Biografiak

Teodosio (edo Theodosio) de Goñi

Nafarroan elezahar horrek izandako arrakastak XVII. eta XVIII. mendeko giro barroko eta melodramatikoarekin ere badu zerikusia. Garai hartan santuen eta pertsonaia elizkoien bizitza asko argitaratu ziren. Orobat, ugariak izan ziren mirari faltsuen, mirariak egiten zituzten mojen edo iruzurtien egileak. Horri "Espainiako herri askotan, garai hartan, intzestuekiko eta haien ondoriozko zigorrekiko, beldurrarekin nahastuta, zegoen interesa" gaineratu behar zaio.

Teodosio

Baina gogoan izan behar da, era berean, beste faktore bat: leinuen interesak. Greziar eta erromatarren artean gertatzen zen moduan, erdi aroko leinu nobleko ordezkariek, naturaz gaindiko gertaerekin lotutako jatorria izan nahi zuten artean. Kontua ez zen, garai klasikoan bezala, jainko, erdi-jainko edo heroien ondorengotza zuzena bilatzea. Erdi aroko gizakiek artean interesgarritzat zuten haien leinua gertakari mirarizko edo fantasiazko baten protagonista izan zen gizon batengandik zetorrela pentsatzea. Hori izango litzateke Goñiko zaldunaren kasua. Egindako bekatuaren gainetik, herensuge baten erasoari egin baitzion aurre eta, horrez gain, San Miguel Aralarkoan dagoen santutegiaren sortzaile izan baitzen.

Tenplu hori, Leireko eta, beranduago, Orreagako santutegiak bezalaxe, oso kuttuna izan zuten Nafarroako lehen erregeek. Haien ustez San Miguel altueratakoa (Europan antzina gurtzen zena, Zeruaren eta Lurraren bitartekari ziren Hermes edo Mercurio jainko klasikoekin antzekotasuna ikusten baitzioten) santu mairu-hiltzaile baten parekoa zen. Kontuan izaten badugu Mendebaldeko Pirinioetako mendialde sakratu horietan sortu zirela Errekonkista izenekoaren lehen urteetan Islamari aurre egin zioten lehen buruzagitza kristauak, ez da harritzekoa santu herensuge-hiltzaile horren (herensugea gaizkiaren irudia izaki) eta Nafarroako Pirinioetako zenbait haranetan jaio eta ondoren Done Jakue bidearen bidez garatutako erreinuaren hastapenaren arteko lotura sinbolikoa.

Goñiko zaldunaren mitora itzuliz, bitxiena, apika, zera da, elezahar genealogiko batek, hasiera batean leinu konkretu batekin lotzen zenak, nola hartzen duen halako indar orokorra Nafarroan. XIV. eta XV. mendeetan zaldunen literaturarekiko zaletasuna zegoen. Gainera, elizgizon eta fraideek jakintza ugari zuten pilatuta (horiek mantendu zituzten antzinako letrak, baita Pirinioetako malkarretan ere). Horrela uler daiteke elezahar hori XIX. mendera iritsi izana, Teodosio de Goñi "heroi nazional" bilakatzeraino.

Teodosio

Laburbilduz, Goñiko zaldunaren elezaharra goi erdi aro kristauan jadanik oso eratuta zegoen produktu bat da, zantzu klasikoak dituena, baina, era berean, leinuen interesetan oinarritzen dena (garaiko gustuaren arabera, bere jatorria aparteko gertaera batekin lotu nahi duen familia noble batek dituen interesak). Zenbait elizgizonen lan eta eraginari esker (frai Tomas de Burgui kasu), zaldunen elezahar hori XVII. eta XVIII. mendeetako Nafarroako elezahar elizkoien zakuan sartzen da. Ondoren, hainbat egile erromantikok zaku hori baliatu dutelarik, esate baterako, Francisco Navarro Villosladak (1879). Azken hori izan zen, Amaya izeneko eleberri historiko eta ospetsuan Goñiko zaldunaren pertsonaia berreratu eta ezagutarazi zuena. Modu horretan, Eudon eta Garcia Jimenezekin batera, Baskoniako tronua erdiesteko hiru hautagaietako bat izan zen.