Kontzeptua

Zamakolada

Konbentzio-gerraren (1793-1795) ostean, Frantziako ejertzitoak Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba okupatu zituen. Hori, ziurrenik, lurralde horretako biztanleek (batez ere gipuzkoarren kasuan) Espainiako koroaren interesak defendatzeko zuten motibazio faltak ahalbidetuko zuen. Dena den, agerian geratu zen sistema militar foral tradizionalak (herri bakoitzean borrokatzeko adinean ziren gizonez osatutako milizia herrikoietan oinarritua), gerora Europa konkistatuko zuen Frantziako ejertzito modernoaren aurka lehiatuta, aurreko mendeetan izan zuen eraginkortasuna galdu zuela. Hori dela eta, Basileako bakea negoziatzean, Espainiako monarkiak Santo Domingo irlaren gaineko administrazioaren zati bat frantziarren eskuetan utzi behar izan zuen. Trukean, Frantziako tropak Pirinioez bestaldera itzuliko ziren.

Bizkaian gerrak izandako ondorio nabariena pilatutako zor handia izan zen, izan ere, Bizkaiko instituzioek aurre egin zieten gerrak sorrarazitako gastuei. Zor handi horren ordainketa banatzeko moduari buruzko eztabaidan agerian geratu zen oso iritzi ezberdinekoak zirela bilbotarrak eta gainerako bizkaitarrak. Desadostasun hori areagotu egin zen, nagusiki bi arrazoi zirela medio:

  • Oinarri ekonomiko arras ezberdinak: hiribilduan merkataritzaren garrantzia handiagoa nabarmentzen zelarik.
  • Lege-oinarri ezberdina. Bilbo fundatzeko forua erregearen emakida da. Jaurerriaren foru-antolamendu orokorra, berriz, ohiturazko kontua da.

Batzar Nagusietan erabaki behar zen zor hori nola banatu. Bertan, bilbotarrek (Bizkaiko populazioaren hamarrena baino gehiago ziren jadanik) ez zuten botoen %1a ere eskuratu. Abagune hori baliatu zuten arerioek beren irizpideak ezartzeko, bilbotarrekin inolako adostasunik bilatu gabe.

Jaurerrian nagusi zen elite horretako buruzagi nabarmenena Simon Bernardo de Zamacola izan zen azkenik. Hark, Bilborekin zegoen norgehiagokari jarraiki, hiribildu horretan, itsasadarraren beste aldean, orduan Abandoko elizatearen baitakoak ziren lurretan, portu berri bat garatzeko plan bat proposatu zuen 1801eko Batzar Nagusietan. Bere asmoa bete eta Batzar Nagusietan onartu egin zen proposamena, hala, itsas merkataritza jasoko zuen portuaren kudeaketa jaurerriko foru-instituzioen eskuetan geratuko zen Zamacolaren arabera. Zurrenik Bilboko etorkizuna suntsituko zuen egitasmo horren aurka azaldu ziren hiriko Udala, hiriko Eliza Kabildoa eta baita Kontsulatua ere, koroaren agintaritzaren aurrean apelazioa aurkeztu zutelarik.

Monarkia krisi sakonean zegoen eta bere interesak indartzeko abagunea ikusi zuen bizkaitarren arteko adostasunik eza baliatuta, izan ere, bi aldeek erregearen eta haren balidoa zen Manuel Godoyen atxikimendua bilatzen zuten, beren argudioak onartuak izan zitezen.

Koroa Zamacolak zuzendutako bandoaren alde egin zuen. Bando horretako pertsona ezagunenetakoa zen, era berean, jaurerriko korregidorea zen Luis Marcelino Pereira. Hala, 1801eko abenduaren 31n Abando garatzeko proposamena onartu zen eta 1803ko azaroaren 17an berretsi zen, bitarte horretan bilbotarrek hainbat helegite jarri bazituzten ere. Gainera, 1804ko uztailaren 1ean zera erabaki zen, portu berria, Bilboko Kontsulatuaren nahiari uko eginez, aipatu instituzioaren jurisdikziotik at izango zela.

1804ko uztailean egin ziren Batzar Nagusietan Zamacolaren bandoak bilbotarren aurka ukandako garaipena ospatu zen eta, horrenbestez, bere ospeak goia jo zuen. Diskurtsoa euskaraz eta gaztelaniaz irakurri zuen. Bertan koroarekiko kudeaketak iruzkindu zituen eta Bizkaiko sistema militar tradizionalaren aldaketa iragarri zuen. Bizkaiko interes orokorren alde egindako defentsagatik goraipatu zuten eta jaurerriko erregidore izendatu zuten.