat eskatu zioten Batizi. Hark ukatu egin zuen kopia hori ematea eta atxilotua izan zen. Horrenbestez, zepora eraman zuten elizateko beste ordezkariarekin batera. Begoñako bizilagunak erreformaren aurka azaldu ziren aho batez.

Haien helburu nagusia soldaduska egiteari zegokion neurria ekiditea zen, foru-ordenamenduaren aurkakoa zelakoan. Begoñako gertakariak berehala jakin ziren inguruetan eta Bilboko moilan.

Arratsaldean Begoñako asanbladako komisio bat jaitsi zen Bilbora korregidoreari plan militarraren kopia bat eskatzeko, modu horretan, azken Batzar Nagusietan onartutako aldaketak zehaztasunez jakingo zituzten. Pereirak eskatzen zuten kopia helarazi zien eta era baketsuan erretiratu ziren. Dena den, irakurri ostean bizilagunen asanbladak onartezintzat jo zuten plana. Hori zela eta, beste komisio bat (jendetsuagoa) bidali zuten Bilbora, agintariei plan militarraren aurka azal zitezela eta Abandon lekutzen zen jaurerriko arma-gordailuan zeuden eta Begoñari zegozkion fusilak hartzeko baimena eskatuz.

Diputazioak (Begoñako bizilagunek hartako lokalak hartu zituzten) onartu egin zituen eskaerak eta beste Batzar Nagusi batzuk ospatu artean plan militarra bertan behera geratzen zela azaldu zuten publikoki. Batzar Nagusiak hasiera batean abuztuaren 25erako deitu ziren, nahiz eta azkenik hilaren 22ra aurreratu ziren. Begoñako bizilagunak, beraz, Abandora abiatu ziren armen hartzera. Hori ikusirik, Diputazioko kideak Bilboko alkatearen etxera mugitu ziren, segurtasun bermea nahi baitzuten.